106 ikasle dabiltza aurtengo ikastaroetan
Urria aurrera doa eta ikastaroak ere martxan dira dagoeneko. Aurten, 10 ikastaro atera dira aurrera eta denera 106 ikasle dabiltza. Oraingoz ez da ikastaro berririk martxan jarri, baina iazko gehienak mantendu dira, Robotika eta Pilates izan ezik.
Ingelesa, yoga eta euskal dantza, arrakastatsuenak
Ingelesak sekulako arrakasta izan du aurten. Denera 30 bat ume eta heldu dabiltza; izan ere, helduen taldea ere osatu da. Yogak ere arrakasta izaten jarraitzen du eta oraingoan ere hiru talde osatu dira 25 lagunekin. Asteartetan bi saio izaten dira eta ostegunetan bat. Lourdes Berrondo da momentu honetan irakaslea, baina azarotik aurrera Aline Loitzenbauer bueltan izango da.
Bestalde, azken urteetan bezala, euskal dantzan 20tik gora ume ariko dira. Hori horrela, oraingoan hiru talde osatu dira eta zaharrenek ostiraletan entsaiatuko dute. Eta helduen taldeak ere jarraipena izango du. 8 lagun ariko dira bi ostiralez behin klaseak jasotzen.
Gitarra eta pianoa, txikientzat egokituta
Aurtengo ikasturtean ere, gitarran txikien taldea osatu da eta ordu erdiko saioak izango dituzte. Pianoan ere txikienentzat moldatu dituzte ordutegiak eta ordu erdiko saioak izango dituzte.
Horiez gain, honako ikastaroak daude: zumba, hipopresiboak, musika tailerra, panderoa eta trikitixa.
Pilatesen, irakaslea falta
Pilatesen taldea osatu da, baina azken momentuan iazko irakasleak ezin izan du jarraitu eta irakasle gabe geratu da taldea. Ikastaroak antolatzen dituztenek saiakerak egin dituzten arren, ez dute irakaslerik lortu. Beraz, baten batek irakasleren bat ezagutuz gero, jarri dadila harremanetan dinamizatzailearekin (Karmele).
Patin roller, martxotik aurrera
Ikastaro berri baten proposamena egin zen: patin roller. Interesa azaldu dutenak kontuan hartuta, osatuko da taldea, baina udaberri aldera izatea erabaki da. Hiru hilabetekoa izango da, martxotik maiatzera. Dena dela, otsailean irekiko da berriz epea izena emateko eta orduan zehaztuko da egun eta ordutegia.
Lekua egonez gero, apuntatzeko aukera
Ikastaroak martxan daude, baina lekua dagoenetan apuntatzeko aukera badago oraindik. Hiru bide daude:
- Kultur etxetik pasa: astelehenetik ostegunera (15:30-19:30) eta ostiraletan (10:00-14:00).
- Telefonoz deitu: 943 31 30 30 / 606 311 734.
- Idatzi helbide hauetara: ieltxokulturelkartea@ymail.com edo herrikontseilua@igeldo.eus.