Kalapieren proposamenak hiri-antolamenduko plan orokor berrirako (HAPO)
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Aurrerapen berria argitaratu du, eta herritarrekin partekatu ditu etorkizunean hiriak hartuko duen norabidearen eredu eta proposamenak, prozesu parte-hartzaile baten bidez. (Esteka honetan eskuragarri dago informazio guztia: https://partehartu.donostia.eus/eu/por-temas/movilidad/ Kalapiek prozesu honetan parte hartu nahi izan du, dokumento honek zehazten baitu hiriak zein norabide hartuko duen gai askotan, mugikortasuna barne. Hona... Gehiago irakurri
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Aurrerapen berria argitaratu du, eta herritarrekin partekatu ditu etorkizunean hiriak hartuko duen norabidearen eredu eta proposamenak, prozesu parte-hartzaile baten bidez. (Esteka honetan eskuragarri dago informazio guztia: https://partehartu.donostia.eus/eu/por-temas/movilidad/
Kalapiek prozesu honetan parte hartu nahi izan du, dokumento honek zehazten baitu hiriak zein norabide hartuko duen gai askotan, mugikortasuna barne. Hona hemen helarazi nahi izan ditugun proposamenak eta iradokizunak:
- HAPO berriak eraikinetan bizikletak aparkatzeko Europako araudia bete beharko luke. Araudi honen arabera, bizitegi-eraikin berri guztiek erraztu behar dute bizitegi-unitate bakoitzeko bizikletentzako gutxienez bi aparkaleku-plaza instalatzea. Gure ustez, aparkaleku horiek babestu egin beharko lirateke eta lurzoru-mailan kokatu, erabilera errazagoa eta praktikoagoa izan dezaten. Hori ezinezkoa den kasuetan, aparkaleku babestuak atariko irteeran egon behar du, kalean. Eraikin publikoek bizikletentzako aparkaleku kopuru egokia ere izan behar dute.
- Ez dugu uste egokia denik urbanizazio berriek espazio publikoa okupatzeko gutxieneko aparkaleku bat izan behar izatea behartzen duen araurik egotea. Are gutxiago eraikinen barruan bizi direnentzako aparkalekuak aurreikusita dituzten urbanizazio berrietan.
- Lur pribatual desjabetzeko zailtasunak dirala-eta, hiriko leku askotan eten edo estutuak sortzen dira oinezko eta bidegorri sarean. Gure ustez, HAPO honek, ahal den neurrian, beharrezko desjabetzeak gauzatzeko tresnak eman beharko lituzke. Kasuz kasu baloratu behar da beti, baina uste dugu kalitatezko mugikortasuna eta konektibitate egokia lortzea jabetza pribatuaren gainetik dagoela.
- Garraio publikoaren plangintzak bizikletaren eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea erraztu behar du. Bizikletentzako aparkalekuak aurreikusi behar dira, intermodalitate hori errazteko.
- Gure ustez, plangintzaren norabidea autoari eskainitako gehigizko espazio publikoa murriztera jo behar du (gaur egun, argi eta garbi gehiegizkoa da), herritarren gozamenerako guneetarako, berdeguneetarako, oinezkoentzako eta txirrindularientzako eremuetarako eta abarretarako espazio gehiago sortzeko.
- Ibaiak oinezkoentzako eta txirrindularientzako korridore bat izan behar du ibaian zehar, etenik gabe. Era berean, ibaiaren eta itsasertzaren inguruko eremuetan autoen trafikoa askatzen saiatu behar da. Eremu hauek lehentasunatza izan behar dute; lehenik eta behin, ekosistemen eta haien faunaren ingurumen-funtzionamendu egokia bermatzea, eta, bigarrenik, herritarren aisialdirako eta gozamenerako guneak izatea.
- GI-20 errepideko trafikoa GI-40 errepidetik (Garbera-Martutene bidea) desbideratzeko planteamenduak kezkatzen gaitu. Gaur egun, Martuteneko bideak eten bat sortzen du oinezkoen eta bizikleten mugikortasunean, eta uste dugu egiten den planteamenduak ez duela konponbiderik ekarriko egoera honi, eta, gainera, are gehiago okertuko duela. Txomin, Martutene eta 27. poligonoaren artean oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabideari jarraitutasuna eta erosotasuna ematea eskatzen dugu.
- HAPO berriak auzoetan ere oinezkoentzako eta elkargune eremu gehiago sortzen saiatu behar du, Donostiako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.
- Kasu askotan, “ardatz osasungarrien” planoa eta “bidegorri-sarearena” berdin-berdinak dira. Lekuen xehetasunak ezagututa, badakigu puntu zehatz askotan gainjartze hori ez dela ona, askotan ez baita positiboa oinezkoen ardatza eta txirrindularia bat etortzea.
- Txirrindularitzari dagokionez, gauza batzuek atentzioa ematen digute. Dagoeneko eraikita dauden bidegorriak, hala nola Easo kalekoa edo Añorga-Txiki inguratzen duena, ez dira agertzen, eta ez dakigu horrek esan nahi duen kentzea proposatzen den ala ez. Bestalde, askatasunaren etorbidea bezalako tokiak lehen mailako bizikleta-ardatz gisa agertzen dira. Eta hori ezinezkoa da oinezkoak edo garraio publikoak lekua galdu ezean. Ezin dugu egiaztatu bigarrena den, ez baita l-ren planorik aurkeztu.