Dantzatzen duen auzoa ez da sekula hilko
Urtero bezala, ordenagailu aurrean jarri, eta nostalgiari apur bat tiraka hasi beharra dugu garai honetan, iazko kontzertuen inguruko artikulua idazteko orduan. Onartu behar dugu geroz eta gehiago kostatzen zaigula ariketa hori egitea, geroz eta zailago zaigu banan bana oroitzea Katalunia plazako taula gainetik pasatako taldeak; baliteke honen arrazoia adinak barkatzen ez duela izatea, edo baliteke sakonagoko arrazoia izatea, eta hasierako ilusioa apaldu izana.
Azken horrek kezkatzen gaitu gehien, kontzertuak antolatzeko zeregina ilusioz egin behar dela uste baitugu, baina are gehiago kezkatzen gaitu ikusteak gurean ere kontsumoan oinarritutako jaiak establezitzen ari direla, eta belaunaldi gazteenek urrun ikusten dutela jaien antolakuntzan zuzenean parte hartzeko aukera edo sarbidea. Dena dela, hona hemen gure deia (urtero bezala): Musika Lan Taldean parte hartu nahi duen orok ateak parez pare irekita dituzue, Jai Batzordeko kideekin harremanetan jartzea baino ez duzue.
Eta deia egiten dugu, oraindik ere, eta apaldu denaren sentsazioa badugu ere, ilusio handiz ekiten diogulako jaietako kontzertuen antolakuntzari. Iaz jendeak gozatu zuen egindako lanaren emaitzarekin, baita guk ere, eta ikusi genituen aurpegi alaiek adierazi ziguten oraindik ere barruko harra pizteko gai garela, eta jendeak musikarekin disfrutatzen duela.
Taldeek ere lagundu zuten horretan, guztiek jarri baitzuten bere aletxoa lau eguneko auzolan ariketa erraldoi honetan. Kaos Animal, A la Vuelta de la Esquina eta Trikuharrik ekin zioten lanari kaletik zuzenean taularatutako hip hop doinuekin, Urban 13 kolektiboko kide horiek argi utzi zuten zergatik duten merezia kolektibo horretan tokia. Dagoeneko bihotzak erritmo indartsuz kolpeka ari ziren, eta gerrietan flowa nabari zen, guztia prest Paparen Semeak, haien euskal rock berbenarekin, “betiko kantu” deituriko kantu ez hain zaharrekin plaza osoa kantatzen jartzeko.
Ostiral gaua, rap erritmoekin hasi genuen berriro ere La Furia eta bere taldearekin, bertaratutakoek gozatu ahal izan genuen, a ze indarra! Are gehiago Anita Parkerrek bere txanda hartu, eta bien arteko fusioa eman zenean indarkeria matxistaren kontrako kantu aldarrikatzailea jo zutenean. Rapa eta elektronika bat eginda zeudenean baina, Rock Kam Bromeko lagunek berriro ere argi utzi zuten, garai berrietan, inoiz baino eguneratuago daudela betiko heavy eta rock klasiko kantak. Onartu behar da ez zutela ezer berririk eskaini, baina nork nahi du ezer berririk eskaintzen duten hori gustuko badugu?
Larunbata, aldiz, gau eklektikoena izan zela esan dezakegu. Perlatak punk rock doinu zorrotzak taularatu zituen inolako konplexurik gabe, bertako gehienak aho bete hortz utzita. Audiencek aldiz, elegantzia izugarriarekin borobildu zuen bere emanaldia; eta euri zaparrada handia botatzen ari zela… Ta$aund Systemeko lagunek plaza saltoka eta euritan dantzan jarri zuten.
Aldarrikatzaileago, intimoago, gogorrago, xuabeago… modu askotara egiten eta entzuten da musika, baina Zipotz Jaietan (jai herrikoi guztietan bezala) gune askeen banda sonora izateko balio du. Horrek animatzen gaitu urtez urte kontzertuen antolakuntzan jarraitzera, eta hain juxtu ere, horregatik animatu nahi dugu jendea lanketa horretan aritzera.
Dantzatzen duen auzoa ez delako inoiz hilko!
Musika Lan Taldea