Kaixo: Ibon Etxeberria naiz
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi nizkieke Irutxuloko Hitzako lagunei zuekin lekutxo hau konpartitzeko aukera emateagatik.
Ezagutzen ez nauzuenontzat, 1973an jaio eta Santo Tomas Lizeoan burutu nituen lehenengo ikasketak.
Batxilergoa bukatzean Aretxabaletara abiatu nintzen T.A.F.Y.D. (Tecnico en Animación Fisico Y Deportiva) ikastera; jarraian, aita zenaren urratsak jarraituz, Salamankara abiatu nintzen Fisioterapia ikasketak burutzera. Hemen hasi ziren nire bi zaletasunak elkartzen eta nire profesioa eta aisia uztartuko duen bidea jorratzen: fisioterapia eta kirola.
Ikasketak bukatuta aitak 1974. urtetik Marina kalean zuen Fisioterapia zentroan (E.G.FISIOTERAPEUTAS) hasi nintzen lanean. Urte berean (1998) Bidaso kirol elkartearekin ere urte asko iraungo zuen lankidetzari hasiera eman nion. Urte oso politak eta intentsoak izan ziren niretzat. Fisioterapian formatzen jarraitu eta kirol profesionala barrutik ezagutzeko aukera eman zidan. Hala ere, garai honetatik ateratzen dudan gauzarik garrantzitsuena, betirako ezagutu eta egin nituen lagunak dira.
2005ean blog honetan idatziko ditudan gauzak zein ikuspegitik idazten ditudan ondo ulertzeko baliagarria izango den beste fase bat ireki zen: “Ibon kirolaria”.
Nire lagunak bizikletan ibiltzen ziren. Nik beraiekin ibili nahi nuen, baina utzita nengoen eta ez nuen beraiekin kilometro bat bera ere egiteko gaitasunik. Poliki-poliki entrenatzen hasi, elikadura zaindu eta pixkanaka-pixkanaka kirolari sentitzeraino iritsi nintzen. Bide luzea izan zen eta bide honetan lagundu zidaten profesional zein lagunak ezin ditut aipatu gabe utzi. Ainhoa eta Krutx, Sasoituzeko nutrizionista eta prestatzaile fisikoa nire metamorfosiaren zutabe garrantzitsu bat izan ziren. Mikel, zuk oparitutako Klein horrek bizitza aldatu zidan. Eta noski, urte guzti horietan nire alboan izan nituen guztiak. Mila esker kirolari sentitzeko bide horretan izan zenuten pazientziagatik.
Urte hauetan guztietan fisioterapian sakontzen jarraitu nuen ikastaro ezberdinetan parte hartuz eta nere irakasleengandik ikasitako hori guztia berritzen eta eguneratzen joan nintzen. Aita, Pablo, zuek emandako oinarririk gabe ezinezkoa izango zen. Mila esker emandako guztiagatik.
2010.urtean sei urte iraungo zuen Donostiako Atletikoko errugbi taldearekin kolaborazioari hasiera eman nion. Aukera honek talde izaera benetan zer den erakutsi zidan. Itsasontzi kontzeptua barneratu nuelarik. Guztiok arraun egiten dugu, elkarrekin hondoratu eta elkarrekin irabaziko dugu, baina beti elkarrekin. Mila esker mutilak.
Fisioterapiaren ezagutzan aurrerapausoa izan den ikastaroa egiteak Atletikorekin nuen lankidetza etetea behartu ninduen. Baina beti izango naiz txuri-urdin laukitxo duna. Atenciooooooon bat bi ta hiru ALETIKOOOOO!
Ikastaro honek “Esku Terapian Aditua” fisioterapiaren ikuspuntua erabat berritu eta eguneratzea ekarri dit. Aurrerago zertan datzan guzti honek kontatuko dizuet.
Blog honetan azalduko dizkizuedan gauzak ulertzeko, nire ibilbidearen sintesi hau ezagutzea garrantzitsua iruditzen zait.
Bertan bizitzea egokitu zaigun naturan kontrako gizarte honek osasunarengan dituen ondorioak kontutan izanik, osasun aholkuak ematen saiatuko naiz. Beti ere, ni kirolari bezala sentitu eta bizi izan ditudan esperientziak kontutan izanik.
Beraz, blog honetan kirolari sentitzen den eta beste gizarte batetan sinesten duen fisioterapeuta batek osasunaren inguruan ematen dituen aholkuak aurkituko dituzu.
Beti zuen iritzi eta ekarpenen zai egongo naiz, zerbait dinamikoa izatea gustatuko litzaidake!
Ea gustukoa duzuen.
Ibon Etxeberria
EGFISIOS
www.egfisios.com
Facebook: @ibonegfisios
Twitter: @egfisios
Tlf: 943461456