Mikel Orbegozo intxaurrondotarrak ‘Preso nago’ komikia argitaratu du
«Barruko bizitzaren kritika bat da; baina, ironiarekin egina. Mikelen karakterea horrelakoa da-eta», laburbildu du Mikel Orbegozoren amak, Marian Etxarrik, bere semeak argitaratu berri duen Preso nago komiki liburua.
Dispertsio politikaren ondorioak gertutik ezagutzen ditu Orbegozok. Hain zuzen ere, Leonen dagoen Mansillako presondegian dago donostiarra, edo bere gurasoek aho batez zehazten dutenez, «intxaurrondotarra». Lagunei egindako opariak daude Ataramiñe argitaletxeak plazaratutako lan honen atzean. «Urtemuga eta horrelakoetan oparitzeko ezer izan ez, eta lagun zein familiakoei komikiak ematen zizkien», azaldu du Etxarrik. «Lagunek hori ikusita, ‘ze majo! zergatik ez duzu liburu bat osatzen?’ galdetzen zioten». Azkenean, euskal preso eta iheslarien lanak argitaratzen dituen Ataramiñe argitaletxearen eskutik iritsi da istoriotxo bilduma hau.
Kanpoa ere, gogoan
Preso nago-k Orbegozoren egunerokotasuna islatzen du estilo sinple eta eraginkorrean. Espetxe barruko bizitzaren detaileak, ironiaz margoturik azaltzen dira koloretan plazaraturiko 80 orri inguruko liburuan.Intxaurrondokoaren eguneroko bizitza gogorra islatzen duen lana izanik ere, «kristona lagundu dio egoera hori arintzen, Mikel nahikoa sartzen delako gauzetan eta honetan eman duen denboran burubelarri aritu da», azaldu du German Orbegozok, egilearen aitak.
Abenduaren hasieran irten zen inprimategitik liburua, eta Durangoko Disko eta Liburu azokan oso ondo saldu dela esan dute Orbegozoren gurasoek. «Guk 50 bat ale ekarri genituen eta batzuk Intxaurrondoko Zulo Zahar tabernan utzi genituen saltzeko». Orbegozo oso pozik dago liburuak duen itxurarekin, nahiz eta duela gutxi ikusi duen. «Joan den astean jaso zuen alea, aspaldian eraman genuen arren. Hizkuntzagatik edo espetxeari buruzkoa izateagatik atxikituta izan zuten ziurrenik», azaldu du Etxarrik. «Erdaraz idatzitako zoriontzeko gutuna ere jaso du Mikelek. Gasteizko neska batek Durangon erosi eta gero, liburua oso ondo zegoela esateko idatzi zion».
Aurrekoa ez da komikiak kanpoko bizitzarekin duen lotura bakarra. Kartzela barruko bizitzan oinarria duten istorioak izanik ere, kanpoan horiek nola bizi diren edota azkeneko urteetan presoen argazkien kontrako polizia ekimenek sortu dituzten egoerek bere isla dute Orbegozoren esku zorrotzaren emaitzan.