Txapa eta pintura
Artikulu hau Klitto!k Irutxuloko Hitzan egiten duen hileroko kolaboraziorako idatzi da. 0 fasearen atarian izan zen, agintariek paseorako eta korrika egiteko baimena eman zutenean.«Deseskalatzen hasi naiz», zioen kuadrillako —guztiak emakumeak— batek Whatsapp taldera bidalitako mezuak. Eta mezuarekin batera, argazki bat: argizari bandak eskuan, gerritik behera kulerotan eta gozamenaren eta minaren arteko keinua aurpegian. Handik berrogei […]
Artikulu hau Klitto!k Irutxuloko Hitzan egiten duen hileroko kolaboraziorako idatzi da.
0 fasearen atarian izan zen, agintariek paseorako eta korrika egiteko baimena eman zutenean.«Deseskalatzen hasi naiz», zioen kuadrillako —guztiak emakumeak— batek Whatsapp taldera bidalitako mezuak. Eta mezuarekin batera, argazki bat: argizari bandak eskuan, gerritik behera kulerotan eta gozamenaren eta minaren arteko keinua aurpegian. Handik berrogei minutura bidali zuen «lehen/orain» argazkia. Segidan etorri zen mezu-jasa: elkarrekin bizi diren bi lagunek bidali zuten elkar depilatzen argazkia, beste batek besape iletsuarena, pare batek idatzi zuten beren gorputzarekin nahi zutena egiteko eskubidea zutela, eta gainontzekoak hasi ziren hari horri tiraka. Ea zeren arabera moldatzen dugun gorputza, ea kanpo begiradak eragina duen gure gorputzaren edertasunaren pertzepzioan, ea presio sozialagatik depilatzen garen eta apaintzen garen… Hogei lagunen taldea izanda, kuadrilla ez zen adostasunera heldu, baina guztiek bat egiten zuten kontu batean: zergatik hasi itxurak zaintzen orduan, berriz ere kaleak hartzear ginela?

Osteguneko pintxo-pote birtualean jarraitu zuen eztabaidak. Kuadrillako batek esan zuenean ikusi zituela lagun batzuk egunotan eder jantzita. Egia da larunbatetan bermut elegantea ospatzeko gelditu izan direla batzuk konfinamenduan zehar. Eta, egia guztiak aitortze aldera, batek baino gehiagok onartu zuen lanerako grabaketak edo bideo deiak egin behar zituenean gerritik gora janzten zela «itxuroso». Barre artean aitortu zuten beste batzuek koloretako ile tindua jarri zutela itxialdiak iraun bitartean, bazekitelako normaltasunera itzuli eta ile-apaindegira joango zirela berehala.
Joan da 0 fasea, 1.a, 2.a eta kuadrilla horretako ia denak joan dira «txapa eta pintura» errepasatzera. Atzean utzi dituzte online poteoak, eta, orain, gaiari heldu diote terraza batean. Batek dio 0 fasean, paseoan aurkitu zela bere ile-apaintzailearekin eta eskatu ziola zita gordetzeko, ilean sekulako hondamendia eginda zuela. Besteak dio lanera itzuli denetik ez duela txandalik jantzi. Depilatzen ez denak azkazalak margotu ditu, eta guztiek atera dute udako arropa ederrena armairutik. Batek dio kalera itzultzearen hasierako euforia dela. Besteak erantzun dio «etxetxoaren sindromea» duela. Nahiko lukeela etxean gelditu, utzikerian eta erantzukizun sozialetatik gordeta. Hartua ziola tamaina itxialdiari. Azken batek itxi du eztabaida: gustatuko litzaioke kalea modu zarpailean ere hartzea. Euforiarekin, baina ustezko betekizun sozial horietatik kanpo.