Gorputza zaintzeko garaia da.
Gaurkoan Irutxuloko Hitzako lagunen baimenarekin kazetari rola hartuko dut eta Irantzu Alzugarairi elkarrizketa bat egingo diot.
Irantzu nor den jakiteko zer hobe berari galdetzea baino.
Kaixo, nor da Irantzu Alzugarai?
Kaixo denoi, Irantzu naiz, Donostian jaio nintzen duela 44 urte. Zaragozan egin nituen Fisioterapia ikasketak eta gero handik eta hemendik osatuz joan naiz ikasketa horiek, gehien gustatzen zaizkidan arlotan, gehien bat kate muskularren inguruan, heziketa posturala, Pilates patologietan eta erditze aurre eta ondoren, hipopresiboak eta abar. Pozik esan dezaket, gainera, urte batzuetatik hona nire lana arlo horietan egiten ari naizela.
Gurasoen eskutik txikitatik disfrutatu nuen naturaz eta gaur egun ere horri dedikatu nahi izaten diot nire denbora librea, oinez edo paretetan gora, udaran nahiz neguan, lagunartean edo familian, mendia eta natura beti gertu.
Gorputza mugimenduan mantentzearen garrantziaz jabetuta, nahi edo behar duen orori postura eta mugimendu ohitura osasuntsuagoak barneratzen erakusteko prest nago, eta horrekin pertsonen bizi kalitatea hobetu badaiteke, benetan pozik nago. Azken finean fisioterapeutok gure esperientzia eta ezagutza zuen zerbitzura gusto haundiz jartzen dugulako beti, hemen nauzue ni ere laguntzeko prest!
Ez dira hilabete asko COVID-aren birusak eragindako pandemiak etxean eduki gintuenetik, guretzat ezohikoa den itxialdi batean. Osasun arloan laister ikusi genituen itxialdi eta geldialdi horrek jende askorengan eragindako arazoak, baita ondoren forma fisikoa azkarregi berreskuratu nahiak ekarri dituen lesioak ere. Baina sedentarismo eta beste muturreko kontrolik gabeko entrenamendu hauek pandemia egoeran bakarrik eman dira ala atzeragotik ere zetorren joera bat ote?
COVID-aren agoera honek argi dago ohituren bapateko aldaketak eta etenaldiak sortu dituela, baina ez dut uste arazo berriak direnik konfinamenduak eta ondorengoek ekarri digutena.
Hamarkada batzuetatik hona aldaketa ugari eta azkarrak egon dira arlo askotan, baina batez ere teknologiaren inguruan (oraindik ere teknologia berriak deitzen ditugun horiek). Honek aldaketa ugari sortu ditu arlo askotan: lan asko mekanizatu dira langile batzuen lana fisikoki geldiagoa baina postura desegokietan oso mantendu eta errepikatua bihurtuz; bulego lanak, ordenadore edo pantaila aurreko lanak ugaritu egin dira,baita orokorrean eserita egiten direnak ere; aisialdi geroz eta sedentarioago baterantz jo dugu, bai ume, gazte eta helduok denbora dexente pasatzen dugularik pantaila bati begira. Teknologia berri hauek ere hezkuntzan barneratu dira eta orokorrean esan dezakegu hezkuntza ere pixkanaka fisikoki pasiboagoa bihurtzen ari dela. Guzti hau orokorrean hartzen joan garen beste ohitura batzuei gehitzen zaie, hala nola, alde batetik bestera joateko kotxea edo garraio publikoa hartzen dela askotan, bizikletaz edo oinez mugitu beharrean. Honek egunero posizio geldian eta eserian pasatzen dugun denbora areagotzen du. Paradojikoa da, baina alde batetik motordun ibilgailuak erabiltzen ditugu leku batetik bestera azkarrago iristeko (nahiz eta batzutan ez dugun hainbesteko presarik) eta ondoren gure denbora librean ibili, korrika edo antzekoren bat egiten saiatzen gara mugimendu falta hori konpensatzeko. Ez al litzateke lojikoagoa izango lanera edo leku batetik bestera desplazatzen garenean posible denean behintzat oinez edo bizikletaz joateko ohiturak gureganatzea?
Gorputza geldiago, lanak mekanikoagoak, postura desegokiak…guzti horrek nola eragiten dio gure gorputzari?
Guzti honek ondorio latzak dakarzki gure osasunean. Alde batetik denbora gehiegi pasatzen dute askok postura berdintsuetan, askotan gainera desegokiak, eta egokiak balira ere, denbora gehiegiz mantenduak (gogoratu behar dugu gure gorputza mugitzeko egina dagoela, ez luzaroan postura berean egoteko). Postura mantendu eta desegokiek muskulo batzuen tentsioa areagotzen dute, lan gehiegi ematen zaie muskulo batzuei postura horiek denbora luzez mantentzeko. Beste aldetik, postura horiek berberek beste muskulo batzuk martxan ez jartzea eragiten dute, eta pixkanaka ahulduz doaz. Gorputzaren oreka galtzen da orduan, muskulo batzuk “kargatuegiak” eta beste batzuk ahulduak geldituz. Honek, aldi berean, geroz eta zailagoa egiten du postura hobetzea, eta hórrela, pixkanaka onurarik ez dakarren bukle batean sartzen joaten gara.
Lehen pantailen aurrean pasatzen dugun denboraz hitzegin dudanean bezala, arazo hau gainera are larriagoa bilakatzen ari dela esango genuke, deskonpentsazio, sedentarismo eta osasun arazo horiek geroz eta jende gazteagoan agertzen ari direlako, baita umeengan ere.
Lehen esan duzun bezala jendea askotan konsziente da egunerokotasunean duen mugimendu faltaz, eta ez al dirudi jende dexentek egiten duela kirola edo jarduera fisikoren bat, gustoz edo sikiera laneko postura eta mugimendu eza konpensatzeko?
Egia da jende asko saiatzen dela bere errutinan geldirik edo lan errepikatuak egiten pasatzen dituen ordu mordo horiek kirola eginez konpensatzen. Helburua eta asmoa oso onak diren arren, ordea, sarritan ez da lortzen konpensazio hori. Hau da, kirola edo ariketa fisikoa egiteak alde psikologikoa arintzen du, denok behar dugun deskonexio hori, eta badakigu gorputzari denbora librean kirolarekin egur pixkat emateak ondo senti arazten duela burua, baina nahi gabe askotan kirol edo ariketa fisiko horietan laneko postura desegokiek sortutako muskuloen arteko deskonpensazio hori areagotu egiten dute. Hau da, kontrolik edo ezagutza nahikorik gabe, kirolak ere berdinera eraman gaitzake askotan: lanean kargatzen diren muskulo horiek gehiago kargatzera eta laneko eta eguneroko bizitzako posturek eragindako muskulu batzuen ahultzeak bere hortan jarraitzea eta ez hobetzea.
Arazoa da batzutan jendeari osasun arazo baten aurrean bidaltzen dizkiegun ariketak eraginkorrak bai, baina agian ez direla beraien oso gustokoak, eta pixkat hobe daudenean nahiago dutela beraien betiko kirol eta jardueretara bueltatu eta guk gomendatutako ariketak ez egin. Nola lortu oreka?
Hori gertatzen da, bai. Argi dago oso garrantzitsua dela egiten dugun kirol edo ariketa fisikoa gure gustokoa izatea, motibatzen gaituen zerbait egiten dugunean errazagoa delako behintzat aitzakiarik gabe horretan jarraitzea eta konstante izatea. Ariketa fisiko bat guretzat onuragarria bada, baina ez bada gure gustokoa inola ere, erraza izaten da bertan behera uzteko aitzakiren bat aurkitzea.
Horregatik, erdibideko plana izan daiteke egokiena. Guk gure gustoko jarduera fisikoa egiten jarraitu dezakegu gogotsu, baina konsziente izanez nola egiten dugun, postura eta teknika zaindu eta hobetuz (osasungarriagoa izateaz gain kirolean hobekuntzak eragingo digu) eta gure kirola osatuko duen beste ariketa batzuk ere sartuz entrenamendu edo saioetan.
Eta erdibideko plan egoki horretan guk badugu zertan lagundu, ezta?
Bai noski. Jendearen kirol eta jarduera fisiko denbora atsegina eta motibantea bakarrik ez, baizik eta onuragarria izan dadin, fisioterapeutok prest gaude aholkuak eman eta kirol askoren osagarri egokiak diren ariketak erakusteko, hala nola Pilates metodoko hainbat eta hainbat mugikortasun, kontrol, oreka eta tonifikazio ariketak, edo posturaren hobekuntza lantzen duten hipopresiboak, abdominal eta zoru pelbikoko muskuloen aktibazioan eta arnasketaren kontrolean oinarriturik. Batzutan ariketa horietako batzuk kirol edo entrenamendu errutinan sartu beharko dira, bestetan osagarri bezala sesio luzeagoren bat egin, edo agian teknikaren hobekuntza bilatuko dugu soilik posturaren zuzenketak metodo hauen oinarriekin landuz.
Hortaz fisioterapeuton aportazio txiki hauekin eta norberaren borondate eta nahiarekin ez da zaila bizi posturak aldatu eta modu osasuntsuan lan egin eta bizitzea, ezta?
Ez ba, ez da hain zaila. Azken finean laneko errutina aldatzea ez dago askotan norberaren esku, baina bai gure gorputzaren kontrola hartzea, nola bizi eta mugitzen garen konsziente izatea eta postura egokiak gureganatzea egunerokotasunean postura egoki horiek normal bihurtuz, bai lanean, bai kirolean eta baita aisialdian ere.