ETB1en Mugaldekoak telesaila eman eta gero, filma ikusteko ordua iritsi da. Alemaniako frontean eroritako hegazkin pilotuak salbatzeko Comete sarearen sorrera, eta Bidasoaren mugan bizi diren herritar batzuen bizitzaren gainean sortutako lana aurkeztuko dute Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues zuzendari donostiarrek. Gabilondok, zuzendari, gidoilari eta aktore lanak egin ditu. Isidoro Fernandez aktorearen emaztea izango da pantaila handian. Donostian, Bilbon eta Gasteizen ez ezik, Madril eta Bartzelonan ere estreinatuko dute gaur.
Gaur, ostirala, estreinatuko dute Trueba zinema aretoan ‘Mugaldekoak’. Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek Bigarren Mundu Gerran eta frankismoan girotutako filma da.
Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues, 'Mugaldekoak' filmeko zuzendariak.
ETB1en Mugaldekoak telesaila eman eta gero, filma ikusteko ordua iritsi da. Alemaniako frontean eroritako hegazkin pilotuak salbatzeko Comete sarearen sorrera, eta Bidasoaren mugan bizi diren herritar batzuen bizitzaren gainean sortutako lana aurkeztuko dute Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues zuzendari donostiarrek. Gabilondok, zuzendari, gidoilari eta aktore lanak egin ditu. Isidoro Fernandez aktorearen emaztea izango da pantaila handian.
Donostian, Bilbon eta Gasteizen ez ezik, Madril eta Bartzelonan ere estreinatuko dute gaur, martxoak 18.
Nola sortu zen ‘Mugaldekoak’ proiektua?
Comete sarea ezagutzen genuen, eta horren inguruan fikzio bat egitea pentsatu genuen. Garai hura nolakoa zen, eta jende hark bizitako benetako istorioak kontatu nahi genituen. Historia ezezaguna da. Jende askok ez daki sare hura existitu zuenik ere, ezta hemengo jendeak bertan parte hartu zuenik. Kontatzeko beharra sentitu genuen. Tentazioa Produkzioak-en berehala jarri ginen lan talde handi bat proiektu honetan lanean. ETB1en ere finantziazio modu bat bilatu genuen. Filmaz gain, hamahiru kapituluko telesail bat egiteko aukera lortu genuen. Guk duela bi urte egin genuen hau, eta orain, ustekabean, garaiko telesail mordoa agertu dira: ‘La señora’, ‘La Republica’… Horrelako kasualitateak ematen dira… Garaiko film bat egiteko diru asko inbertitu behar denez, ba horrela etekin handiagoa atera genezakeen. Jende askok parte hartu dugu. Kike Diaz De Rada, Patxo Telleria, Harkaitz Cano eta ni neu, gidoian. Fernando Bernues eta biok zuzendaritzan. Eta aktore pila bat: Iñaki Beraetxe, Matxalen de Pedro, Isidoro Fernandez, Aintzane Gamiz, Klara Badiola, Sara Cozar… Denon artean egin genuen lan.
Denboran atzera egin zenuten, Bigarren Mundu Gerrara eta 1936ko gerraostera. Errodajea ere konplikatu samarra izango zen…
Lan gehigarria izan zen bai. Horrelakoetan zailagoa da jantziak edota dekoratuak lortzea. Objektu horiek alokatu edo bilatu egin behar dira. Oso benetakoa izatea nahi genuen, gainera. Artikutzan, Goizuetan, Euskal Herriko hainbat menditan izan ginen filmatze lanetan… Baina gustura geratu ginen, eta orain, hainbeste lan egin ondoren, ‘Mugaldekoak’ zinema aretoetan ikustea pozgarria da.
Isidoro Fernandez eta Mireia Gabilondo.
Comete sarea, mugalariak, gerra… Zer da fikzioa eta zer da benetako historia filmean?
Abiapuntua benetako historia izan zen, baina fikzio bat osatu dugu. ‘Mugaldekoak’ ez da dokumental bat, eta ez da bakarrik Comete sareari buruzko pelikula bat. Benetako bi pertsonaia hartu eta gure istorioan sartu ditugu. Sarea sortu zuen Andre de Jogh erizain belgiarra eta Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarra. Sarearen sorrera eta Euskal Herritik Pirinioetan zehar egindako lehen pasea nola egin zuten kontatzen dugu. Andre de Jongh-ek bere aita eta beste senide batzuekin batera sortu zuen Comete. Naziek okupatutako lurretan eroritako hegazkin pilotuak salbatzen zituzten. Salbatu, zaindu, sendatu, eta etxera itzultzeko bidean laguntzen zieten. Jende askok parte hartu zuen. Hendaiara iristen zirenean, Espainian sartzeko Pirinioak zeharkatu behar zituzten, eta mendi horiek mugalariek ezagutzen zituzten, kontrabandistek. Mugalari euskaldun asko izan ziren, baina guk Florentino Goikoetxea aukeratu genuen.
Florentino James Bondekin konparatu zuen Fernando Bernuesek.
Abenturazalea zen, baina bere bizia arriskatzen zuen. Berea, eta berarekin eramaten zuen jendearena. Pase asko egin omen zituen eta bazekien zer zen mendian ibiltzea, eta ihesi egon beharra. Preso hartu zuten, baina erresistentziakoak, nazi mozorrotuta, erreskatatu egin zuten. De Jongh, ordea, preso hartu eta kontzentrazio zelai batean sartu zuten. Izugarri sufritu zuten. Hainbat medaila lortu zituzten nazioartean, baina hemen guztiz ezezagunak dira.
Haien omenaldi gisa sortutako istorioa izango da, beraz.
Noski, jendeak pertsonaia hauek ezagutu behar ditu. Gure historia ezezagun hori kontatu nahi genuen. Politikoki oso momentu gogorra izan zen. Espainiako gerra orduan bukatu zen, eta mugaren bestaldean, Bigarren Mundu gerra sufritzen ari ziren. Egoera oso zaila zen.Omenaldi txiki bat da sare horretan parte hartu zuten guztiei. Hainbat herritar inplikatu ziren. Muga igaro eta bertako baserrietan hartzen zituzten. Oiartzun edota Errenteriara iristerakoan beste familia batzuk zeuden haien zain. Eta gero Ingalaterrako kontsulatuarekin harremanetan jarri, eta beraien etxeetara itzultzea zen helburua. Gibraltarretik, pentsa. Askotan esaten da errealitateak fikzioa gainditzen duela, eta egia da. Horrela lortu zuten 800 bat aliatuk etxera bizirik itzultzea.
Filmean, mugan dagoen herri horretan zer gertatzen da?
Jendearen istorioez hitz egiten dugu. Haien arteko harremanak, maitasuna, tira birak… Hainbat protagonista daude pelikula honetan. Isidoro Fernandez aktorea herriko medikua da, eta ni bere emaztea naiz. Gure etxean hegazkin pilotu hauek hartzen ditugu. Sarea nire pertsonaiarekin jartzen da harremanetan, baina nik nire senarrari ez diot esaten hor barruan sartuta nagoela. Gehiago ez dut kontatuko bestela pelikula guztia kontatuko dizut!
Pertsonaia misteriotsua da zurea.
Bai, familia errepublikazale batekoa da. Senarra, ordea, frankistekin batera borrokatutakoa. Egoera hauek horrelakoak izan ziren. Gogoan izan behar dugu familia askotan horrelako gauzak gertatu zirela. Familia barruan bertan. Batzuk alde batean izan ziren, baina ez zuten pentsatzeko denborarik ere izan… Nahiz eta nire pertsonaiak esaten duen bizitzan beti dagoela aukeratzea.
- Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Aintzane Gamiz, Matxalen de Pedro, Klara Badiola… Hainbat aktorek parte hartu dute Tentazioaren ekoizpen honetan.