"Auzo taberna bat izateko jaio ginen, eta Groseko bizilagunek oso harrera ona egin ziguten hasieratik"
Topa jatetxeko Jordi Bross sukalde buruarekin elkartu gara, proiektu hau gertuagotik ezagutzeko asmoz. Duela bi urte ireki zituzten bertako ateak, eta auzoarekin zein jaiekin duten harremanari buruz galdetuko diogu, besteak beste.
Noiz etorri zineten Grosera?
Duela bi urte ireki genuen Topa Sukalderia, Agirre Miramon kalean, 2017ko otsailaren 23an, hain zuzen. Oso egun hunkigarria izan zen; ehunka bizilagun etorri ziren egun hartan, eta zorionez, gurekin jarraitzen dute oraindik ere.
Zergatik aukeratu zenuten Gros auzoa?
Proiektua garatzen hasi ginenetik, argi genuen Grosen kokatu nahi genuela. Topa Sukalderia auzo taberna bat izateko jaio da, hori izan da beti gure grina eta Grosek espiritu herrikoi eta gazte hori du.
Nola sortu zen zuen proiektua?
Andoni Luis Adurizek eta bere lantaldeak hainbat urtez Latinoamerikara egindako bidaietan sortu zen ideia, Atlantikoaren bestaldeko herrialdeetan euskal gizartearekin partekatutako historia horren zeinuak topatu baitzituzten. Izan ere, nahiz eta distantzia handia egon bi lurraldeen artean, elkarrengandik gertu gaude, denboran zehar produktuak, kultura eta folklorea partekatu baititugu.
Zergatik aukeratu zenuten Topa Sukalderia izena?
Topa Sukalderiak ezagutzera eman nahi du euskal herritarrak eta latinoamerikarrak elkartzen gaituen mende luzeetako historia. Lurralde bietako gastronomiek bat egiten duten puntua da: produktuak, zaporeak, errezetak, historiak eta ohiturak partekatzeko espazioa da; gozatzeko, deskubritzeko eta ondo pasatzeko gunea. Eta “Topa” hitzak primeran laburtzen zuen grina hori. TOPA: Euskaraz, gazteleraz eta guaraniz, TOPATU.
Zer moduz zaudete hemen? Bizilagunen harrera ona izan da?
Oso pozik. Esan bezala, auzo taberna bat izateko jaio ginen, eta Groseko bizilagunek oso harrera ona egin ziguten hasieratik; auzoaren parte sentitzen gara.
Zer eskaintzen diozue auzoari?
Gros auzo bizia da eta eskaintza zabala du. Guk eskaintza horri gure ekarpena egin nahi diogu, gure izaera eta proposamen bereziarekin.
Jaietan nola hartuko duzue parte?
Tortilla txapelketan jokoan dagoen sarietako bat gure tabernan afaltzeko bi pertsonentzako gonbidapena izango da. Gainera, txapelketako epaileetako bat izango naiz.