Egin iraultza euskaratik
Euskararen egunaren kaieran ezin hain geure egiten ditugun bi borroka uztartzeari eutsi: euskara eta feminismoa.
Kattalin Minerrek kontatu zuen gurean bestela adierazi ezingo lituzkeenak esatea lortu duela euskarari esker. Eta, ezin gureagoak sentitzen ditugu hitzok ezin baitugu feminismoa euskararik gabe ulertu; ezin dugulako feminismorik gabe euskara ulertu. Maider Galardik ere egin zion aipamena bi borroken uztartzeari Idoia Mendia hautagai sozialistak egindako adierazpenak tarteko: “Mendiak kontrajarri egin zituen emakumeen aldeko eskubideak eta euskararen normalizazioa. Baina bi kondizio horiek elkarrekin landu beharrekoak lirateke, feminismo beltzetik (gu zuriak baino zuriagoak izan arren) ikasi genuen moduan, zapalkuntzak anitzak eta elkarlotuak direlako”. Ondorioz, borrokak ere ala izan behar du, bazterreko gorputz horiek, hizkuntza horiek, jardun horiek, erdigunean jarriko dituena.
Zer egiteko asko, baina zer eskertzeko gehiago dugu egun honetan. Martxoaren 8a, azaroaren 25a, eta abenduaren 3a markatu dizkigute gure etxeko egutegietan. Guk baina urteko 365 egunak ditugu morez eta euskaraz markatuta.
Klitto! hiri honetan sortua eta hiri honetan gorpuztua da; ez digu 2016ak itzalik egin. Hartu dugu Egiako bizilagun askok euskaraz bizitzeko urte hasieran hartu zuten konpromisoa, bat egin dugu Añorgan euskaraz bizi nahi dutenekin eta Txanpan goaz Donostiako Piratekin; bagoaz gu ere aurrera arraunean hamarnaka batelariren indarrez. Tartean dago, eskuartean duzuen egunkari hau. Indar dosi handi bat da txanpa honetan jarraitu eta iraultza euskaratik eta feminismotik egin ahal izateko.