Zer da mina?
Guztiok ondo dakigu zer den, noizbait sentitu baitugu. Baina, nola definituko zenuke?
Nik horrelako zerbait esango nuke:
“Mina, mina sentitzen duen pertsonak bizi duen esperientzia emozional zein sentsorial desatsegina da”
Beraz, min guztiak ezberdinak dira. Norberak testuinguru bakoitzean sentitzen duen esperientzia zehatz eta bakarra da. Estimulu batek egoera jakin batean esperientzia mingarria eragin dezake, baina beste egoera ezberdin batean ez.
Honek mina estimulu ezberdinen aurrean garunak egiten duen ebaluazio baten ondorioa dela argi eta garbi erakusten digu.
Bestela, estimulu berak batzuetan mina eragitea eta beste batzuetan ez eragitea nola liteke?
Adibide erreal zein bereziak jarriko dizkizut:
Tiburoi batek koska egin dien eta salbatu diren pertsonek egoera deskribatzean erasoaren momentuan minik ez dutela sentitu adierazten dute. Zer dela eta ez da minik azaldu lesio handia eraginda? Garunak egoera aztertzeko garaian hortik ihes egitea lehenetsi du eta ,beraz, mina geroko uzten du.
Langile batek iltze bat zapaldu eta iltzearen punta zapataren goialdean agertu zitzaion. Mina jasan ezinik zorabiatu zen. Asistentziak iristean zapata kendu eta iltzea behatzen artean, azala ukitu gabe pasa zela ikusi zuten. Langile honek ez zuen lesiorik, baina bere interpretazio okerrak zorabiatzerainoko mina eragin zion.
Bi adibide xinple hauekin argi ikusten da mina estimulu ezberdinen aurrean eta egoera zehatz batean gure garunak egiten duen interpretazio bat dela.
Gai zoragarri honi buruz sakontzen jarraituko dugu. Baina beti bezala gaiaren inguruan sortzen zaizkizuen zalantzak edo kezkak argitu nahi izanez gero, jar zaitezte nirekin harremanetan eta saiatuko naiz ahal dudan neurrian argitzen.