Ainara Iñiguez eta Ione Etxeberria Groseko Zaintza sareko kideak: “Praktikaren bidez bidez, lortu dugu mezu hau zabaltzea: elkar zaindu eta babestu”
Urteroko ohitura da Zipotz Jaietan pregoia irakurtzen denean auzoko norbanako edo eragileren bat omentzea. Aurten ez ditugu ohiko jaiak ospatuko eta ez da Txofreko Plazan pregoirik entzungo, ez genuen, ordea, inor omendu gabe geratu nahi. Izan ere, bada talde berri bat auzoan ezinbesteko lana egin duena, eta saritu nahi genuena; hain zuzen ere, pandemia garaian ezinbestekoa izan den talde bati buruz ari gara: Groseko Zaintza Sarea. Hori dela eta, taldeko bi kide elkarrizketatu ditugu, Ainara Iñiguez Ormazabal eta Ione Etxeberria Egia. Besteak beste, egin duten lana, bizi izan duten esperientzia edo etorkizunean edukiko duten bidea ezagutuko ditugu eurekin.
Nola sortu zen talde hau?
Ainara Iñiguez (A.I.): Koronabirusaren ondorioz sortutako egoerak auzoko hainbat pertsona eta sektoretan eragin zezakeen kalteaz kezkatuta, Groseko hainbat auzotar elkartu ziren behar gehiena zuten jendearentzako babesa eta laguntza modu kolektibo batean antolatzeko asmoz. Groseko Auzo Zaintza Taldea deitu zitzaion talde horri; gure bizilaguna, auzokoa, zainduz Auzoa bera zaintzen ari garela uste dugulako. Auzolan sare honetan laguntzeko aukera sare sozialen bitartez zabaldu zen, horrela laguntza eskaini edo behar zuen edonork izena emateko aukera izan zezan. Izena eman ondoren, laguntza eta ordutegia zehazteko formulario bat bete, eta boluntario bakoitzari laguntza eskatutako pertsona bat egokitu zitzaion.
Taldea osatu duzuen kideok aurrez ezagutzen zineten?
A.I.: Ez. Ostegunean egingo den meriendan ezagutuko dugu elkar, zaintza sarean parte hartu dugun guztiok merienda bat egitera gonbidatu baikaituzte. Behin zaintza sarean izena eman ondoren laguntza eskatutako pertsonarekin harremanetan jarri gintuzten, eta harreman horretan oinarritu da gure esperientzia.
Ione Etxeberria (J.E.): Hasiera-hasieran zerbait antolatzeko asmoz bildu ginenok elkar ezagutzen genuen, auzoko hainbat eragile eta taldetan gabiltzalako, baina gerora auzotar asko elkartu ziren sarean, eta oraindik ez dugu denok, aurrez aurre behintzat, elkar ezagutzen.
Zein lan egin dituzue konfinamenduan zehar? Behar asko egon direla ikusi duzue? Kasu horretan, zein motatako beharrak?
A.I.: Hasiera batean zaborra jaitsi eta erosketak egitea izan zen egindako lana nire kasuan.
I.E.: Batez ere zaborra eta erosketak, bai. Halere, izan dira bestelako laguntzak ere: anbulatoriotik botikak eramatea eta halakoak. Konfinamenduaren eta osasun krisi honen ondorioak ez ziren beharrak ere iritsi zaizkigu: auzoko egoera nahiko gordina jarri du agerian. Horrez gain, nahiko lan eskaini diogu protokoloak, osasun irizpideak eta halakoak egiteari; izan ere, informazio asko jasotzen genuen denok etengabe, eta hori denon eskura jartzen saiatu gara, nahiko galduta baikeunden denok.
Nola antolatu zarete? Erraz moldatu zarete, edo zailtasunak eduki dituzue?
A.I.: Oso erraz eta modu naturalean atera da dena. Telefonoz elkarren berri izan dugu uneoro eta beharren arabera elkarri idatzi. Erosketetarako zerrendatxo bat jaso izan dut, eta ondoren erosketak egindakoan, horiek eskailera buruan uzten nizkien, beti ere distantzia mantenduz. Hori izan da zailena, elkarrekin berriketan lasai egon nahi baina maskara eta distantzia zela eta ez gara nahi bezala egon.
I.E.: Komunikazio guztia telematikoa izateak zaildu egin du antolakuntza maiz. Halere, moldatu gara, eta joan gara egokitzen, pixkanaka, beharretara.
Esperientzia bitxirik baduzue kontatzeko?
A.I.: Mari Carmen, niri laguntzea egokitu zitzaidan emakumea, oso eskuzabala da, eta laguntza eskatzeko deitu zuenean bere laguntza ere eskaini zuen berehala. Horrela, behar ez zuen garbigailu bat Harrera Sarekoek erabili ahal izan dute, eta sekulako ekarpena izan da.
Maskara eta distantzia mantendu behar izatea gogorra izan da, baina elkar goxatzeko aukera eduki dugu. Ebakuntza txiki baterako egin behar izan nituen PCR probaren emaitzak kutsatu gabe nengoela erakutsi zuenez, zuzenean bere etxera joan nintzen, eta etxe barruan lasai egoteko aukera izan genuen inongo beldurrik gabe. Ebakuntzaren ondoren Mari Carmenek egin zizkidan kroketa goxoak jan nituen dena ondo atera zela ospatzeko!
Dagoeneko ez gaude konfinamenduan, zer ibilbide edukiko du talde honek?
A.I.: Talde bezala ez dakit, baina Mari Carmenek eta biok harreman polita eraiki dugu, eta hemendik aurrera elkarren berri izan eta behar denetan elkar laguntzen jarraituko dugu.
I.E.: Konfinamenduaren mugak lasaitzen hasi zirenean, elkartu egin ginen zer egin erabakitzeko. Ikusi genuen egoera aldatu zela, oro har jendea moldatzen ari zela eta, gainera, jada ez zela hain erraza sortzen ziren beharrak betetzeko prest zegoen jendea aurkitzea, jendea lanera eta lanpetuta egotera itzultzen hasi baitzen. Beraz, erabaki genuen gure jarduera etetea. Horrek ez du esan nahi dena bertan behera utzi behar dugunik, behar asko baitago oraindik, eta beti izango baita beharrezkoa auzotarrok elkarri laguntzea. Auzoan dauden beste eragile eta talde batzuek lanean jarraituko dute, sortutako harremanek iraungo dute, eta ikusiko dugu etorkizunean zer egin.
Zer ekarpen esango zenuke egin diola talde honek auzoari?
I.E.: Uste dugu, hasteko, egoera oso larri batean berehalako erantzuna eman genuela, eta behar zuen jendeari aukera eman geniola laguntza jasotzeko eta, orduan behar ez bagenuen ere, laguntza beharko bagenu auzotarrok hor gaudela sentitzeko. Jarraitzeko, uste dugu agerian jarri dugula indibidualismoak eta nork bere zilborrera begiratzeak ez digula balio, eta elkar zaintzearen eta babestearen mezua zabaltzea lortu dugu, praktikaren bidez. Azkenik, auzotar askok elkar ezagutu dugu, sare bat osatu eta zerbaiten parte sentitu gara, eta horrek etorkizunean jarraitzen badu, auzo-kohesioa eta elkartasuna zabaltzea ekarriko du.
Zer sentitzen duzue aurtengo jaietako omenduak zaretela jakinda? Zer esan nahi du horrek zuentzat?
I.E.: Ohore handia da. Uste dut sare honen parte izan garen guztiok sentitzen dugula hilabete hauetan egindako lanaren aitortza dela, eta eskertzekoa da. Gainera, honek erakusten du, berriz ere, jaiak ez direla gozamen hutsa, balio batzuk dauzkatela, eta, euforia kolektiboaz harago, lehenago aipatutako auzo kohesioa, elkartasuna eta elkar zaintza bultzatzeko guneak direla.
Beti egiten dugun galdera da hau: zein da zuentzat Zipotz jaietan gustukoen duzun jarduera?
I.E.: Oso galdera zaila da, lau egunak asko gustatzen baitzaizkit, bakoitza bere berezitasunekin. Zerbait aukeratzekotan, danborrada.