Garraio publikoa turismoaren mugikortasun oinarri gisa hartuta hizpide izan duen mahai inguru batean parte hartu du Dbusek
Turismo eta Mugikortasunari buruzko 1. Jardunaldiak egin dira, Madrilen, eta bertan parte hartu du Dbusek. Jardunaldietan garraioko eta turismoko adituak elkartu dira, mugikortasunaz gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko, mugikortasun eraginkorrak turismo jasangarriagoa, konektatuagoa eta irisgarriagoa nola bultzatzen duen ikusteko. Jardunaldiak Movusek eta Espainiako Turismoaren Mahaiak antolatu dituzte. Jardunaldian, Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak mahai inguru batean […]
Turismo eta Mugikortasunari buruzko 1. Jardunaldiak egin dira, Madrilen, eta bertan parte hartu du Dbusek. Jardunaldietan garraioko eta turismoko adituak elkartu dira, mugikortasunaz gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko, mugikortasun eraginkorrak turismo jasangarriagoa, konektatuagoa eta irisgarriagoa nola bultzatzen duen ikusteko. Jardunaldiak Movusek eta Espainiako Turismoaren Mahaiak antolatu dituzte.
Jardunaldian, Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak mahai inguru batean parte hartu du, Madrilgo EMTko, Bartzelonako Garraio Metropolitanoetako eta Madrilgo Metroko ordezkariekin batera. Mahai inguru horretan, Igor Gonzalezek garraio publikorako sarbide unibertsalaren alde egin du, erabiltzaileen esperientzia positiboa izateko eta oztopoak desagerrarazteko, garraio publikoa erabiltzea errazagoa izan dadin, eta egoiliar eta bisitarientzako zerbitzua hobea.
Dbusek sistema bat baino gehiago ditu ordainketarako, eta, horri esker, Donostian autobusa erabiltzen dutenei aukera ugari eskaintzen zaie ordainketa egiteko: batetik, MUGI garraio txartelak, Donostiako herritarrentzat edo eskualde mugakideetan bizi direnentzat; bestetik, BAT eta BARIK txartelak, Arabako eta Bizkaiko txartelak, hurrenez hurren; eta, beste sistema berritzaileago batzuk ere, hala nola kontakturik gabeko banku txartelekin eta gailu mugikorrekin ordaintzeko aukera edo Dbuseko aplikazio ofizialaren bitartez erosten diren QR kodeekin ordaintzeko aukera, eskudiruarekin ordaintzeko aukeraz gain. Ordainketa egiteko dauden askotariko moduei esker, autobusera arinago sartu ahal izango da, eta abiadura komertzial handiagoa mantendu. Horrek, halaber, autobusa garraio lehiakor eta eraginkorra izatea egingo du, eta turismoaren eta herritarren elkarbizitzaren arteko oreka zaintzen lagunduko du.
Flotaren elektrifikazioa ere beste erakargarritasun handi bat da hirian zehar mugitzeko. Ibilgailu jasangarriak eta isilak izango dira, eta bidaia esperientzia atseginagoa eta hiria bizigarriagoa izatea egiten dute. Dbus elektrifikazio proiektu integralean murgilduta dago, zeinarekin flota deskarbonizatu ahal izango den, 0 emisioko flota bihurtuta. Proiektuaren barruan sartzen dira hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena, autobus elektriko berrien sarrera eta Dbuseko trafikoaren mantentze eta gestio arloen berrantolaketa, horrela, trantsizio eraginkorra eta jasangarria bermatzeko.
Zerbitzuaren ezaugarri horiei esker, garraio publikoa, mugitzeko bitarteko ez ezik, hiriaren balioen erakusgarri ere bada, balio hauen erakusgarri, alegia: jasangarritasuna, berrikuntza eta zerbitzu publikoa.


