«Ekarpena herri dinamiketan egin behar dugu, ezberdin pentsatzen dutenekin elkarlanean»
Xabi Iraola Larraia (1993) igeldoarra Sortuko Koordinatzaile Nagusia da urtarrilaren 24az geroztik, Arkaitz Rodriguezi lekukoa hartuta. Aurrez, Sorturen Herrigintzako idazkaria eta Gipuzkoako idazkaritzako kidea izan zen.
Hasteko nolakoak izaten ari dira ardura hartu zenuenetik lehen egun hauek?
Bereziak eta ezberdinak. Gauza asko (elkarrizketak, jendearen arreta, komunikabideetan nitaz esaten direnak irakurtzea...) bizitzan lehen aldiz egitea eta bizitzea tokatzen ari zaidalako. Baina, aldi berean, oso normalak. Behin eginbehar horiek amaituta, lehenago egiten nituen gauza berdinak egiten jarraitzen dudalako.
Pentsatzen dugu onartu arteko prozesua ez zela erraza izango ezta? Etxekoak nola bizitzen ari dira?
Halako ardura batek dakarren gauzarik berezienetako bat da norbere ahotsak eta esanek, norberarena soilik izateari uzten diotela. Alde batetik, hori ederra da; jende mordo batek, ezagutzen ez dituzunak barne, zugan konfiantza bat depositatzen duelako. Ariketa kolektibo ederra iruditzen zait hori. Baina aldi berean, pisutsua ere bada; eskaini dizuten konfiantza hori guztia itzuli behar duzulako, kolektibo bat ordezkatzen duzulako eta ondorioz, zure akatsek ere kolektibo bati eragiten diotelako. Zentzu horretan, babes handia sentitu dut orokorrean, eta baita etxekoen partetik ere. Esango nuke, denbora izan dutela haiek ere zetorrenera egokitzeko, eta, beraz, lasai daudela. Baina, tira, hori beraiei galdetu beharko zaie...
Sortuko Koordinatzaile Orokor berria zara, horrek esan nahi du ez zaizula itzalean lan egitea bakarrik egokituko, hau da, Sorturen izenean hitz egingo duzula. Nola prestatzen da bat elkarrizketak eman edo jende askoren aurrean hitz egiteko?
Ez da halakoetara prestatzeko modu bakar bat egongo. Nire kasuan, egunerokotasun politikoari loturiko gertakarien gainean egoten ahalegintzen naiz. Une berean lasai pentsatzeko eta ideiak antolatzeko tarteak hartzen ditut. Eta ahal dela, nire buruarekin oso zorrotza ez izaten ahalegintzen naiz; nire buruari onartuz ez naizela %100 pozik geratuko. Behin eginda, akatsetatik zein ondo egindakoetatik, etengabe ikasteko saiakera egiten dut.
Sortuk kongresua amaituta Zuzendaritza aldatu du. Zeintzuk izan dira kongresuan onartutako egokitzapen nagusienak? Bestetik, atentzioa deitu du jende gazte asko sartu zaretela zuzendaritza berrian. Zuretzako zer nolako balioa du urrats honek?
Kongresu honetan egin dugun egokitzapen nagusia Sorturen mugimendu izaeran are gehiago sakontzea izan da. Ulertzen badugu herri honen taupada askatzailea Sortutik harago dagoela -eta guk hala ulertzen dugu- horrek esan nahi du Sortuko militanteok gure ekarpena, nagusiki, herri eragile eta herri dinamiketan egin behar dugula. Ezberdin pentsatzen duten herritarrekin elkarlanean. Lehen lerroan herria jarriz, eta ez gure burua (alderdia). Zuzendaritzan eman den berritzearekin, berriz, agerian geratu da azken urte hauetan ezker abertzaleak gaitasun handia izan duela belaunaldi berriak mugimendu politikora batzeko. Eta, gainera, modua egin duela belaunaldi horiei konfiantza egiteko. Gazteek herriarekiko konpromisorik ez dutela hainbeste aipatzen den garaiotan balio handia dauka horrek.
Ultraeskuinaren mehatxuarekin kezkatuta dabil jende asko munduaren luze zabalean. Euskal Herrian mehatxu hau existitzen al da ala salbuespen moduko bat da gure herria?
Euskal Herria ez dago mehatxu horretatik salbu. Ipar Euskal Herrian, esaterako, azken hauteskundeak ultraeskuinak irabazi zituen, eta ikusten ari gara eskuin muturraren balio eta ideiek geroz eta pisu handiagoa dutela gurean ere. Edozein kasutan, Euskal Herria, ezker zein eskuin, sen antifaxista sakona duen herria da. Eta horrez gain, munduko beste herrialde batzuetan ez bezala, ultraeskuinari erantzutetik harago, Euskal Herrian badauzkagu baldintza politikoak, instituzionalak, sozialak eta sindikalak herritarron bizi baldintzak, eskubideak eta askatasunak zabaltzeko. Horretarako, herri proiektu erakargarri bat eraiki eta herritarren gehiengoa horren baitan antolatu beharra dago.
Euskal proiektu nazionala eraberritzeaz aritu zara elkarrizketetan. Zer esan nahi duzu?
Euskal Herria herri ukatua eta zatitua da. Herri txiki bat; sutan dagoen mundu batean Londresko auzo bat. Ez ditugu guk munduko arazo guztiak konponduko, baina gure txikitasunetik gure alea jarri behar dugu mundu justu eta hobeago bat eraikitzeko langintzan. Norabide horretan, mundua astin-tzen duten garaiko erronkei (ezberdintasun sozial eta ekonomikoak, klima larrialdia, migrazioa, digitalizazioa...) Euskal Herritik herri proiektu erakargarri bat eraikiz erantzun behar zaie. Lehendik datorren euskal proiektu nazionala eraberrituz eta gaurkotuz. Eta herri honentzat ezkerretik estatu independente bat eraikiz.
Euskararen inguruan ere galdetu nahi dizugu. Eragile asko ari dira esaten pizkundea edo jauzia behar dela euskararen biziberritze prozesuan. Zeintzuk dira prozesu horretarako gakoak?
Bi gako nagusi daude nire iritziz: alde batetik, euskalgintzaren hauspoa ezinbestekoa da. Euskal Herria euskalduna izango bada hori herritarron kontzientziazioari eta bultzadari esker izango da; hori da euskararen biziberritzea taupatuko duen bihotza.
Eta beste alde batetik, instituzioetatik hizkuntza politika eta araubide ausartak eta eraginkorrak behar dira euskara eta euskaldunak babesteko. Bi horien uztarketan oinarrituta egin behar da bidea.
Lehenago herrigintza arduraduna izan zinen Sortun. Igeldotarra izateak zer pisu eduki du zure herrigintzako sen horretan?
Igeldok lotu nau militantziara eta Igeldon ikasi dut militatzea zer den. Militantzia herriaren zerbitzura egotea da niretzat; auzolanari eta herrigintzari oso lotua dagoen zerbait. Igeldo bere bizitza sozial, kultural eta komunitario osoa auzolanean eta herrigintzan oinarrituta eraikitzen duen herria da. Hori da daukan altxorrik handiena. Eta hori guraso elkartean, jai batzordean, jubilatuen elkartean, herri kontseiluan, pilota elkartean ari diren edota edozer gauza aurrera ateratzeko txanda bat egiten duten herritar askori esker da. Herritar horiek guztiek egiten duten lana txalotzekoa eta eskertzekoa da.
Musikari, idazle edota bertsolarien aipuak erabiltzen ari zara elkarrizketa eta hitzartzeetan. Kulturari dagokionez, zeintzuk dira zure zaletasunak?
Niretzat kulturgintza errealitateak aldatzeko edota haratagoko munduak irudikatzeko tresna da, eta horregatik, politikari oso lotuta dagoela uste dut: mundua irakurtzeko modu bati, azpimarra gauza batean edo bestean jartzeari, emozio batzuk sortarazteari... Zehatzean, irakurtzea gustatzen zait gehien-gehiena. Egunean zehar bestela ere dezente irakurri behar izaten dut, eta, ondorioz, astean zehar literatura nahi baino gutxiago irakurtzen dut zoritxarrez. Baina, asteburuetan, eta, batez ere, oporraldietan, hartarako denbora tarte handiagoa dudanean, asko gozatzen dut liburuak irakurriz. Denetarik irakurtzen dut: saiakerak, eleberriak, eta baita poesia ere. Bertsozalea ere banaiz. Musikarekin, berriz, ez naiz plataforma digitaletan musika asko entzutekoa, gehiago naiz ingurukoak instrumentuak jotzen ikusiz gozatzekoa.
Ardura berria hartu zenuenetik plaza zapaldu al duzu? Hala bada, zer esan dizute herritarrek?
Azken hilabete hauetan ezin izan dut plaza gehiegi zapaldu. Eta herrian zehar, bestela ere, ezin izan dut gehiegi ibili. Baina asko izan dira mezu bidez edo bestela kalean topatuta hurbildu zaizkidan herritarrak. Adarra joz doluminak eman dizkidanik izan da; baina, orokorrean, animo mezuak izan dira jaso ditudanak. Oso eskertuta nago jasotako animo guzti horiengatik. Eta batez ere, gehien maite nautenek eta maite ditudanek ematen didaten babesagatik. Eurei esker da posible honek dakarren guztiari eustea.
MOTZEAN
Esku artean duzun liburua. Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxea)
Gustuko abesti bat. Ez eman hautatzeko (McOnak ft. Gorka Sarriegi)
Gustuko kirol bat. Korrika egitea
Txoko kuttuna. Biasolbi
Gorputzeko atal bat. Belarriak
Miresten duzun norbait. Gurasoak
Gertakari historiko bat. Inprentaren asmakizuna
Xabi Iraola Larraia (1993) igeldoarra Sortuko Koordinatzaile Nagusia da urtarrilaren 24az geroztik, Arkaitz Rodriguezi lekukoa hartuta. Aurrez, Sorturen Herrigintzako idazkaria eta Gipuzkoako idazkaritzako kidea izan zen.
Hasteko nolakoak izaten ari dira ardura hartu zenuenetik lehen egun hauek?
Bereziak eta ezberdinak. Gauza asko (elkarrizketak, jendearen arreta, komunikabideetan nitaz esaten direnak irakurtzea…) bizitzan lehen aldiz egitea eta bizitzea tokatzen ari zaidalako. Baina, aldi berean, oso normalak. Behin eginbehar horiek amaituta, lehenago egiten nituen gauza berdinak egiten jarraitzen dudalako.
Pentsatzen dugu onartu arteko prozesua ez zela erraza izango ezta? Etxekoak nola bizitzen ari dira?
Halako ardura batek dakarren gauzarik berezienetako bat da norbere ahotsak eta esanek, norberarena soilik izateari uzten diotela. Alde batetik, hori ederra da; jende mordo batek, ezagutzen ez dituzunak barne, zugan konfiantza bat depositatzen duelako. Ariketa kolektibo ederra iruditzen zait hori. Baina aldi berean, pisutsua ere bada; eskaini dizuten konfiantza hori guztia itzuli behar duzulako, kolektibo bat ordezkatzen duzulako eta ondorioz, zure akatsek ere kolektibo bati eragiten diotelako. Zentzu horretan, babes handia sentitu dut orokorrean, eta baita etxekoen partetik ere. Esango nuke, denbora izan dutela haiek ere zetorrenera egokitzeko, eta, beraz, lasai daudela. Baina, tira, hori beraiei galdetu beharko zaie…
Sortuko Koordinatzaile Orokor berria zara, horrek esan nahi du ez zaizula itzalean lan egitea bakarrik egokituko, hau da, Sorturen izenean hitz egingo duzula. Nola prestatzen da bat elkarrizketak eman edo jende askoren aurrean hitz egiteko?
Ez da halakoetara prestatzeko modu bakar bat egongo. Nire kasuan, egunerokotasun politikoari loturiko gertakarien gainean egoten ahalegintzen naiz. Une berean lasai pentsatzeko eta ideiak antolatzeko tarteak hartzen ditut. Eta ahal dela, nire buruarekin oso zorrotza ez izaten ahalegintzen naiz; nire buruari onartuz ez naizela %100 pozik geratuko. Behin eginda, akatsetatik zein ondo egindakoetatik, etengabe ikasteko saiakera egiten dut.
Sortuk kongresua amaituta Zuzendaritza aldatu du. Zeintzuk izan dira kongresuan onartutako egokitzapen nagusienak? Bestetik, atentzioa deitu du jende gazte asko sartu zaretela zuzendaritza berrian. Zuretzako zer nolako balioa du urrats honek?
Kongresu honetan egin dugun egokitzapen nagusia Sorturen mugimendu izaeran are gehiago sakontzea izan da. Ulertzen badugu herri honen taupada askatzailea Sortutik harago dagoela -eta guk hala ulertzen dugu- horrek esan nahi du Sortuko militanteok gure ekarpena, nagusiki, herri eragile eta herri dinamiketan egin behar dugula. Ezberdin pentsatzen duten herritarrekin elkarlanean. Lehen lerroan herria jarriz, eta ez gure burua (alderdia). Zuzendaritzan eman den berritzearekin, berriz, agerian geratu da azken urte hauetan ezker abertzaleak gaitasun handia izan duela belaunaldi berriak mugimendu politikora batzeko. Eta, gainera, modua egin duela belaunaldi horiei konfiantza egiteko. Gazteek herriarekiko konpromisorik ez dutela hainbeste aipatzen den garaiotan balio handia dauka horrek.
Ultraeskuinaren mehatxuarekin kezkatuta dabil jende asko munduaren luze zabalean. Euskal Herrian mehatxu hau existitzen al da ala salbuespen moduko bat da gure herria?
Euskal Herria ez dago mehatxu horretatik salbu. Ipar Euskal Herrian, esaterako, azken hauteskundeak ultraeskuinak irabazi zituen, eta ikusten ari gara eskuin muturraren balio eta ideiek geroz eta pisu handiagoa dutela gurean ere. Edozein kasutan, Euskal Herria, ezker zein eskuin, sen antifaxista sakona duen herria da. Eta horrez gain, munduko beste herrialde batzuetan ez bezala, ultraeskuinari erantzutetik harago, Euskal Herrian badauzkagu baldintza politikoak, instituzionalak, sozialak eta sindikalak herritarron bizi baldintzak, eskubideak eta askatasunak zabaltzeko. Horretarako, herri proiektu erakargarri bat eraiki eta herritarren gehiengoa horren baitan antolatu beharra dago.
Euskal proiektu nazionala eraberritzeaz aritu zara elkarrizketetan. Zer esan nahi duzu?
Euskal Herria herri ukatua eta zatitua da. Herri txiki bat; sutan dagoen mundu batean Londresko auzo bat. Ez ditugu guk munduko arazo guztiak konponduko, baina gure txikitasunetik gure alea jarri behar dugu mundu justu eta hobeago bat eraikitzeko langintzan. Norabide horretan, mundua astin-tzen duten garaiko erronkei (ezberdintasun sozial eta ekonomikoak, klima larrialdia, migrazioa, digitalizazioa…) Euskal Herritik herri proiektu erakargarri bat eraikiz erantzun behar zaie. Lehendik datorren euskal proiektu nazionala eraberrituz eta gaurkotuz. Eta herri honentzat ezkerretik estatu independente bat eraikiz.
Euskararen inguruan ere galdetu nahi dizugu. Eragile asko ari dira esaten pizkundea edo jauzia behar dela euskararen biziberritze prozesuan. Zeintzuk dira prozesu horretarako gakoak?
Bi gako nagusi daude nire iritziz: alde batetik, euskalgintzaren hauspoa ezinbestekoa da. Euskal Herria euskalduna izango bada hori herritarron kontzientziazioari eta bultzadari esker izango da; hori da euskararen biziberritzea taupatuko duen bihotza.
Eta beste alde batetik, instituzioetatik hizkuntza politika eta araubide ausartak eta eraginkorrak behar dira euskara eta euskaldunak babesteko. Bi horien uztarketan oinarrituta egin behar da bidea.
Lehenago herrigintza arduraduna izan zinen Sortun. Igeldotarra izateak zer pisu eduki du zure herrigintzako sen horretan?
Igeldok lotu nau militantziara eta Igeldon ikasi dut militatzea zer den. Militantzia herriaren zerbitzura egotea da niretzat; auzolanari eta herrigintzari oso lotua dagoen zerbait. Igeldo bere bizitza sozial, kultural eta komunitario osoa auzolanean eta herrigintzan oinarrituta eraikitzen duen herria da. Hori da daukan altxorrik handiena. Eta hori guraso elkartean, jai batzordean, jubilatuen elkartean, herri kontseiluan, pilota elkartean ari diren edota edozer gauza aurrera ateratzeko txanda bat egiten duten herritar askori esker da. Herritar horiek guztiek egiten duten lana txalotzekoa eta eskertzekoa da.
Musikari, idazle edota bertsolarien aipuak erabiltzen ari zara elkarrizketa eta hitzartzeetan. Kulturari dagokionez, zeintzuk dira zure zaletasunak?
Niretzat kulturgintza errealitateak aldatzeko edota haratagoko munduak irudikatzeko tresna da, eta horregatik, politikari oso lotuta dagoela uste dut: mundua irakurtzeko modu bati, azpimarra gauza batean edo bestean jartzeari, emozio batzuk sortarazteari… Zehatzean, irakurtzea gustatzen zait gehien-gehiena. Egunean zehar bestela ere dezente irakurri behar izaten dut, eta, ondorioz, astean zehar literatura nahi baino gutxiago irakurtzen dut zoritxarrez. Baina, asteburuetan, eta, batez ere, oporraldietan, hartarako denbora tarte handiagoa dudanean, asko gozatzen dut liburuak irakurriz. Denetarik irakurtzen dut: saiakerak, eleberriak, eta baita poesia ere. Bertsozalea ere banaiz. Musikarekin, berriz, ez naiz plataforma digitaletan musika asko entzutekoa, gehiago naiz ingurukoak instrumentuak jotzen ikusiz gozatzekoa.