"Mojitoak egiten ditugunetik auzoko jaietan parte hartze handiagoa dugu, eta gure ekarpena egitea lortu dugu"
Azken urteetan, jaietako ostiralean, Txofreko enparantzako kontzertuarekin batera mojito festa egiten da. Edari gozo hau prestatzeaz arduratzen diren koadrilako Nora Goddi eta Naiara Garbayorekin elkartu gara, hauek pixka bat ezagutzeko aitzakiarekin.
Nortzuk zarete?
Izatez Groseko koadrila bat gara mojitoak egiten ditugunak, baina talde oso irekia gara. Urtero aldatzen doan talde bat. Gutako batzuk urte batzuetan egoten gara eta beste batzuetan ez, urtero-urtero daukagu pertsona berriren bat gurekin mojitoak egitera animatzen dena. Nahiz eta nukleoa Grosekoa izan, oso talde anitza da. Taldeari izena jarri diogu, Mojineskak.
Nola hasi zineten mojitoak egiten?
Guk askotan egin izan ditugu mojitoak guretzat, edozein lekutan etxean zein kalean. Porrontxoetan, urte batean lagun batzuen etxeko inaugurazioan mojitoak egin genituen, harrera ona izan zutenez, horietako lagun batek bere auzoko jaietan mojitoak egiteko proposatu zigun. Horrela, urte bereko urrian, Amara Berriko jaietan egin genuen lehen aldiz edari hori, ordura arte ohikoa zen baina jende gehiagorentzat. Bertan ere arrakasta itzela izan genuen, eta beraz, Groseko gure lagun batzuk ideia hori Zipotz jaietan ere egin genezakeela proposatu ziguten. Horrela hasi ginen auzoan mojito festa egiten, eta bide batez auzoari “hipergluzemia” bat sortzen.
Zergatik mojitoak?
Karibeko edari bat denez, udaran edateko oso aproposa da. Osagaien arteko oreka ere oso ona da, azukrearen gozoa eta limaren azidotasunak oso ondo bat egiten dutelako. Udarako beroari aurre egiteko oso edari freskagarria eta aproposa da .
Zein da zuen formula magikoa?
Garrantzitsua da jakitea ez dagoela formula bakar bat. Aldagai desberdinak ditugu, besteak beste, eguraldia, lekua edo eguna. Baina formula bat esan beharko bagenu, izotza oso garrantzitsua da. Udaran edaten diren edariek izotza eduki behar dute, hotza mantentzeko eta freskoak izateko. Horretaz gain, oso garrantzitsua da mendafin ona lortzea. Gainontzekoa, esan bezala, osagaien nahasketa eta oreka lortzeko aldagaiekin dantza egitea da. Azken hori oso aldakorra izan daiteke, baita egun berean ere.
Nola bizi dituzue jaiak?
Beti bizi izan ditugu modu positiboan. Urtero kontzertuetara joateko ohitura dugu, eta baita egitarauko hainbat ekintzetara ere. Taldeko kideen parte hartzea desberdina izaten da norbanakoaren arabera, baina egia esan, mojitoak egiten ditugunetik gehiago kolaboratzea eta gure ekarpena egitea lortu dugu.