'Olentzero maitea…'
-Aurten txintxoa izan naizenez opari berezi bat eskatu nahiko nizuke.
-Benetan txintxoa izan zarela?
-Bai, noski.
-Txintxoa izan zarela esateko zer egin duzu?
–Nire senide eta lagunez kezkatu eta ahal izan dudanean lagundu izan diet. Nire bizilagunak ahal izan dudan moduan ulertu eta beti esku bat botatzeko prest egon naiz. Ama natura zaintzen ahalegindu naiz kontsumo arduratsua izanda, ahalik eta gehien berrerabiliz eta birziklatuz.
-Bai, bai. Ikusten dut txintxoa izan zarela. Zer eskatu nahiko zenidake? Badakizu euskaldun guztiei opariak ekarri behar dizkiedala eta ezin dizudala gauza gehiegi ekarri.
-Bai, badakit, horrexegatik soilik opari bat eskatu nahiko nizuke.
–Zer?
–OSASUNA
-Bainaaaaa, hori ezinezkoa da.
-Nola ezinezkoa dela?
-Ba, hala da. Bizi garen gizarte honetan, gure osasunaren ardura hirugarren pertsona baten gain jartzera ohituta gaude. Zuk nire gain jartzen duzu ardura, baina asko dira bere sendagile, fisioterapeuta edo petrikiloaren eskuetan jartzen dutenak. Eta hau ezinezkoa da. Norbera da bere osasunaren arduradun bakarra. Osasun profesionalek osatze prozesuan lagundu, oztopoak bidetik kendu eta aholkuak emango dizkizute. Baina zu izango zara osatzen zarena, beraz zure osasunaren arduradun nagusia.
-Orduan zer oparituko didazu?
-Ba… Zure osasuna egokia izateko aholku pare bat:
- Egunean ordu beteko jarduera fisikoa egin ezazu.
- Zure elikadura zaindu ezazu.
- Ura edan ezazu. Gutxienez bi litro egunean.
- Zure sendagilearekin errebisioak egin itzazu.
- Kontuan izan zure egoera psikikoak erabat eragiten duela zure fisikoan. Zaindu zure burua. Kontuz estresarekin, triste bazaude aztertu zergatiak eta egin beharrekoa egoerari buelta emateko.
- Ez itxoin mina edukitzea zure fisioterapeutarengana jotzeko.