“Gune desberdin bat eskaintzen diogu auzoari”
Pandora tabernak aurten ireki ditu ateak, eta bertara gerturatu gara Agus Rodriguezekin hitz egitera, egitasmoa gehiago ezagutzeko, eta lehenengo jaiak nola biziko dituzten galdetzeko.
Noiz etorri zineten Grosera?
Urtarrilaren 30an zabaldu genuen taberna. Urrian hasi ginen obrarekin, eta urtarrilerako prestatu genuen toki berria. Rekalde, aurreko taberna, abenduaren 30ean itxi genuen azken festa batekin, eta urtarrilaren 30ean Grosen ireki genuen Pandora.
Zergatik aukeratu zenuten Gros auzoa?
Hamazazpi urte pasa genituen Rekalden, eta 2017an jakin genuen 2018a izango zela zabalik egongo zen azken urtea. Urte horretan zehar leku berriak bilatzen aritu ginen, lagunek ezagutzen zituzten lokalei buruz hitz egiten zidaten, bilaketan laguntzeko. Horrelako batean, uztailean, hemen bizi den lagun batek esan zidan toki honetan negozioa zutenak utzi egingo zutela. Nik taberna hau lehenagotik ezagutzen nuen, bere garaian Klarisa izena zuen. Tokia bera gustukoa nuen, baita kokagunea ere. Gainera ni Grosekoa izanda, eboluzio naturaltzat hartu nuen berriro ere auzora itzultzea, izan ere, hemengo kalean jaiotakoa naiz, Jose Maria Soroan.
Nola sortu zen zuen proiektua?
Rekalderen jarraipena da, gure helburua horixe baita, Rekalden egiten genuena orain Pandoran egitea. Ez dugu taberna arrunt bat izatea nahi; bakarrik jana eta edaria saltzeko gunea. Proiektu hau hori baina gehiago izatea nahi dugu, horrela, adibidez, dagoeneko lau libururen aurkezpenak egin ditugu, bertso saio bat, eta abar.
Zergatik aukeratu zenuten Pandora izena?
Hainbat arrazoirengatik: alde batetik, emakume baten izena jarri nahi genuen, eta izena internazionala izatea nahi genuen. Mundu guztiak ulertzeko moduko izena; edozein hizkuntzatan berdin esaten da Pandora. Bestetik, Pandoraren istorioarekin metafora eginez, Rekalden hamazazpi urte hauetan bildu ditugun energia positibo guztiak kutxa batean sartu, hona ekarri, eta zabaldu ditugula adierazi nahi genuen. Pandoraren kondaira ere zenbait modutan kontatzen da; gehien entzuten den bertsioaren arabera, emakume hura arduragabea izan zen kaxa zabaldu zuelako, eta gaitz guztiak atera zituelako. Baina istorioaren inguruan ikertzen aritu nintzen, eta bestelako kontakizunak ere badaudela jakin nuen: kutxa horretan zeuden gauza guztiak onak eta txarrak, gizakiok gozatzeko eta sufritzeko ziren, hori eman zigun Pandorak. Izen horren aukeraketarekin, istorioaren bigarren ikuspegi hori zabaldu nahi dugu.
Zer moduz zaudete hemen? Bizilagunen erantzuna ona izan da?
Oso pozik gaude, oso ondo egokitu gara. Ni naiz lantaldeko bakarra Grosekoa dena, beraz nire izenean hitz egiten ari naiz, baina denok gustura gaudela esango nuke. Niretzat berezia da, esan bezala, auzo honetakoa naizelako. Hemen jaio nintzen, eskolara joan, hainbat taldetan parte hartu izan dut, besteak beste, Jai Batzordean, begirale izan nintzen… Urte horietan guztietan ezagututako jendea ikusten ari naiz orain hemen. Aspaldi ikusten ez nuen jendearekin elkartzen ari naiz, ikaskideak eta irakasleak izandakoak gaur egun gure bezeroak dira. Ilusio handia egiten dit, urte asko neramatzan jende hori ikusi gabe; gezurra dirudi, Alde Zaharra hain gertu egonda hainbeste denboran pertsona hauek ez ikusi izana. Pandoraren beste gauza polit bat da adin guztietako jendea elkartzen dela. Auzo honetako koadrila batzuk beren ibilbidean sartu gaituzte hasieratik, egunero-egunero etortzen dira, bezero fidelak dira.
Zer eskaintzen diozue auzoari?
Nik uste ezberdina den gune bat eskaintzen diogula auzoari. Jendearen esker ona jaso dugu hasieratik. Alde batetik, espazio hau gu etorri baina lehenago joko aretoa zen, eta jende guztiarentzat errekuperatu nahi izan dugu, hori asko baloratu dute bizilagunek. Bestetik, euskal giroa dagoen gune bat izatea ere pozgarria izan da auzotarrentzat. Taberna asko daude Grosen, baina gutxitan artatzen zaituzte euskaraz, hemen, ordea, bai. Euskaraz artatzeaz gain, karta ere euskaraz dago, orokorrean euskal giroa dago. Horretaz gain, jende oso ezberdina gustura egon daitekeen gune bat eskaintzen dugula uste dut. Jendea ohartu da beste mentalitate bat dugula, kultur ekimenak sustatzeko gogoa dugula. Adibidez, kantu jira asteburu honetan hona etortzea ohore bat da guretzat.
Jaietan nola hartuko duzue parte?
Hainbat ideia ditugu buruan, eta auzoko talde batzuk ere etorri dira proposamenekin, esaterako Groseko Asanblada Feministako kideek “punkaraokea” egingo dute hemen. Bestelako ekintzaren bat egiteko ideia ere badugu, baina zein egunetan egingo dugun pentsatu beharra dugu, egitarauan gauza asko daude eta ez dugu beste ezer estali nahi, Jai Batzordearekin hitz egin beha dugu.