YoGoe4Life proiektuaren aurkezpena Donostian
Gaztaren Institutuak, Goenaga Esnekiak, Glucovibes eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak elkarrekin, YoGoe4Life proiektua garatzen ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz (Misioak) dirulaguntzari esker. Egitasmo honek helburu du A2A2 proteina duen jogurta egunero kontsumitzeak perimenopausiari lotutako ondorioetan duen eragina ulertzea, hainbat faktoreren jarraipena eginda. Horretarako, datozen hilabeteetan, 45 urtetik goragoko 20 emakumerekin hasierako esperientzia bat abiaraziko da.
Honi guztiari buruz hitz egiteko, aurkezpen ekitaldia prestatu da Donostian. Aurkezpen honetan, proiektuaren nondik norakoak azalduko dira: proiektuaren hartzaileak, motibazioa, parte hartzearen nolakotasuna eta abar. Bertaratzea irekia denez, interesatu orok gerturatzeko aukera izango du. Dena den, jarraipena egiteko, izen-emate hau bete behar da: https://labur.eus/1gd5c
Aurkezpenaren xehetasunak:
Data: Apirilak 18.
Ordua: 18:30-19:30.
Lekua: Gipuzkoako Foru Aldundiko Gunea Aretoa (Donostia).
Laburbilduz, Gaztaren Institutuak, Goenaga Esnekiak, Glucovibesek eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak atsegin handiz gonbidatzen ditu komunikabideak YoGoe4Life proiektuaren ekitaldi honetara.
Era berean, esan, hasierako esperientzia hori maiatzaren 13an jarriko dela martxan eta 27an amaitu. Bi aste horietan, parte hartzaileek Goenaga yogurt bat jan beharko dute egunero eta 14 egunez eraman beharko duten CGM (glukosaren etengabeko monitorizazioa) sentsore baten bidez egingo zaie jarraipena. Gainera, Glucovibes aplikazioa erabiliko da. Bertan, NFCrekin irakurritako glukosa-datuak erregistratuko dira, baita ahorakinak, egindako jarduera fisikoa eta lo-kalitatea ere. Hala ere, hau guztia hasierako proba horren aurretiazko bileran zehaztuko da.