Minbizia tatuatuz, aurrera
Estreinakoz idatziko du Klitto!-k Irutxuloko Hitzako leiho honetan. Entzun ditugunak eta entzun nahi genituzkeenak ekartzen ahaleginduko gara. Euskarak, feminismoak eta Donostiak bat egiteko atal bat da Plazara. Hasteko, bularreko minbiziari artez erantzun dion pertsona bat aurkeztu nahi dizuegu: Ainhoa. Medeak talde transfeministaren eskutik Donostiako Emakumeen Etxean aurkeztu zuten Arreta dokumentala joan den larunbatean. Gaixotasuna, heriotza, zaintza kolektibo feminista eta beste zenbait konturen inguruan hausnartzeko tartea eskaintzen du dokumentalak.
Bularreko minbizia jasan ostean, bere gorputza tatuaje batekin berreraikiko duela erabakitzen du Ainhoak. Tatuaje horren bitartez, zaurien orbainei beste esanahi bat eman nahi die, eta trans gorputzean ahaldundu.
Ainhoaren gorputzetik bidaia bat da Arreta. Gorputza bera esperientzia gune bezala ulertuta; datozen eta doazen bizipenekin. Jakin badakigu gorputzean gertatzen zaizkigun aldaketa batzuk geuk aukeratzen ditugula, geuk bultzatzen ditugula, geuk egin nahi izaten ditugula; beste batzuk aldiz, oharkabean iristen dira, bortizki kolpatzen gaituzte, armagabetzen gaituzte. Horixe gertatu zaio hain zuzen ere Ainhoari.
Bularreko minbizia zuela jakin eta gutxira hasi zen Ainhoa kimioterapia eta radioterapia tratamenduekin, ondoren, minbiziak harrapatutako bularra ebatsi zioten. Ohikoa den gisara ospitalean beste bularra eraiki nahi izan zioten protesi bidez, baina Ainhoak ezetz; geratzen zitzaion bular bakarra kentzen berreraiki zuen gorputza. Arreta dokumentalak hori du ardatz, markak arte bilakatzen ditu Ainhoak; orbanak berrasmatzen ditu.
Desira baten historia da Arreta, nola gauzatzen den, nola eraldatzen den eta nola aldatzen duen erakusten du.
Arreta jartzeko eskatzen du Arreta-k. Raquel Marques eta Maria Zafraren lana da dokumentala eta Bartzelonan eta Gernikan filmatu dute. Urriaren 29an aurkeztu zuten Donostian eta bertara gerturatzeko tarterik izan ez zenutenoi Ainhoa aurkeztu nahi genizuen. Bularrak, minbizia, gorputza, gaixotasuna, edertasuna, zaintza eta beste zenbait gairen bueltako gogoetak leiho txiki honetatik Donostian aireratzeko.