Metroa ala satorra? Natura eta gure poltsikoak alferrik zulatzen
Broma iruditu arren eta handikeria ematen badu ere, gauzatzen ari dira. Naturan eragindako kalteen eta kontrako iritzi orokorraren gainetik, kontraesanez beteriko proiektua aurrera doa. Lurzorua ez ezik ekonomia eta partaidetza bidezko demokraziarekiko sinesmena ere zulatzen ari dira.
Metroa Donostian? Barre egingo genuke oraintxe bertan hiria zulatzen arituko ez balira. Handikeria ematen badu ere, gauzatzen ari dira. Kontraesanez beteriko proiektua aurrera doa naturan eragindako kalteen eta kontrako iritzi orokorraren gainetik. Lurzorua ez ezik ekonomia ere zulatzen ari dira, baina partaidetzan oinarrituriko demokraziarekiko genuen sinesmena ere bai.
Inpaktuak baino gehiago, lehentasun eta koherentzia kontua da. Klima aldaketaren aurkako estrategia bolo-bolo darabilen udalak, Dbus goraipatzen duen berak, argilun gehiegi dituen proiektua bultzatu du. Autobus elektrikoen alde apustu egin dutenean, 28. lineako ibilgailu ultramoderno beltza lekukoa izanik, Dbuseko konpetentzia zuzena den metroa ezartzeko bidean dira. Hiri ertain eta txikiei begira adituek autobus elektrikoa etorkizuna dela diote. Irizar eta CAFek oso argi dute, merkatu horretan buru-belarri sartu direlarik. Izan ere, autobusek ez dute azpiegitura berezirik behar, eta mantentze-lana ere askoz erraza eta merkeagoa da. Inpaktuak askoz txikiagoak dira, ekonomikoak zein ingurumen gainekoak.
Era berean, kontraesana da berotegi efektuko gasen isurketen murrizketa bilatzen dela esatea, behar ez ditugun lanetan CO2 tona pila sortzen ari diren bitartean. Gerora, auto pribatuaren erabilera murriztuko balitz ere, zenbat urte beharko lituzke metroak obra-fasean isuritako gasak konpentsatzeko?
Metroa ez da lehentasuna. Topoa, dagoeneko, hirigunera iristen da, Easo plazara. Hain garrantzitsua den Renfe-Euskotren intermodala aldiz, abiatu ere ez da egin. Oraindik «aldirikoak» Mugi txartela sisteman noiz sartuko zain gaude. Renfeko trenetan sartzeko irisgarritasuna edo topoak oraindik trenbide bakarreko zatiak dituela, edo biek ibilbidean zer hobetu badutela aipatu gabe, segurtasunean ere hutsune nabarmenak daude. Adifek zenbat inbertitu du erabiliena den gertuko trenbide sarean? Zenbat hobetu dira denborak eta maiztasuna? Elbarritua bazara jai duzu. Pertsonak ez dira helburu, obra inguruko negozioak baizik.
Bestela, zergatik gastatzen da egunerokotasunean horren jende gutxik erabiliko duen abiadura handiko trena bezalako proiektu handitan dirutza, eta gehienon bizi-kalitatean eragin zuzena duten besteetan ez da apenas inbertitzen? Zergatik ez hobetu ondo funtzionatzen duen topo eta autobus sistema, metroan hainbeste diru xahutu ordez?