TXAPELA BURUAN ETA IBILI MUNDUAN
GEURE KULTURA ETA IZAERA ALDARRIKATU ETA GORAIPATZEKO, EKAINAREN 18RAKO DONOSTIAN ANTOLATZEN ARI DEN KAPELAREN IBILBIDEA BALIATU NAHIKO NUKE.
“Kultur ezaugarri, modakoa, fashion iraultzailea eta garaikidea, gu guztiok daramagun nortasun izkutu hori ateratzen laguntzen diguna, horixe da txapela” (boinas elosegi)
Ezagutzen nauzuenok jakin badakizute argazki honetako kapela ez datorrela bat nirekin. Urteak dira txapela buruan hara eta hona nabilela.
Ekainaren 18an San Martin Auzoan antolatzen ari garen KAPELAREN IBILBIDEA, geure izaera, nortasuna eta bereziki, txapelaren erabileraren aldarria egiteko baliatu nahiko nuke.
Globalizazioa dela eta, munduko txoko ezberdinak berdintzen ari dira. Berdin du, Lisboan zein Donostiako abenidatik pasiatzea, denda berdinak topatuko bait ditugu. Berdin du, urriaren 31n Toledotik zein Euskal Herriko edozein kaletatik ibiltzea truco o trato gazteleraz hizketan, erositako mozorroz jantzirik eta eskuetan plastikozko kalabaza dutelarik, haurrak gerturatuko zaizkizuela.
Jada ez dugu korrikarik, luzaketarik edo mendi bueltarik ematen. Egun, running, stretching edo trekking egiten bait dugu.
Zergatik Halloween kontsumista eta globalizatzailea aukeratu, gurea eta tardizionala den Gau Beltza izanda?
Zergatik multinazional erraldoiak, bertako, gertuko eta kalitatezkoa den merkataritza dugunean?
Besteena gutxietsi gabe, gurea zaindu, maitatu, babestu eta aldarrikatu beharko genuke.
Ekainaren 18an, Kapelaren Ibilbidea gurea erakusteko leiho paregabea dela uste dut. Euskaldunon tradizioa, donostiarron izaera eta ohitura, gu nor garen eta zer garen islatzeko.
Bide honetan, TXAPELA aldarrikatzeko aukera ez dut galdu nahi. Kaldereroen txanoak, euskal sorginen zapiak, euskal inauterietako kapelekin batera gure betiko eta betirako izango den txapela ekainaren 18an Donostiako kaleetan izango da.
Ongi etorriak beste lekuetako pertsonak, beraien kultura, kapela eta jazteko erarekin. Ongi etorriak, material berziklatuez eginiko txanoekin zatoztenok. Ongi etorriak, elaboratutako kapelaz zatoztenok. Ongi etorriak eleganteak. Ongi etorriak, ongi pasatzera etorri nahi duzuen guztiok.
Baina nik, nire kulturaren ezaugarri, modakoa, fashion, iraultzailea eta garaikidea den txapelarekin parte hartuko dut.