“Urteak pasatu arren, ez naiz ohitu”
Artikulua hau Klitto!k Irutxuloko Hitzan hilero egiten duen kolaboraziorako idatzi da. Jatorrizko testua hemen irakurri dezakezue. Diseinatzaile grafikoa, ama eta hainbat herri mugimendutako kidea da Josune Dorronsoro, baita Josemari Dorronsoro Donostiako euskal presoaren arreba ere. Hasieratik hartu du anaiaren espetxealdiaren ardura, eta dagoeneko joan dira 26 urte eta erdi kartzela lehen aldiz zapaldu zutenetik. Ongi […]
Artikulua hau Klitto!k Irutxuloko Hitzan hilero egiten duen kolaboraziorako idatzi da. Jatorrizko testua hemen irakurri dezakezue.
Diseinatzaile grafikoa, ama eta hainbat herri mugimendutako kidea da Josune Dorronsoro, baita Josemari Dorronsoro Donostiako euskal presoaren arreba ere. Hasieratik hartu du anaiaren espetxealdiaren ardura, eta dagoeneko joan dira 26 urte eta erdi kartzela lehen aldiz zapaldu zutenetik. Ongi ezagutzen ditu Frantziako eta Espainiako espetxeak, dispertsioaren ondorioak… eta gatazkaren ertzean egon arren, jasan ditu ondorioak eta kalteak ere. Egian eta Añorgan, bi auzotan sentitzen da babestuta, eta azken honetan dagoen Jolas-Etxean elkartu da Klittorekin, gatazkaren ondorioei ikuspegi feministatik heltzeko asmoz.
Mende laurdena baino gehiago da anaia espetxean duzula. Nolakoak izan dira ia 30 urte hauek?
Hasieran sekulako kolpea izan zen. Frantzian atxilotu zuten, eta guretzako mundu berri bat zen: hizkuntza, abokatuak, kondena… Guk ere gure lekua egin behar izan genuen. Eta, zigorra betetzear zela, Espainiaratu egin zuten. Horrek esan nahi du berriro hasi behar zarela. Kasik pilotu automatikoa jartzen duzu azkenean.
Urte horietan guztietan hainbat kartzela ezagutuko zenituen. Zer eragin du urrunketak?
Urte asko izan dira eta biden pasatu dugu denbora asko. Istripu bat ere izan genuen, eta ordutik, erabaki genuen, ahal izanez gero, ama eta biok elkarrekin ez joatea bisitetara. Gogorra da, baina erabaki genuen horrela egitea zerbait pasatzekotan bioi batera ez pasatzeko. Jakina, ez da bisitara joatea eta listo. Ordua eskatu behar duzu, paketea prestatu, kartzelan dagoenak ere bisean biseko bisita eskatu behar du… Badirudi modu automatikoan egiten dugula, baina egin egin behar da.
Alegia, urrunketak higatu egiten duela.
Noski. Ni oso nekatuta nago. Bi hilean behin egiten saiatzen naiz, orain txandak egiten ditugu. Hasieran bi astean behin egiten nituen, ondoren hilabetean behin, baina une batetik aurrera esan genuen: “Bisitariak bere burua ere zaindu behar du, ez soilik preso dagoena”.
Eta, egunerokoan, nola eragin dizu anaia preso edukitzeak?
Bizitza aldatzen zaizu, jakina. Beste senide bati ere entzun nion. “Une batzuetan ‘ez dakit noren arreba’ izaten amaitzen duzu”. Nolabait zure nortasunaren eta bizitzaren parte bat kentzen dizute. Pertsonalki ez zait gehiegi axola, nire anaia eta ni ez garelako inoiz oso urrun ibili, baina senide guztiek ez dute berdin bizi. Horretaz gain, kartzelan dagoenaren ardura hartu behar duzu zure gain: paketea egin, bisitak antolatu, arropa garbitu, lagunen zerrenda egin, lokutorioak eskatu… Ez dut inoiz kalkulatu zenbat denbora pasatzen dudan lan horretan. Egunero presente dago, behintzat. Txantxetan-edo diot beragatik hasi nintzela erretzen, batik bat bidaiengatik. Antsietatea eta urduritasuna eragiten dute.
Espetxe barrura bisitara joatea nolakoa da?
Agian orain bestelako malgutasun bat dute funtzionarioek, baina uste dut norberaren nortasunaren araberakoa dela. Ni ironikoa naiz, eta saiatzen naiz haiekin ahalik eta lasaitasun handienarekin hitz egiten, kontraesanak agerian utziz. Espetxe barruan ez da logikarik kabitzen.
Nolabait, bakoitzak bere estrategiak erabiltzen ditu bere egoera iraultzeko?
Bai, eta hori ikasi egiten da urteak joan ahala. Ni lehen ez nintzen horrelakoa, baina aurre egin behar diozu egoerari, eta aurpegia eman. Edo aurre egiten diozu, edo zapaltzen zaituzte.
Esango zenuke indarkeria bizi izan duzula zure azal propioan?
Bai, jakina, zalantzarik gabe. Urrunketaren ondorioak senide eta lagunok bizi ditugu. Beti badago tentsioa, ailegatuko garen ala ez. Guk auto istripua izan genuen, eta, zortea izan genuen ia osorik irten ginelako eta bisitara ailegatu ginelako ama eta biok.
Eta izan duzu bestelako kalterik urte hauetan guztietan? Lagun artean, lanean, osasunean…
Ez nuke esango lanean eta lagunekin kalte handirik izan dudanik, baina anaia preso edukitzeagatik zaku berean sartu izan naute batzuetan. Hala gertatu zen gurekin lan egiten zuen argazkilari batekin, eta lan egiteari utzi zion. Eta jendearekin… Bada urruntzen den jendea, baina baita hurbiltzen den jendea ere, ustez, politikoki urrun egongo litzatekeen jendea baina zurekin enpatizatzen duena.
Osasunari dagokionez, harrigarria da bisitetara joatean zenbat senidek hartzen ditugun lasaigarriak. Eta, burua argi mantentzen eta deskantsatzen saiatu arren, nik uste dut gorputzak ere higatu egiten direla hainbeste urteren ondoren.
Sentitu duzu inoiz egindako lanagatik eta jasandako minagatik aitortzarik?
Zein aitortza diozu? Instituzionala ez, argi dago haientzako errepidean hildako hamasei senide eta milaka lagunetik gora zaurituk ez dutela berdin balio. Eta bestalde, galdera ona litzateke erantzutea nor bihurtzen den lehen lerroa, ustezko lehen lerro hori kartzelan dagoenean. Gu kalean egon gara, bidean, politikariekin hizketan, poliziarekin borrokan, enkarteladetan… eta segitzen dugu. Esan dut pilotu automatikoa jartzen dudala, baina urteak pasatu arren ez naiz ohitu. Horregatik, errekonozimendua baino, nahiago genuke hau amaitu dadin behingoz.