Aurtengo Zipotz jaietako kontzertuak
OSTEGUNA, UZTAILAK 18
Howdy: 2012an Donostian sortutako musika talde bat da. Gaur egun, taldekideen formazioa irekia da, musikari ugariekin kolaboratzen eta parte hartzen baitute. Beraien helburu nagusia folk musika munduaren sustraien ikerketa egitea da. Egiten dituzten bertsioen errepertorioak genero ezberdinak ukitzen ditu, folk, country, bluegrass… Bill Monroe, Doc Watson edo Johhny Cash klasikoetatik hasi, eta O.C.M.S. edo The Tillers talde garaikideetaraino iristen dira. Gurean, berriz, esanahi berezia hartu du taldeak, Ubarroien bosgarren urteurreneko kanta osatu baitute.
Txemak: Talde hau sailkaezina dela esatea motz geratzen da, sailkaezinen artean sailkatuko baikenuke. Edozein forma eta estilori ihes egiten dion post-anal core (haien esanetan) musika jorratzen duen auzoko talde honek badu esperientzia. Tartean sona handiko musikariak daude, eta susmoa dugu, hain justu ere, beste talde eta proiektuetan garatu ezin dituzten ezinegonak honako proiektuarekin garatzen dituztela, gure gozamenerako.
Ta$aund Killer (Ta$aund System b2b Natural Killer):Proiektu berria dakar auzoko kolektibo honek. Iaz Ta$aun Systemeko lagunekin gozatu bagenuen, oraingoan DJ Natural Killerrekin indarrak batuta datoz, luzera joango den harremanean. Kalean sortu zen proiektua, eta betiko moduan auzotik eta auzoarentzat kaleak astintzen jarraitzeko asmoa dute. Techno lurrikara badator auzora!
OSTIRALA, UZTAILAK 19
Mihise: Eskarmentu handiko musikariek bat eginda osatutako taldea da hau, tartean auzoko lagunen bat ere bada. Pop-rockaren eremuetan mugitzen dira, eta haien izenak adierazten duen moduan goxotasuna hedatuko dute Katalunia plazan. Haien ibilbideari ofizialki hasiera emateko asmoa dute gurekin batera.
Inoren Ero Ni: 2003an Andoainen sortutako taldea dugu. Inoren ero ni taldearen kantuak oso landutako egiturak dituzte, non elementu bakoitzak rol kardinal bat betetzen baituen, eta soinua iparorratzaren erpina den. Elite zorrotzentzako musika, doako keinu samurrik gabea, jendetza eta olatuetatik urruti dagoena.
Rukula: Rukula talde Usurbildarrak giroa ederki asko berotzen du, jende guztia dantzan jarriz. Can´t Explain edo Desegin taldeetako jendearekin osatuta dago, eta musika instrumentala jorratzen dute. Funk, rock, stoner, metal…..estiloak maisuki nahasten dituzte; batukada puntua ere bada bere errepertorioan. Koktelera hori, zuzenean daukaten portaerarekin gehitzen da. Beraien energia erraztasun handiz transmititzeko gai baitira. Emanaldi motzak eskaintzen dituzte; apenas iristen dira 40 minutuetara.
LARUNBATA, UZTAILAK 20
Ziztada & Rlantz: 2017an sortutako reggae-dub taldea da hau. Estiloaren oinarrizko erroetara jotzen dute eta sound systemarekin haien baxuak erraietaraino sartzea lortzen dute. Piztu Bilbo dinamikan aritutakoak dira, ezagun egin zen proiektua MTVren kontrako dinamikaren kantan parte hartzeagatik. Haien kantak sarean daude entzungai modu librean, ezagutzen ez badituzu baduzu aukera jaiak baino lehen haien munduan murgiltzen hasteko.
La Chula Potra: Iruñeako rap kantari ezagun honek ezin zuen hutsik egin emakumeek egindako musika beltzari eskainitako gau honetan. Kaleko estiloa, letra zuzenak eta inolako konplexurik gabeak. Bere jarrerak jazarpena ekarri dio Nafarroako politikarien eta epaitegien aldetik. Guk behintzat ederki asko gozatuko dugu gure ekitaldiarekin, non umorea, musika eta aldarrikapena eskutik helduta joango diren.
Lilith selektah (Powered by BassAgain soinu sistema): Anoetar hauek reggaea eta drum’n’bassa dute oinarri. Sound Systemen kulturan sakonduz, Euskal Herrian geroz eta indartsuagoa den musika estilo hau hedatzen ari dira. Etengabeko jaia eta dantza, horixe da hauen proposamena.
IGANDEA, UZTAILAK 21
Ingo Al Deu?: Erromeria talde ezagun honek beste urte batez auzoa bisitatu, eta dantzan jarriko gaitu. Euskal musika eta kanta ezagunen bertsioak umorez euskaldunduak, horixe da hutsik ez egiteko formula, eta urterik urtera gogoz itxaroten duguna.