Ibai Etxarri ilustratzailea. (Argazia: Nerea Lizarralde)
Ibai Etxarrik azken hiru urteetako Zipotz Jaietako kartela egin du, baita San Tomas egunekoa ere. Honegatik interesgarria iruditu zaigu elkarrizketa bat egitea. Bere ibilbidearen errepaso txiki bat egin ondoren, egindako elkarrizketa irakurri ahal izango duzue.
Ibilbidea:
Batxiler artistikoa bukatu, diseinuarekin zerikusia duen Goi Mailako ziklo bat egin eta jarraian praktikak egin zituen Ibai Etxarrik mundu honetan aritzen den enpresa batean, non ondoren bertan lanean jarraitu zuen hilabete batzuetan zehar. Tamalez, krisi garaiak bete betean harrapatu zuen enpresa hau eta noski, kaleratu zuten lehena, iristen azkenekoa izan zen. Momentu honek geldialdi handi bat ekarri zuen Etxarriren ibilbide artistikoan. Urte luzez, udaraero hondartzan aritu izan da lanean, toldero lanak egiten. Neguak berriz, kurtsoak egiteko erabili izan ditu. Garai honetan, Goi Mailako beste ziklo bat ikasi zuen, aurretik landu zuena osatzeko eta beranduago, urtebetez Bartzelonara joan zen 3D animazioa ikastera. Urte hau, esperientzia polit bat bezala gogoratzen du. Egia da, gaur egun, animazioa alde batera utzia duela, baina pozik dago hori ikasi izanaz, ez baitu alde batera uzten gai honi berriro ere heltzeko aukera. Beraz, esan bezala, neguak ikasteko erabili dituen arren, diseinuarekin zerikusia ez duten lan askotan ibili da Ibai, zaila baita mundu honetan bide bat egitea. Baina duela gutxi, mundu honetara itzuli da, ilustratzaile gisa berriro jaio dela dio, bere estiloa lortuz eta borrokan dabil diseinuaren mundua bere ogibide izateko.
Elkarrizketa:
Nola erabaki zenuen ilustratzaile izatea?
Beti gustatu izan zait marraztea eta nire ametsetako bat hau izan da, pausoz pauso lortzen ari naizena. Dena den, ilustratzailea naiz baina honek oraindik ez dit jateko ematen. Proiektu ezberdinak ditut handik eta hemendik eta baita kolaborazio ezberdinak ere. Baina zaila dago ilustrazio mundu honetan aurrea ateratzea. Hala ere, argi daukat saiatzen denak azkenean lortu egiten duela.
Zure ibilbidea kontatu. Gaur egun zertan ari zara?
Eskatzen didatenean, kartelak, logotipoak, kolaborazioetarako ilustrazioak, etab. egiten ditut. Baina momentu honetan dudan proiektu garrantzitsuena lagun batekin aurrera ateratzen ari naizena da. Ugarri deitzen den enpresa sortzen ari gara bion artean. Biok diseinatzaile grafikoak gara eta horretaz gain ni ilustratzailea. Nahasketa honekin gure estilo finkoa lortu dugu eta hori gure lanetan ikusi daiteke. Etxeetako paretetan, enpresetan, kalean… enkargu bidez eskatzen diguten edozer gauza burutzen dugu. Dena pintzel eta brotxa bidez, gustu eta fintasun handiko lanak. Ondorengo helbideetan dago gure lana ikusgai. https://www.facebook.com/ugarriart/ eta www.instagram.com/ugarriart/<
Horrelako gauza asko egiten dituzu?
Momentu honetan, proiektu ezberdinak ditugu esku artean. Orain arte, etxe partikular batzuetako paretetan; sukalde, egongela eta logeletan egin ditugu gure irudiak. Baina kalean ere ari gara lanean: Altzako Txapinene kaleko pareta bat marraztu dugu, “Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak” eskatua. Usurbilen Nahi Ditugu” elkarteak eskatutako beste proiektu bat Zubiaurreneako errotondan burutu dugu eta Urruñan ere egin dugu lanen bat, besteak beste.
Zer sentitzen duzu jai batzuk zuk egindako irudia dutenean kartelean?
Jendeari nirea den zati bat helarazten diodala sentitzen dut. Kalean, tabernetan, denden sarreretan zurea den kartela ikusteak ilusio asko egiten du.
Zer da zuretzat marraztea?
Neretzat marraztea, deskonektatzeko momentua da. Orri baten aurrean jartzeak edo ordenagailu aurrean jartzeak, nagoen lekutik at narama, nire munduan sartzen naiz, erlaxazio ariketa bat izango balitz bezala. Hori bai, nire buruhausteak eta haserreak ere izaten ditut, irudikatu nahi dudana ateratzen ez denean.
Zipotz Jaietan parte hartzen duzu?
Egia esan orain arte, udara guztietan hondartzan toldero lanak egiten aritu naiz eta ezin izan dut Zipotz Jaietako ekintzetan parte hartu. Kontzerturen batean izan naiz, baina horretarako bakarrik aukera izan dut, egunean zehar ezin izan dut parte hartu, ea aurten!