"Terrazarik ez duen auzoko taberna txiki bat mantentzea gero eta zailagoa da Donostian"
Vero Semís Castro (Solsona, Katalunia 1982) itxi berri den Zabaleta kaleko ZAS tabernaren jabea zen. Groseko Zipotz jaietan urtero eduki du parte hartze handia taberna honen komunitateak, eta pena handia eman digu itxi behar izan dutela jakiteak. Hori dela eta, jabeari, Verori, elkarrizketa bat egin diogu, haren egoera zein den hobeto ezagutzeko, eta bide batez, baita auzoko ostalaritzaren egoerari buruz harekin hitz egiteko.
Noiz ireki zenuen taberna?
2013ko apirilean ireki genuen taberna.
Zein ibilbide izan du tabernak?
Hasieratik oso ideia argia izan genuen: auzoko taberna bat sortzea, Groseko jendeak pote bat hartu eta, aldi berean, proiektuan parte hartzeko aukera izan zezan, tabernaren bidez jaiak antolatzen lagunduz. Familia bat sortzea zen bilatzen genuena eta aurkitu duguna, langile eta bezeroaren arteko harreman hotzetik ihesi; ostalaritzan gero eta gehiago aurkitzen dena hori baita, turismoari begira egiten baita geroz eta gehiago lan.
Nola sentitu zara auzoan?
Donostiara bizitzera etorri nintzenetik, Grosen bizi eta lan egin izan dut beti, eta gustatu egin zitzaidan auzo giro hau aurkitzea hiri batean. Hasieran ulertuko duzunez, zaila izan zen, baina pixkanaka familia handi bat sortu genuen.
Nola hasi zineten Jai Batzordean parte hartzen?
Groseko Jai Batzordeko zenbait kide aurrez ezagutu nituen lanean ibili nintzen beste leku batzuetan. Zas taberna ireki eta urtebetera, Jai Batzordeko lagun horiek etorri ziren ea taberna apaindu nahi genuen galdetzera, jai giroa sortzen laguntzeko. Pixka bat beranduago, Zabaleta kaleko saltokietako langileek eta ostalariok, jaietako larunbatean egitarau bat osatuz parte hartzea erabaki genuen: jaiei zerbait gehiago eskaintzeaz gain, bertako kontsumoa eta giroa indartzeko.
Zenbat urtez egon zarete jaietan parte hartzen eta nolakoa izan da parte hartze hori?
Oker ez banago, sei urte izan dira, baina ez iezadazu kasu handirik egin, ez baititut urteak zehazki zenbatu. Gauzak antolatzen direnean, ulertuko duzun moduan, aurreko egunetan beti sortzen dira arazoak, baina azken emaitza beti izan da positiboa, eta urteak joan bezala etortzen dira.
Lehen esan duzun bezala, Zabaleta kaleko saltoki eta tabernetako langileak jaietako larunbaterako egitarau bat antolatzen hasi zineten, hitz egin dezagun pixka bat gehiago horri buruz: zergatik hasi zineten hori egiten, eta nola egin zenuten?
Zabaleta kalea auzoko merkataritza eta ostalaritza biltzen dituen gunea da, oro har. Batzuetan, kalea nahiko hutsik geratzen zenez, giroa animatzeko Zipotz Jaiak aprobetxatzea pentsatu genuen. Horrela, kale horretako festa egiten has gintezkeela pentsatu genuen, bertako kontsumoa indartzeko. Hori egin ahal izateko, ezinbestekoak izan dira hainbat auzotar, Itxas Gain eta Casa Galizia elkarte gastronomikoetako kideak eta Gehitu elkarteko partaideak. Horiek gabe ezinezkoa izango litzateke Zabaleta Kaleko egitaraua egitea, eta bide batez, horiei guztiei eskerrak emateko erabili nahi dut txoko hau.
Tamalez, taberna itxi egin behar izan duzue, azalduko diguzu zer gertatu den eta egoera zein den?
Terrazarik ez duen auzoko taberna txiki bat mantentzea gero eta zailagoa da Donostian, ostalaritza turistikoa asko indartzen ari baita bertan. Ez dugu inoiz zirkulu horretan sartu nahi izan, hau da, ez dugu turistei begira inoiz lan egin nahi izan. Izan ere, pixkanaka, auzotarrentzat diren guneak desagertzen ari dira, eta gero eta zailagoa da zerbait hartzea ingeleraz hitz egin beharrik izan gabe. Horretaz gain, konfinamenduak eta ezarri dizkiguten segurtasun neurriek lan egitea galarazi digute. Hauxe galdetzen genion geure buruari: udan lan egiten uzten ez badigute, nola egingo diogu aurre neguari? Ondorioz, asko pentsatu ondoren, taberna ixtea erabaki genuen; epe labur edo ertainean ezin izango baikenion egoerari aurre egin.
Eta orain, nola geratu zara? Ba al duzu beste egitasmoren bat esku artean?
Oraintxe bertan ez. Lehenik eta behin, egoera honen bilakaera zein izango den ikusi nahi dugu, izan ere, gerta daiteke berriro ere denok etxean sartuta egon behar izatea. Beranduago, epe luzera, ikusiko dugu zer egin.
Nola ikusten duzu ostalaritzaren egoera Grosen?
Egoera nahiko latza ikusten dut. Batetik, ateak ixten ari diren tabernak daude, eta bestetik, irekita mantendu direnak, baina horien egoera ere ez da oso ona. Beste hitz batzuetan esanda, edukiera mugatu beharrak diru sarrerak murrizten ditu, aldiz, gastuak mantendu egiten dira. Ondorioz, auzotarrek arduraz jokatzeko garaia da hau: tokiko taberna eta dendetan kontsumitzeko garaia.
Amaitzeko, beti egiten dugun galdera bat: zein da zuretzat jaietako jarduerarik gogokoena?
Beti egokitu izan zait lan egitea, eta, beraz, ezin izan dut jaiez asko gozatu. Egun bat aukeratzekotan, niretzat politena igandea izaten da, normalean ez baitut lan egiten, eta asko gozatu izan dut egun horretako giroaz.