Dokumentaleko irudia (Moriarti)
Euskadiko Sei Orduak, 2003. urtea, Belodromoa. Iñaki Perurenak marka hausteko azken ahalegina egin zuen, baita lortu ere. 1.700 aldiz altxa zuen 100 kiloko harria. Bere semeak, Inaxiok, lehen ahalegina zuen Anoetan. Harri-jasotzaile gazteak, ordea, ez zuen lortu. Moriarti ekoiztetxeko Jon Garaño bertan izan zen: «Berezia iruditu zitzaidan etxe horretan egoera nolakoa zen pentsatzea. Aita, ohituta dago markak hausten, eta beste bat egin zuen egun hartan; semearentzat lehen aldia zen, eta kale egin zuen. Zerbait berezia pasako zen egun hartan, etxe hartan». Gogoeta hura zen hurrengo astean Antzoki Zaharrean aurkeztuko duen dokumentalaren hazia.
Handik hiru urtera, Garaño AEBetan zinema ikastaro bat egiten ari zela, proiektu batean islatu zuen gertakizun hura. Telebistako artxiboko irudiak erabili zituen trailer bat sortzeko. Euskal Herrira itzuli zenean, beste lan batzuekin lanpetuta ibili zen, baina ez zuen ideia hura ahaztu. Lankideekin hitz egin zuen proiektuaren inguruan, gustatu egin zitzaien, eta Garaño grabatzen hasi zen: «Lehen asmoa dokumental behatzailea egitea zen, elkarrizketa eta off ahotsik gabe. Nire lehen ideia hark, ordea, ez zuen aurrera egiten. Bertan behera uztekoar ere egon ginen, baina material hori aprobetxatzea erabaki genuen. EITBri erakutsi genion, proiektua gustatu zitzaien eta beste mota bateko lana egiten hasi ginen, orain aurkezten duguna».
Iñaki eta Inaxio Perurena dira Jon Garañok zuzendutako azken dokumentaleko protagonistak. Perurenatarrak grabatzen hasi zen. Erakustaldietan, lehendabizi. «Markaren batean ere bai. Baserriko lanetan ere, batik bat. Peru Harri izeneko museoa egiten ari ziren, grabatzen hasi nintzenean eta prozesu hori guztia ikusi dut». Garañok berak formatu eta kamera desberdinekin grabatutako irudiak, zinemako irudiak, Perurenatarrek etxean grabatutako irudiak, telebistakoak, artxibokoak… Mota guztietako formatuak nahastu ditu Perurena filmean: «Irudi aldetik berezi samarra da. Iñakik plazan egindako lehenengo agerraldietako bat agertzen da, Caro Barojak grabatutakoa. Egungo irudiak, aldiz, erabat modernoak dira. Mila irudi dira, mila formatukoak. Azken irudiak 2010ekoak dira».
Dokumentala Inaxiok Asteasun, 2009ko abenduan, 300 kiloko harria altxatzeko saiakerarekin hasi eta bukatzen da. 2003 eta 2009 arteko bidea islatzen da pelikulan. Iñaki eta Inaxio ez ezik, beste pertsona batzuk ere agertzen dira, «kanpoko irudia ematen dutenak . Herri kiroletan adituak diren kazetariek hitz egiten dute. Koldo Aldalur, Iñigo Goñi, Andres Osa Sakona, Jon Leunda… Mieltxo Saralegi ere agertzen da. Egun marka dauka. 329ko harria altxa du. Interesgarria zen bere ikuspuntua, jakina».
Aitaren itzala
Abizenaren zama gai garrantzitsua da dokumentalean. «Inaxioren historia ulertzeko Iñakirena ulertu behar da lehendabizi. Iñaki ez da edozein herri kiroletan eta harri-jasotzaileen artean. Ospetsuena da, eta marka handienak egin ditu. Iraultza moduko bat ekarri zuen harri jasoketara. Iñakik 300 kilo jaso zituenean pentsaezina zen norbaiteko horrenbesteko pisua altxatzea. Oihartzuna izugarria izan zen. Telebistan agertzen hasi zen… Jendeak uste zuen harri-jasotzailea pertsona itxi bat zela, kultura gabekoa… Ez zuen zertan horrela izan beharrik, baina jendeak horrela uste zuen. Iñaki etorri zen eta ikusi zen oso plazagizona zela. Hitz egiten zekien, antzezten, olerkiak idazten, marrazten, liburu bat ere idatzi du… Pertsonaia berezia bihurtu zen. Eta normala da jendeak Inaxiorengan beste Iñaki berri bat ikusi nahi izatea. Aitaren itzala edo zama handia da».
Garañorentzat oso erakargarria zen Inaxioren larruan jartzea, «zer egingo nuke bere lekuan izanez gero?». Dokumentalaren hasieran Inaxiok egiten duen adierazpena azpimarratzen du zinemagileak: «Lehen aldiz plazara bost urterekin atera zen, 11 kiloko harria altxatzera. Egun hartan bertan kazetari batek galdetu omen zion, ‘noiz lortuko duzu aitaren marka?’ Pentsa… Beti izango du konparaketa. ‘Ona da baina inoiz ez da izango bere aita bezalakoa’, edo ‘bai, iritsiko da bere aita bezalakoa izatera’.
Inaxiok aitaren markak lortu ez baditu ere, Garañoren ustez, «kontuan hartu behar da egun ez dagoela inor berak adinakko pisua altxatzen duenik. Halere, konparazioek hor jarraitzen dute. Ez zait bidezkoa iruditzen».
Duela gutxi, sare sozialetan zehar Iñaki Perurenaren bideo batek oihartzun izugarria izan du eta haren «traza batzuk» ikus daitezkela dio Garañok: « Bideo hori ez da azaltzen, baina zerbait kontatzen da. Kasualitatea izan da, oihartzun handia lortu du. Kasualitatea izan da, gainera. Nik dokumentala bukatu eta lagun desberdinen bidez iritsi zitzaidan link hori. Iñakiren prentsamenduak eta izaera oondo islatzen dira dokumentalean. Nahiz eta gaia berdina ez izan».
Donostian erabateko estreinaldia egingo dute. Dokumentala aurkeztera etorriko dira, gainera, Iñaki eta Inaxio Perurena: «Beraiek ere publikoarekin ikusiko dute dokumentala. Hau guztia Donostia Kulturaren ekimena izan da, EITBrekin elkarlanean antolatu dute. Guretzako errekonozimendu moduko bat da. Publikoaren aurrean erakusteko, eta beraiekin esperientzia konpartitzeko».