Maialen Arrazola, Bulebarreko kioskoan (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ingenieritza ikasketak bukatzeko proiektua baino ez zaio falta, baino bere kezka handiena arrauna da; Teresa Mas de Xaxarsekin Espainiako scull bikoitza osatzen du. Zelanda Berrian Munduko Txapelketa jokatu, astebeteko oporrak bertan egin eta etxera itzuli zen aurreko astean Maialen Arrazola (Erdialdea, 1985). Donostian Irutxuloko Hitzarekin elkartu da, baina gaur bertan Sevillara joateko hegazkina hartu du, dagoeneko Espainiako selekzioko kontzentzazioekin hasiko baita.
Nola aukeratu zintuzten Espainiako ontzia osatzeko?
Iazko iraila bukaeran hasi ginen entrenatzen eta probak egin genituen, bai ergometroan bai uretan. Gero, emaitza onenak lortu genituen biak elkarrekin entrenatzen hasi ginen otsailetik aurrera. Ontziak funtzionatzen zuela ikusi zuten eta aurrera egin genuen.
Zenbat lehia pasa behar izan dituzue Munduko Txapelketan parte hartu ahal izateko?
Elkarrekin egindako lehenengo estropada Italian izan zen, apirilean. Ongi aritu ginenez, Esloveniako Lehenengo Munduko Kopara eraman gintuzten eta nahiko ongi aritu ginen hor ere. Beraz, Hirugarren Munduko Kopan parte hartu genuen eta hamargarrenak geratu ginen. Nahiko postu ona da hori, ontzi on guztiak elkartzen baitira hirugarren kopa horretan. Hortik aurrera, udara osoa pasa genuen elkarrekin entrenatzen eta beste neska bat ere igo zuten erreserba moduan. Agian guri gogorrago egiteko modua izan zen, ez erlaxatzeko. Gero, Portugalen izan zen Europako Txapelketara joan ginen eta finalerako sailkatzea lortu genuen. Lorpen handia izan zen, finalerako sailkatu zen Espainiako ontzi bakarra izan baitzen gurea. Hala ere, finalean estropada txarra egin genuen eta seigarrenak geratu ginen.
Nola moldatzen zarete elkarrekin entrenatzeko?
Nire ontzikidea bizi den tokian entrenatzen dugu. Talde arina deiturikoan gaude eta taldeko gehienak kataluniarrak direnez, hara joaten gara. Etxetik geroz eta jende gutxiago mugitu, orduan eta hobe baita. Katalunian bere ordutegira moldatzen gara, nik han ez baitaukat beste ezer ere egiteko. Goizean goiz entrenatzen dugu, seiak aldera, eta gero gosaldu egiten dugu. Bera unibertsitatera joaten da eta arratsaldean berriro entrenatzen dugu, 17:00etan.
Orain Zelanda berriko Munduko Txapelketatik itzuli berria zara. Nolako esperientzia ona izan da, ezta?
Jubenil eta 23 urtetik beherakoentzako mundialetan egona nintzen, baina hau izan da nire lehen munduko txapelketa absolutu mailan. Esperientzia sekulakoa izan da, oso ona. Gainera, beheko mailetako txapelketak hiru egunetakoak izaten dira, baina honek zortzi eguneko iraupena izan du eta bi egunetik behin izan ditugu estropadak. Horrela atseden hartzeko denbora izan dugu eta hurrengo estropadarako indartsuago irten gara.
Pena handia izan zen finaletik kanpo geratzea?
Pozik nago, baina badut zerbait barruan. Joan aurretik, lehenengo 12en artean geratzea oso emaitza ona izango litzatekeela esan ziguten eta lortu genuen. Lehenengo bi estropadak onak egin genituen, baina gero ez. Ontzia Londreseko Joko Olinpikoetarako sailkatzeko, datorren urteko Munduko Txapelketan lehenengo zortzien artean geratu behar gara. Aurtengo finalean gehiago egin bagenu, lasaiago geratuko nintzateke. Nahiko irregularrak gara eta esaten digute oraindik elkarrekin arraunean denbora gutxi daramagulako dela, gehiago ezagutu behar garela.
Zaila da orduan ontzikidearekin bat egitea?
Berak 29 urte ditu eta 15 urte daramatza Espainiako onena izaten, bakarrik arraun egiten. Bakarrik ohitua dagoenez, kostatu egin zait berarekin moldatzea. Denak desberdinak gara eta denbora kontua izango dela pentsatzen dut, biak ohitu behar gara.
Joko Olinpikoak dira zure erronkarik handiena?
Bai, hori lortu nahi dut, baina oso zaila dago. Horretarako entrenatzen ari gara eta ea gauzak ongi ateratzen diren.
Atzera eginez gero, noiz hasi zinen arraunean?
15 urte nituela, mutil bat etorri zen ikastolara, esanez Arraun Lagunaken neska faltan zebiltzala eta klaseko lau neska animatu eta arraunean hasi ginen. Nire aita arraunlari ohia da eta ez zuen nahi ni ere arraunean hastea, bazekielako kirol gogorra dela.
Nola oroitzen dituzu lehen urteak?
Ongi pasatzera joaten ginen, baina maila igo zenean, bi neska bakarrik geratu ginen klubean, Ainhoa Iñiguez eta ni. Serioago entrenatzen hasi ginen eta futbola utzi behar izan nuen. Aurrerago, urtebetez ni izan nintzen klubeko neska bakarra eta Hondarribiara joatea erabaki nuen. Pauso handia dago klubean nabarmentzetik selekzio mailan nabarmentzera. Asko entrenatu beharra dago horretarako eta nik ez nuen uste lor nezakeenik. Entrenatzaileak nigan konfiantza zuen eta saiatu beharra nuen.
Aulki finkoan ere aritu zinen, ezta?
Beti ibili izan naiz aulki mugikorrean, baina Hondarribian bateletan eta traineruan ere ibili nintzen. Aulki mugikorra uztean traineruan ibiltzeko asmoa dut, baina orain biak batzea ezinezkoa da. Eliteko arraunlari baten bizitzak zortzi urtekoa dela diote, baina nire koadrilakoek euren bizitzak aldatu dituztela ikusten dut eta ni oraindik gurasoekin bizi naiz eta ezin dut beste ezer planteatu. Beste bizitza normalago bat izatea gustatuko litzaidake. Beraz, datozen bi denboraldiak zein umorerekin bukatzen ditudan ikusi ondoren, ziur aski elitean arraun egiteari utziko diot. Arrauna denbora-pasa bezala hartuko nuke, egunean behin entrenatu eta parrandak ere egin.
Zer iritzi duzu emakumezkoen traineruei emandako bultzadaz?
Ni traineruan nengoen lehenengo Kontxa jokatu genuenean. Alde batetik ongi iruditzen zait, baina bestetik etxea teilatutik egiten hasi garela iruditzen zait. Nesken helburua trainerua osatzea da eta dagoenarekin ateratzen gara, entrenatzaileak ez dauka aukeratzeko tarterik. Ez dago lehiarik arraunlarien artean eta sekula ez dugu hobetuko, atzetik ez badator bultzatzen ari den jendea. Beheragotik hasi behar zela uste dut eta ez TKE mailako estropadekin. Gainera, mutilen distantzia bera egin beharko genukeela uste dut eta ez erdia. Aulki mugikorrean, esaterako, mutilen ibilbide bera egiten dugu.