Manifestazioa “Donostia ez dago salgai”
Maiatzak 26 igandean, eguerdiko 12:00tan Easo plazatik abiatuko da. Ibilbidea: Easo Plaza, Easo kalea, San Martin, Urbieta, avenida, San Katalina zubia, Paseo kolon, Peña y Goñi, Kursaal, Zurriola, Bretxa, San juan, Fermin Calbeton, San Jeronimo, bulebarra. Manifestua: Hiriko hainbat auzo-elkartek eta gizarte-mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak adierazten du Donostiako egungo hiri-eredua gutxiengo baten onurara […]
Maiatzak 26 igandean, eguerdiko 12:00tan Easo plazatik abiatuko da.
Ibilbidea: Easo Plaza, Easo kalea, San Martin, Urbieta, avenida, San Katalina zubia, Paseo kolon, Peña y Goñi, Kursaal, Zurriola, Bretxa, San juan, Fermin Calbeton, San Jeronimo, bulebarra.
Manifestua:
Hiriko hainbat auzo-elkartek eta gizarte-mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak adierazten du Donostiako egungo hiri-eredua gutxiengo baten onurara bideratuta dagoela; gehiengoaren bizi-baldintzak baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan. Espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko Udal Gobernuaren erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira, hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean. Politika horien ondorioak gero eta larriagoak dira eta donostiar gehienek jasaten dituzte egunez egun. Gure hiria gero eta bizigaitzagoa da.
Ildo honetan, donostiarron beharrekin zerikusirik ez duten hainbat proiektu eta operazio urbanistiko bultzatzen eta inposatzen ari direla salatzen dugu, interes orokorrari eta herritarren ahotsari muzin eginda:
- Basque Culinary Centerren bigarren eraikina eraikitzen hastea, Manteo parkea suntsituta. Inposaketa autoritario horri gehitzen zaio udal lurzoruaren ondare garrantzitsu bat unibertsitate pribatu bati lagatzea.
- San Bartolome muinoan merkatal-gune erraldoia jartzeko proiektua, lurrazpiko 4 solairuko aparkalekuarekin.
- Eraikin historiko esanguratsu eta bereizgarri (Arte Ederren Antzokia, Atotxako Geltokia eta abar) babesik gabe uztea eta eraistea.
- Etxebizitza legean jasotako baldintzetan Donostia gune tentsionatu izendatzeko urratsik ez ematea. Funts putreak hiritik botatzeko neurririk ez hartzea.
- Etxebizitza berrien eraikuntza sustatzean alokairu sozialaren eskaintza legezko gutxienekoetara mugatzea eta etxebizitza espekulatiboari lehentasuna ematea.
- Etxebizitza-sustapen guztietan etxebizitza babestua sartzeko betebeharra sistematikoki ez betetzea eta Udalak dituen aprobetxamendu- edo eraikigarritasun-lagapenak diru bihurtzea.
- Hotelen irekieraren sustapen neurrigabea, Nobu hotelaren arau hausteekin Udalaren konplizitatea, Basquepackers (Arriola kalea) hostelaren irregulartasunen ikuskapen eza, Koisi (Heriz) hostelak bizilagunei eragindako arazoen betikotzea.
- Igeldon Xabi Alonsoren txaletaren kasuan trikimailu legalen bidez arauak hautsi dituen aldearekin Udala aktiboki lerrokatzea.
- Belartzako landa gunearen berreskurapena agindu duten epaiak ez betetzea eta eremu hori betirako suntsitzea dakarten on line merkataritzako multinazionalentzako makro-poligono logistikoaren eta hotel berriaren Belartza2 izeneko egitasmoaren sustapena.
- Añorga Txikin neurriz gaineko 250 etxebizitzaren eraikuntza, auzoan behar diren zerbitzuak eta azpiegiturak kontuan hartu gabe.
- Altzako Auditz-Akular inguruko muino eta ibarbide naturalak 3.000 etxebizitza baino gehiagotarako lurzoru urbanizagarri gisa mantentzea, garapen iraunkorreko irizpide guztien aurka jardunez, eta gizarte eta lurralde aldetik orekatua den hirigintzaren aurka.
- Otis multinazionalak Herreran dituen lurrak 400 etxebizitza baino gehiagotarako eremu urbanizagarri bihurtzeko asmoa, enpresaren interes ekonomiko hutsei erantzunez. Horrela, Altzako lanpostuen desertizazioa burura eraman eta auzoarentzako espazio librea lortzeko azken aukera galtzen da.
- Alokairu turistikoko pisuen erregulazio ez-eraginkorra eta ikuskapenik eza. Egungo araudiaren aurreko pisu turistikoen kopurua gainditzea eta eremu saturatuenak are gehiago saturatzea ahalbidetu duen arauan tematzea.
- Ostalaritzak eremu publikoa era zentzugabean okupatu eta pribatizatzea.
- Donostiako hirigintza berrantolatu behar duen Plan Orokor berria arrazoirik gabe atzeratzea.
- Metro-pasantearen proiektu zentzugabea bultzatzea, eta bide batez egitasmo horrek Dbus-en izango dituen ondorio kaltegarriak eta obrak eragin dituen diru-xahuketa, segurtasun-fallta eta espazio publikoari nahiz bizilagunei eragindako kalteak ezkutatzea.
- Emisio Gutxiko Eremua kilometro karratu txiki batera mugatzea, eremu turistikoan. Hiriko trafikoa erabat baldintzatzen duten lurpeko aparkalekuak murrizteko neurririk ez hartzea.
- Hirian hain urria den lurzoru naturala, berdeguneak eta zuhaitzak suntsitu eta artifizializatzea. Adibidez, sur-park proiektuak Antondegi inguruarentzat dakarren mehatxua.
- Zuhaitzen Plan Zuzentzailea egiteko gardentasun falta eta atzerapen ulertezina, ale osasuntsuak mozten diren bitartean. Azken-aurrekoa, Errondo pasealekuan.
- Hondakinen kudeaketa txarra, Donostiako hondakinen bereizketa-tasa Gipuzkoa osoko txarrena bihurtuz. Horri gehitu behar zaio Parte Zaharrean eta antzeko eremuetan sortutako kutsadura akustiko larria.
- Bizilagunen eskariei jaramonik ez egitea, kasu oso sinpleetan ere, hala nola Lugaritzeko Luis Villasante parkea urbanizatzea edo Zarautz hiribidea eta Matia Fundazioa lotzen dituzten bi igogailu publiko martxan jartzean, zortzi hilabetez funtzionamendutik kanpo egon baitira.
- Udalak kalean lo egin beharra duten pertsonentzat eta migratzaileentzat harrera egiteko baliabiderik ez jartzea eta La Sirena aterpetxea neguan ixtea.
- Donostia mordaza-hiri bihurtzea, eredu honen aurka gauden gizarte-sektoreen eskubide zibil eta politikoak urratuz.
Donostia Defendatuzentzat, jarduera horiek guztiak Udal Gobernuaren politika etengabearen erakusgarri dira. Alegia, ez dira arazo puntualak, hirian dugun arazo orokor eta endemiko baten ondorio eta adibide, baizik. Aurrekontu publikoa eta udal erakundeak interes ekonomiko partikularren alde jartzen dira sistematikoki, eta horrek erakusten du Donostia modu arriskutsu eta atzeraezinean saldu nahi dutela.
Herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde egiten dugu, eta ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari dena, asko baitugu jokoan.
Donostia ez dago salgai!
Atxikitako erakundeak:
- Altza XXI herri ekirnena
- Amara Bai auzo elkartea
- Áncora
- Añorga Txikitarrak auzo elkartea
- AA.VV. Lugaritzeko auzokideak
- Ba Gera
- Belartza 2 Gelditu
- Bideak Bidebietako auzolagun elkartea
- Bizilagunekin plataforma
- CC.00. sindikatua
- CNT Gipuzkoa
- Dendartean
- Donostia Bizirik
- Egia Bizirik auzo elkartea
- Eguzki talde ekologista
- Ekologistak Martxan Gipuzkoa
- Erdian Bizi auzo elkartea
- Errausketaren Aurkako Mugimendua
- ESK sindikatua
- Gazte Ekoliderren Sarea (GEKOS)
- Greenpeace
- Haritzalde naturzaleen elkartea
- Heriz plataforma
- Herria kultur elkartea
- Herripe auzo elkartea
- (IZBE) Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea
- Kaleratzeak Stop Desahucios Donostialdea
- Kontenedora
- LAB sindikatua
- Martutene bizirik
- Mugarik Gabe
- Ondare SS
- Osteguna Elkartea
- Parkea Bizirik
- Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
- Saretxe
- Sarroeta Asociación de Vecinos
- Satorralaia
- SOS Manteo
- Steilas sindikatua
- Uliako Auzo Elkartea
- Uliako Lore Baratzak