(Argazkia: Klitto!)
‘Okerrak’ izango da Feministaldiaren leloa aurten. Abenduaren 10etik 15era izango da jaialdia Tabakaleran eta euskarak eta euskal sortzaileek presentzia nabaria izango dute. Kultura feministaren jaialdian izango dira, besteak beste, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Iratxe Retolaza eta Anari.
Josebe Iturrioz; Feministaldiko antolatzailea
Identitate okerrek hartuko dute plaza aurten ere?
Kontsolidazioaren bidea erakusten du hamahirugarren urteak. Jaialdia mantentzea lortu dugu, aurten diru gutxiago eman badigute ere. Aurten
Okerrak leloa aukeratu dugu, beste urte batzuetako leloen haritik, baina aurten, ez dugu
Okerrak erdarara itzuli. Normalean erabiltzen genituen terminoak bai euskaraz eta erdaraz ulergarriak zirenak eta aurten erabaki dugu ezetz, euskaraz izango zela bakarrik. Gure okerrak bilatu ditugu.
Programa begi kolpe batez ikusita, badirudi aurtengoak baduela asko euskal kulturatik, beste ekitaldietan baino gehiago, behar bada: Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Txakur Gorria, Iratxe Retolaza…
Beti ekarri ditugu puntako pertsonak: Esther Ferrer, Silvia Federici, Latinoamerikatik ekarri dugu jendea… egoten da beti horrelako figura bat. Eta guk badauzkagu figura horiek hemen ere. Izan daitezke Lujanbio bertsotan, Anari abesten, edo Retolaza, pentsalari gisa. Alberdi bertsolaritzan feminismotik egiten ari den kritika zama bat ere izan liteke berarentzat… hartu behar dira pertsona horiek eta zaindu.
Egitarauari dagokionez, tailerrak, zinema, mahai inguruak, emanaldiak, performanceak… adierazpen artistiko anitzak bildu dituzue.
Ikuspuntu desberdinak ere bilatu ditugu. Eta karteletik bertatik izan dugu sorkuntza kontuan, hortik ere hasi gara artista batzuekin lanean: Sahatsa Jauregi eta Jone Loizagak egin dute. Txakur Gorriak eta Saioa del Olmok hezkuntzan genero irakurketa ez binarioak txertatzeko erremintak lantzeko tailerra emango dute.
Xiana do Teixeiro, berriz, Galizatik etorriko da
Todalas mulleres que coñezo filma aurkeztera, eta horren ondoren, Itsaso Ramonak ariko da lodiaktibismoaz. Hitzaldia emango du, umoretik: nola egiten duen aktibismoa ertzetatik eta nola kudeatu gure drama eta gure arrakasta. Azahara Ubedak eta Txus Garciak
performance-ak egingo dituzte, baita tarot emanaldia ere. Eta Brigitte Vasallok polimaitasunaz hitz egingo digu.
Euskal Herriko Bertso Txapelketa nagusiko irabazlea ere Feministaldian… Lujanbiok erakutsi du, identitate ‘oker’ horiek eraiki eta deseraiki daitezkela bertsotan.
Baina Feministaldian ez da bertsotan ariko. Feministaldirako prestatzen ari den emanaldi berezi bat izango da. Izenburua
Rr da. Emanaldi hau, gainera, ez da
streaming bidez botako, beraz, hau ikusi nahi duenak aretora etorri beharko du. Eta badakigu bete egingo dela, proposamen artistiko itzela izango da.
Lujanbio, Alberdi, Txakur Gorria… bertsolarien presentzia handia izango da aurtengo Feministaldian.
Bertsolaritza aldatu da eta, emakume batzuk oholtza gainean jarri eta hasi direnetik feminismoaren kezkak azaltzen, edo emakumeen kezkak, transen kezkak, bollerak irudikatzen dituztenean… lehen gerturatzen ez zen publiko bat gerturatu da. Orain beste profano batzuk gerturatu gara.
Orain dela hamarkada batzuk beste gai batzuk jorratzen ziren, politikaren ikuspuntu jakin bat, oso definitua, beti bera. Eta orain, bat-batean, beste aukera batzuk zabaltzen dira, eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian transak, putak, yonkiak erdigunean jarri dituen bertsolari bat dago. Orduan, nola ez zaigu interesatuko feministoi bertsolaritza?
Uxue Alberdik, esaterako, bertsolaritza eta generoaz ikerketa zoragarria egin du, eta hori aurkeztera etorriko da. Niri bereziki gustatzen zait Alberdik kontatu behar diguna, iruditzen zaidalako momentu honetan bertsolaritzan gatazka bat ematen ari dela, genero gatazka bat, beste leku guztietan bezala.
Eta urtero legez, ezin Feministaldia jairik gabe bukatu.
Bukaera biribila emateko, Anarik kontzertu berezi bat oparitu digu, bertsioena,
Zorrak deitzen dena. Ez da gizonik egongo agertokian: lehenengo aldiz, Anari bakarrik emakumeekin. Saio berezi bat prestatu dute Feministaldirako. Kontzerturako sarrerak Feministaldiko beste jardueretan emango ditugu, mugatuak dira.
Aipatu ditugunen artean, Txakur Gorriak esaterako, Durangoko Azokaren aurtengo kartela egin du; Lujanbiok Txapelketa irabazi… esan liteke identitate oker horiek ari direla espazioa hartzen plaza hegemonikoetan?
Feminismoak zera lortu du: agerian uztea orain begirada interesgarriagoak direla emakumeen gaiak eta orain arte kontatzen ez ziren istorioak edo ikusten ez ziren errealitateak. Nazkatu gara gizon zuri heterosexual horren hegemoniaz eta bere begiradaz. Mundu mailan ematen ari den mugimendu bat da (fikziozko serieak,
#metoo…). Ez da inolaz ere feminismoa hegemonian dagoela, sekulako erantzuna jasotzen ari gara matxista antolatu horiengandik, baina artista unibertsaltzat jo diren askori orain ez die beldurrik ematen «feminista» etiketak.
Hamahirugarren edizioa izango da hau, kultura feministaz ikasi dezakegunak ez du mugarik?
Baliabideak behar ditugu aurrera begira gure burua benetan kontsolidatzeko. Gure helburua izango litzateke «zinemaldi feminista» sortzea. Nolabait, ekitaldi batetik harago doan nazioarteko jaialdia izatea. Zerrenda handi bat dugu programatu nahi dugunarekin, etengabe handitzen doana. Datorren urterako dagoeneko ideia asko ditugu jaialdietan ikusten ditugunak. Bukatzen ez den poltsa bat daukagu.