Silvia Federici eta Amaia Pérez de Orozco. (Argazkia: Ana Iruretagoyena)
Zinemaldi, Jazzaldi, Musika Hamabostaldi eta gainontzeko aldietan ikustera ohituta gauden moduko ilarak ikusi genituen asteazkenean Feministaldian. Kultura feminista jardunaldiek hamaikagarren edizioa dute aurten, Plaza izenburupean, eta, nazioartetik punta-puntako erreferenteak ekarri ohi badituzte ere, antolatzaileak eta bertaratu ginenok harritu egin ginen mahai inguruak izan zuen harrera apartarekin. Plaza hartu ez ezik, Tabakalerako Patioa jendez gainezka -450 lagunentzako tokia aise gaindituta- egotea lortu zuten hizlariek: Silvia Federici eta Amaia Pérez de Orozco elkartu ziren, ekonomia feministaren inguruan aritzeko.
Bada, globalizazioa, herri-ondasunen suntsipena eta emakumeen kontrako indarkeriaz jardun zen lehenengo Federici eta agerian utzi zuen, zergatik den ekonomia feminista mundu zabalaren interesa sortu behar lukeen gaia. «Harreman zuzena dago kapitalismoaren indartzearen eta emakumeen aurkako bortizkeria areagotzearen artean», azaldu zuen Federicik, hamaika ikerketa eta adibide adibidetzat jarriz.
Iraultza feministarako espazio ekonomikoak izan zituen hizpide Pérez de Orozcok. Mardul eta sakon jardun zen, egun dugun sistema ekonomikoa iraultzeko, bizi nahi dugun bizitzaren inguruan hausnartu eta horri erantzungo dioten estruktura ekonomikoak sortu behar direla aldarrikatuz.
Zenbait unetan, gaiaren konplexutasuna kontutan hartuta eta biek erabiltzen duten hizkuntza teorikoan murgilduta, utopia hutsaz ari zirela irudi zezakeen; alegia, bizitza erdigunean jarri eta hori nahi dugun moduan bizitzea ahalbidetuko duten sistema ekonomikoen egiturak sortu eta garatzea. Eta gogora ekarri zuen orduan, hitzaldia amaitzeko, Federicik bere borroka. 70. hamarkadan hasi zen hura feminismoan eta, bidean, haren amonarentzat erabat pentsagaitzak ziren eskubideak eta askatasunak lortu dituzte. Lehen ilaran eserita, buruarekin baietz egiten zuten Plazandreok plataformako emakumeek. Duela zenbait hamarkada hasi ziren gogor lanean haiek ere, eta hortxe dihardute oraindik tinko, Donostiara Federici moduko erreferenteak ekartzen. Sekulako plazerra, Plazandreek eskainitako plaza bizitzeko aukera izatea.