Ligatzeko espazio seguruen bila
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren atarian, indarkeria matxisten inguruan hausnartzen aritu gara Klittotarrok. Indarkeria matxisten inguruan, ez soilik gizonezkoek sistema heteropatriarkalaren baitan ezartzen duten indarkeria fisiko, psikologiko, mehatxu eta botere moduan, baita, emakumeoi zuzenean eragiten digun heinean, guk geuk, gizarteratzean eta harremanak eraikitzean horri aurre egiteko garatu ditzakegun tresnen inguruan ere.
Ahalduntzea dugu ahotan azkenaldian: espazio publikoa geureganatzeko, egoera sexistei aurre egiteko, berdintasunaren bidean gure ahotsak entzunarazi eta emakumezko erreferenteak sortzeko… eta ahalduntzea,noski, eraikitzen ditugun harremanak parekideak izan daitezen. Beti ez da erraza, ordea, ahalduntze prozesu horretan, gizartearen diskurtso orokorrari aurre egin eta kontra aritzea. Gizonezkoen botere hegemonia erreproduzitu eta bermatzen duten mezuen bonbardaketa etengabekoa da: hedabideetan, musikan, kalean, gorputz komunikazioan… kode horiek irakurtzen jakitea ezinbestekoa da, elkarri aurrez-aurre begiratu nahi badiogu, berdinen arteko harremanak eraiki nahi baditugu, gizarteak ezartzen dizkigun identitate, portaera eta rolak albo batera utzi nahi baditugu. Bada, harreman parekideak eraikitzeko bidean, sexu eta amodioa inertzia sexistetatik urrunduz, espazio seguruak sortzea garrantzitsua da oso.
Espazio seguruetan ahalduntzea errazagoa da, estereotipoak, aurreiritziak eta dogmak kanpo geratzen direlako, eta beraz, baita segurtasun gabeziak, beldurrak eta identitate jakin bat performatzeko beharrak ere.
Gustatzen zaigu sexua, amodioa, desira eta erakarpena. Gustatzen zaigu ligatzea, limurtzea; tabernetan, ordu txikitan ikusten ditugun eszena baboso nazkagarriak tartean ez daudenean. Eta bide horretan, hain zuzen, erotismoak eta sexuak hartuko dute gaur Donostia. Ligodromoa egingo dute DSSirez proiektuaren barruan Doka aretoan 20:00etatik aurrera; ligatze jatorraren dekalogoa ere aurkeztuko dute bertan. Tratu onak, ohitura onak, erotismoa, limurtzea, eta festa iragarri dituzte. Ea laster hiriko gainerako tabernetan ere bermatua dagoen ligoteo sanoa.