Dbusek Dbus Zero autobus elektriko berrien onurak eskainiko dizkie donostiarrei
Dbusek beste pauso bat eman du gaur, bere flota %100 jasangarria izan dadin. Alderdi Ederren egin du ekitaldia, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, helburutzat hartuta Dbus Zero autobus elektriko berrien onurak herritarrei hurbiltzea. Honako hauek izan dira ekitaldian: Eneko Goia, Hiriko alkatea; Olatz Yarza, Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzia; Igor Gonzalez, Dbuseko zuzendari gerentea; Tomas […]
Dbusek beste pauso bat eman du gaur, bere flota %100 jasangarria izan dadin. Alderdi Ederren egin du ekitaldia, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, helburutzat hartuta Dbus Zero autobus elektriko berrien onurak herritarrei hurbiltzea. Honako hauek izan dira ekitaldian: Eneko Goia, Hiriko alkatea; Olatz Yarza, Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzia; Igor Gonzalez, Dbuseko zuzendari gerentea; Tomas Merino, Man Truck & Bus Iberiako hiri ibilgailuen merkataritza arduraduna; eta Alvaro Sainz, Man Truck & Bus Iberiako autobusen elektromugikortasun arduraduna.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du “Donostia mugikortasunaren bidez eraldatzen ari dela eta eraldaketa horren une erabakigarrian dagoela, non garraio publikoa baita prozesu horretan eraldatuko den lehen gauza. Herritarren bizi kalitatea hobetzeko Udalak bere zerbitzuak hobetzearen alde egin du, eta, apustu horri esker, 5 urtean autobus flota %100 elektrikoa izango dugu, hau da, ingurumen kutsadura eta kutsadura akustiko txikiagoak izango ditugu, eta efizientzia handiagoa”.
Halaber, Goiak azaldu du “Dbusek bide garrantzitsua egin duela azken hamarkadetan, gaur egun dena izateko: hirian hobekien baloratutako zerbitzuetako bat, nazioartean onartua eta erabilera zifra inbidiagarriak dituena. Garrantzitsua da honaino ekarri gaituen eta etorkizun garbiago eta jasangarriago batera eramango gaituen bide horri balioa ematea. Hori da erakusketa honen motibazio nagusia”.
Dbusek 23 autobus %100 elektriko ditu une honetan, eta datozen asteetan 12 metroko 24 autobus berri flotan sartzea espero da. Horri esker, flotako autobusen %30 elektrikoak izango dira. Flotaren eraldaketa Bideberdearen parte da, hots, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, eraginkor eta isila bihurtzeko egindako apustua, 2030ean Dbuseko flota %100 jasangarria izan dadin.
Gainera, Bideberdea oraindik harago doa. Ez da garraio proiektua bakarrik, konpromiso soziala ere bada, bai eta Donostiako herritar guztientzat etorkizun hobe batera begira dagoen hiri proiektua ere, noiz eta Dbus bidaien datu historikoak erregistratzen ari den une honetan, urte hasieratik hona ia 23,5 milioi bidaia erregistratu baititu, hau da, pasa den urtean baino 1.282.052 bidaia gehiago. Beraz, Dbusentzat eta hiriarentzat une garrantzitsua da, mugikortasun eredua aldatzeko apustua baita, bere ingurumen inpaktua arindu eta ahalik eta gehien murrizten duena, eta erabiltzaileen esperientzia are gehiago hobetzen duena.
Autobus erakusketa, Alderdi Ederren
Autobus horiek herritarrengana hurbiltzeko eta dauzkaten onurak ezagutarazteko asmoz, irailaren 16an, eta 17an, 10:00etatik 18:00etara, bi autobus egongo dira ikusgai Alderdi Ederren: horietako bat Lion´s City 12E full electric modeloa izango da, hots, flotara gehitutako azken modeloa. Funtzionaltasun berritzaileenak dituen autobus %100 elektriko bat da, Donostiako garraio publikoaren historian mugarria. Horrekin batera, 2004ra arte Konpainiaren parte izan zen ibilgailu historiko bat ikusi ahal izango da: 318 autobusa, 80ko hamarkadako Mercedes markako modelo bat. Bi autobus horiek Konpainiak azken 139 urteetan izan duen bilakaera islatzen dute.
Autobus horiekin batera, 1886an sortu zenetik Konpainiak izan duen bilakaerari buruzko informazioa eskuratuko dute donostiarrek, bai eta flotak flota moderno eta jasangarri bihurtu arte izan duen eraldaketari buruzko informazioa ere. Informazio historiko horretaz gain, autobus elektriko berrien eta dauzkaten gailuen funtzionamendua, ibilgailu berritzaile horien fabrikazio prozesua, bateria elektrikoek nola funtzionatzen duten eta baterien ezaugarriak eta herritarrentzat dituzten abantailak eta onurak ezagutu ahal izango dituzte.
Herritarrengana hurbiltzeko ahalegin horren erakusle dugu, halaber, Dbuseko markesinetan, webgunean eta sare sozialetan eskuragarri dagoen kanpaina osagarria, garraio %100 elektrikoak dauzkan onurei buruzko informazio pilulak biltzen baititu. Era berean, nola Boulevard 9 (21, 28, B4 eta B9 lineak), Boulevard 13 (26 eta B2 lineak), Boulevard 15 (9, 29, 31 eta B3 lineak) eta Boulevard 17 (5, 25, B1 eta B8 lineak) geralekuek, hala autobus elektrikoek, binilo batzuk izango dituzte aurrerantzean lurrean, egiten ari garen bide berdea sinbolizatzeko (Bideberdea). Bestalde, herritarren lankidetza eta laguntza eskatzen duen bide honen barruan, datozen egunetan ere lore basatien haziekin perching bat egingo da hiriko hainbat lineatan dabiltzan Dbuseko autobus elektrikoetan.
Kotxetegietako instalazioak egokitzea eta BEI linea berria
Konpainia elektrifikazio proiektu integral batean dago sartuta. Proiektu horri esker, flota deskarbonizatu ahal izango da, 0 emisioko flota bihurtzeko. Horrek guztiak kotxetegietako instalazioak egokitzea dakar: tartean, hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena eta Dbuseko trafikoa mantentzeko eta kudeatzeko eremuen berrantolaketa; era horretan, trantsizio eraginkor eta jasangarri bat bermatuko da.
Eraldaketa hau Udaleko Ingurumen Sailak egindako Klima 2050 Planaren barruan kokatzen da, Klima Aldaketak planteatzen dituen erronkei eta horrek herritarren bizi kalitatean izan dezakeen inpaktuari erantzuteko. Era berean, etorkizunari begira jarrita, Dbus lanean ari da, 17-Gros-Amara-Miramon linean BEI (Bus Elektriko Adimenduna) sistema ezartzeko. Horixe izango da zerbitzuaren lehen linea erabat elektrikoa, eta ibilgailuetan eta geralekuetan funtzionaltasun berriak izango ditu.
Autobus elektriko berrien eta horien kargagailuen erosketa Next Generation Funtsek finantzatu dute, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren (MITMA) bidez. Inbertsioa 12.636.000 eurokoa da, eta dirulaguntza 4.800.000 eurokoa.