Ongi etorri Donostiara, zinemazale!

Maialen Goñi / Zinea.eus
Ez da entzuten duzuen lehen aldia izango: zinemaren kultura oso hedatuta dago Donostian, ikuslegoa fidela eta oparoa da, eta hiriko kaleetan zinemaren esentzia arnasten da. Ezaguna zaizue, ezta? Baina, zein neurritan? Egin dezagun hiriaren argazki zinematografikoa! Donostiak hogei zinema areto komertzial izan ditu 1845ean Antzoki Zaharra zabaldu zutenetik (iturria, Mikel G. Gurpegui kazetariaren Aquellos Cines Donostiarras bloga). Gaur egun hiruk jarraitzen dute martxan (Principek, Truebak eta Antiguo Berrik), eta beste hirutan ez dituzte jada film komertzialak eskaintzen, jaialdi eta ekimen berezietan soilik muntatzen baitute pantaila handia (Antzoki Zaharra, Viktoria Eugenia eta Kursaal). Honenbestez, hamalau dira Donostian desagertutako zinema aretoak, azkenak Garbera merkataritza-gunekoak, Illunben zeuden Warner zinemak eta La Bretxa merkatukoak, ikusle faltagatik. Zinema jaialdiek, ostera, goranzko joera jarraitu dute (oro har) azken urteetan: A kategoria duen Donostia Zinemaldia da izar nagusia, baina Giza Eskubideen Zinemaldiak (apirila) eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak (urria/azaroa) geroz eta onarpen zabalagoa dute. Urtea abiatzen duen Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdiak ere sona hartu du, eta ezin ahaztu martxoan eta azaroan egiten duten Creative Commons Zinemaldi berezia. Horiez gain, Asterik Laburrena film laburren zikloak (otsaila), Donostiako Zinemaldi Alternatiboak (iraila), Zinema eta Buru Osasuna zikloak (azaroa), Itsaspeko Nazioarteko Zinema zikloak (azaroa), Begiradak Nazioarteko Zinemaldi Amateurrak (azaroa)… egutegian tokitxo bat egitea lortu dute. Aldiz, Surfilmfestibal jaialdiko arduradunek, hamargarren edizioaren ostean, urtebeteko atsedenaldia hartzea erabaki zuten 2016an, eta geroztik ez dugu haien berririk. Baina urte osoko bista beharrean, astea bi orrialdetan erakusten duen agenda baduzue, ez pentsa zuriuneak geratuko zaizkizuenik: emanaldi komertzialetatik harago, astelehenetan Kresala Zineklubaren proiekzioak dituzue Trueba aretoan, astearteetan film klasikoak Principe zinemetan, asteazkenetan Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean antolatzen duten Nosferatu zikloa Tabakaleran, ostegunetan Trueba aretoko emanaldi bereziak, eta asteko edozein egunetan Euskadiko Filmategiaren zikloak, Tabakaleraren hileroko eskaintza, Bang Bang Zinema saio bikoitzak (bi hilean behin) eta Donostia Kulturaren haurrentzako emanaldiak, batzuk aipatzearren. Bada abaniko zabal horretan galtzen hasi denik ere… Eta akziora pasatzeko aukera aztertzen ari bazarete, ez zarete erratu: Donostia Kulturak eta Larrotxene Bideok eskaintzen duten ikastaro-sorta duzue, alde batetik, eta irailean lehen ikasturtea abiatu duen Elias Querejeta Zine Eskola, bestetik. Lehena eskuragarriagoa da, edonork eman baitezake izena gidoigintza, ekoizpena, zuzendaritza, dokumentalgintza… aztergai duten bi aste inguruko ikastaroetan. Animatuko zara? Datuak datu, hiriak zinemarekin lotura estua duela ezin uka daiteke, eta zinema pasio dutenentzako habitat egokia dela Donostia. Mikroklima, baina, ez da perfektua, eta baditu jorratu beharreko hainbat alderdi, hala nola, ikusleen batez besteko adina eta jatorrizko bertsioan emandako filmen eskaintza. Eta hala ere, ongi etorri Donostiara, zinemazale!