Hiru eguneko egitaraua aurkeztu du EHko Mugimendu Feministak, ‘mugarri’ izango diren jardunaldietarako
Guztira ehundik gora ponentzia, tailer eta kultur-proposamen aurkeztu dira Euskal Herriko bazter askotatik. Bost ildo nagusiren baitan antolatu dira proposamenak eta egunak. Izen-ematea urriaren 7rarte dago zabalik. Azken txanpan buru-belarri sartuta dago Euskal Herriko mugimendu feminista autonomoa, azaroaren 1, 2 eta 3an Durangon izango diren V. Jardunaldi Feministak antolatzen. Guztia “prest ez, baina bideratuta” dutela […]
Guztira ehundik gora ponentzia, tailer eta kultur-proposamen aurkeztu dira Euskal Herriko bazter askotatik. Bost ildo nagusiren baitan antolatu dira proposamenak eta egunak. Izen-ematea urriaren 7rarte dago zabalik.
Azken txanpan buru-belarri sartuta dago Euskal Herriko mugimendu feminista autonomoa, azaroaren 1, 2 eta 3an Durangon izango diren V. Jardunaldi Feministak antolatzen. Guztia “prest ez, baina bideratuta” dutela adierazi dute.
Izen-emateekin ere pozik agertu dira, jada 1000 emakume baino gehiago apuntatu dira Hala ere, horretarako azken astea dela gogorarazi nahi diete interesa dutenei. Zehazki, urriaren 7an itxiko baita aukera.
Azken hilabeteetan ponentzia, tailer, kultur-sorkuntza eta abarren proposamenak egiteko aukera izan da, eta azken asteetan horiek guztiak batu, txukundu eta biltzen ibili ostean, hiru eguneko egitarau oparoa aurkeztu dute azarora begira.
Orotara 38 ponentzia proposamen eta 70 tailer jaso dituzte. “Izugarria izan da sare feministatik jasotako erantzuna, bizirik eta indartsu ari garenarenaren seinale da” adierazi dute bozeramaileek.
Bost mahai inguru zentral egongo dira, ildo nagusiak mantenduz, kolektibo feministek ponentziak aurkezteko: (Egitarau osoa atxikituta doa)
– Ostiralean: dekolonitatea eta gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak.
– Larunbatean: Gorputzak eta sexualitateak eta indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen
– Igandean: azkenik, mugimendu feministaren erraiei begira.
Mahai inguru zentral bakoitzaren ondoren, hamabost tailer inguruko eskaintza egongo da, azken egunean izan ezik, asanblada erraldoi batekin itxiko baitugu ildoa.
Testuinguru aldaketa
Azkenengo Jardunaldi Feministak duela hamaika urte izan ziren Portugaleten, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez: “Ordutik hona asko aldatu da testuingurua Euskal
Herrian, denbora tarte horretan Mugimendu Feminista ez da geldirik egon eta orain, gaurkotasun osoz ari da proposamenak egiten eta eztabaidagai sakonak pilatu ditugu”.
Eztabaidagai horien inguruan eta Mugimendu Feministaren osasun eta erabakietan jarri dute pisua: “Jardunaldi feministak mugarri garrantzitsua izaten dira Mugimendu Feministarentzat, elkarrekin bildu eta datozen urteetako lerro nagusiak marrazten baititugu bertan”.
Hainbat ohar
Jatorduei dagokionez, bertako ekoizleekin elkarlanean ari dira. Parte hartzaileei, kubiertoak eta edalontzia ekartzeko eskatu diete, eta bertan plater organikoak erabiliko dituzte, ingurumenarekiko kontzientzia hartuta.
Lotarako lekua ere egokituko da, baina garrantzitsua da izen-ematean zehaztea.