Gabonak espezismoaren ispilu
Askekintzako kideek Ursula txerriaren kaiola blokeatu zuten iazko San Tomas egunean; 7.200 euroko isuna jarri diete ekintzan parte hartu zutenei. (Argazkia: Askekintza)
Egun hauetan, ia mundu osoan, gizartearen arreta Gabonetan egoten da, kristauentzat garrantzi handia duen festa baita; diotenez, Kristoren jaiotza ospatzen delako. Ospakizun hau ia munduko bazter guztietara iristen da, eta gizaki kopuru handi batengan du eragina, kristauak izan ala ez.
Batzuentzat hausnarketa egiteko garaia izaten da, beste batzuentzat familia eta lagunekin elkartzeko une aproposa. Badaude baita ere oparietan eta kontsumismoan baino pentsatzen ez dutenak, edo bidaiak eta oporrak prestatzen dituztenak. Batzuentzat ez dauka inongo berezitasunik eta beste egun bat baino ez da. Zoriona, itxaropena, oroimina, edota tristura, denetariko sentimenduak eragiten dituzte egun hauek.
Baina, zer gertatzen da gizakiak ez diren animaliekin? Gurentzat hain esanguratsuak diren egun hauek eraginik al dute eurengan? Erantzuna BAI biribil bat da. Nahiz hauek eta erlijiorik ez eduki, eta jainkoetan ez sinetsi, gizakiak ez diren animaliei egun hauek gizakioi baino askoz ere gehiago eragiten diete. Zergatik? Gehiengo gizakiok gabon zoriontsuak pasatzeko animalien interesen gainetik pasa behar garela uste dugulako, bai euren gorpuak jateko, edo beste edozein modura erabiltzeko gure interesak asetzeko, eurenak baztertzen ditugun bitartean.
Milioika animalia hil eta plateretan zerbitzatuko dira maitasuna eta zoriona ospatzeko gizakiok egiten ditugun gabonetako ospakizunetan. Segunduro milaka animalia hiltzen ditugu urtean zehar, baina gabonetan kopurua askoz handiagoa da.
Nola da posible maitasuna banatzeko den ospakizun baten baitan norbanako sentikorren hilketa egotea? Ez al da bistako kontraesan bat? Ba, zoritxarrez gizakion gehiengoak ez ditu gizakiak ez direnak kontuan hartzen euren bake desira zintzoetan.
Aurrerago aipatu dugun bezala, animaliak ez ditugu bakarrik jateko erabiltzen. Neguko hotzarekin larrua edo lumaz betetako txamarrak janztea ere ohikoa izaten da, adibidez. Baina, egun hauetan, Donostian bistako animalien erabilera argienetakoak San Tomaseko txerriaren eta beste animalien erakusketak dira, eurek kaioletan gatibu daudelarik.
Beste adibide esanguratsuak desfileak dira, Olentzero edo Errege Magoenak esaterako. Umeentzat pentsatuta dauden ikuskizun hauetan, hauek animaliak gure menpe egotea ondo dagoela barneratzen dute, animalien interesak kontuan hartzen ikasi beharrean.
Animaliak jabetza direla oso errotuta daukagu gure gizartean. Espezismoak, kapitalismoak langileekin egiten duen bezala, animaliak guretzat duten balioaren arabera epaitzen ditu, eta guretzat baliagarriak badira, erabiltzen ditugu bi aldiz pentsatu gabe. Baliabideak bilakatu dira, eta horrela tratatzen ditugu.

