Eskaera Udalean: "Boca de riego" eta hidranteak gertu dauzkaten baserri eta etxeek, giltzak eta mangerak eskura izatea
Herri Kontseiluak eskaera berri bat luzatu dio Donostiako Udalari, suteei aurre egiteko neurri gisara: "Boca de riego" eta hidranteak gertu dauzkaten baserri eta etxeek giltzak eta mangerak eskura izatea proposatu dio Herri Kontseiluak, «suteren bat piztuko balitz, bertako bizilagunek lanean hasteko aukera izan dezaten suhiltzaileak iritsi bitartean». Suteei aurre egiteko 2016ko planaren arabera (PAMIF), 47 boca de riego eta 37 hidrante daude Igeldon eta Herri Kontseiluak suteen aurrean arrisku gehien izan dezaketen zonaldeetarako eskatu ditu giltzak eta mangerak.
«Dakigunez, beste herri batzuetan halako neurriak badituzte (Astigarragan, esaterako), eta Igeldorako ere egokia eta baliagarria izan daitekeela pentsatzen dugu», gaineratu du.
Herri Kontseiluak gaiaren inguruko idatzia aurkeztu du Udal erregistroan eta udaletxekoak harremanetan jarriak dira.