“Jarraitzeko asmoa dut, baina ez naiz idazle diziplinatua”

XAbier Artola Zubillaga idazlea, elkarrizketa batean.

(Argazkia: Nerea Lizarralde)

Xabier Artola: Idazlea

‘Argi-itzalen neurria’ ipuin liburua aurkeztu du egile donostiarrak. Hamarkada batean idatzitako kontakizun laburrak bildu ditu bere lehen argitalpenean.

Antiguatarra da jaiotzez (1957), baina egun Alkizan bizi da. Informatika irakaslea da Donostiako fakultatean. Euskararen tratamendu automatikorako tresnak sortzen ditu bertan sortutako Ixa taldean. Eta ahal duenean ipuinak idatzi eta argazkiak egiten ditu, horiek baitira haren bi zaletasunak. Hamarkada batean idatzitako ipuinak bildu ditu Elkarrekin kaleratutako Argi-itzalen neurria liburuan.

Zer dago ‘Argi-itzalen neurria’ izenburuaren atzean?
Izenburuak ipuin batekin du zerikusi zuzena, ‘Latitudea’ izenekoarekin. Latitudea argazkigintzako kontzeptu bat da. Esposizio latitudea da berez. Harremanen zailtasunaren metafora gisa erabiltzen dut istorio horretan. Liburuaren izenburu gisa erabiltzea pentsatu nuen, baina editoreek kriptiko eta ulergaitz samarra zela uste zuten. Eta azkenean, ‘Argi-itzalen neurria’ jarri dut. Eszena batean punturik argienaren eta ilunenaren artean dagoen distantzia da finean. Poesia ukitu bat zuela pentsatu genuen, eta hala geratu da.

Gai desberdinak landu dituzu?
Zortzi ipuin bildu ditut. Berez ez da ipuinen arteko loturarik. ‘Latitudea’ idatzi nuen lehen ipuina izan zen, horregatik du garrantzia niretzat. Zortzigarren ipuinean gauza berezi bat egin nahi izan dut. Beste ipuinei buruzko beste ipuin bat da. Bukaeran irakurtzeko pentsatuta dago, beste guztiak irakurri ondoren. Aurreko kontakizunetako pertsonaiak agertzen dira; nire burutazioak idazteari buruzko gogoetak… Izenburuak berak esaten du: Latitudea eta beste zenbait narrazioen making offa. Zineman bezala, film bati buruzko filma da.Nire asmoa liburua borobiltzea izan da, hain zuzen.

Nolako istorioak dira?
Askotariko gaiak daude. Niri bereziki pertsonen arteko harremanak interesatzen zaizkit: Bikotea, maitasuna, bakardadea… Badira gai sozialagoak: Gerra, eta gerrak gizakiarengan uzten duen arrastoa, hipokresia hainbat gairen inguruan.. Inmigrazioa eta matxismoa ere agertzen dira zenbaitetan.

Azken hamar urteetan idatzitako ipuinen bilduma da.
Hamar urte baino gehiago izan dira. 1997an idatzi nuen lehena. Nire ekoizpena nahiko urria da [barrez]. Argazkigintzak eta lanak noski denbora kentzen didate. Iaz Donostia Hiria Saria eskuratu nuen, eta hura, aurretik idatzitako ipuin guztiak argitaratzeko bultzada izan zen.

Noiz hasi zinen idazten?
Betidanik izan dut irakurtzeko zaletasuna. Eta idaztearena, ba ez dakit nola sortu zen. Beti eraman izan dut koadernoa eta boligrafoa. Bururatzen zaizkidan ideiak eta gogoetak apuntatzen ditut. Istorioak idazten, berriz, duela hamahiru urte hasi nintzen. Ez nekien zer egin, ez nintzen horiek inori aurkezten ausartzen ere. Lehiaketa batean parte hartu nuen, eta lehen saria eskuratu nuen. Eta pixkanaka beste istorio batzuk idazten hasi nintzen. Orain arte argitaratu direnak sari bat irabazi duten ipuinak dira: Gabriel Aresti lehiaketan, Tene Mujikan beste bat… Hau, ordea, nire lanekin osatutako lehen liburua da.

Idazten jarraituko al duzu ?
Jarraitzeko asmoa badut, baina ez naiz idazle diziplinatua. Beharbada bolada luzeak pasatzen ditut ezer idatzi gabe. Ez naiz egunero idazten duten horietakoa. Barruak eskatzen didanean idazten dut. Lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen nolabait feedback-a jasotzeko. Idazten dudanak zerbaitetarako balio al du?

Argazkigintza ere aspaldiko zaletasuna duzu.
Hamazazpi urterekin hasi nintzen. Bidaietan egiten ditut batzuk. Bestela ere askotan ibiltzen naiz kamerarekin. Iaz argazki liburu bat argitaratu nuen. Alkizan bizi naiz, eta txerri festarekin hasi ginen lanean. Helburua da lanbide zaharrak dokumentatzea. ‘Txondorra’ izeneko proiektua ere egin nuen. Sagarra eta sagardoaren inguruko argazki erakusketa bat egin dugu orain; eta beste bat, metei buruzkoa. Garo metak nola egiten diren eta abar. Euskal Herriko bizimodu tradizionala jasotzen ari gara irudietan. Herrian ari gara proiektu honetan; eskolak ere parte hartzen du, baita haurrek ere.

Eta informatikako irakaslea zara Donostian.
Bai, 26 urte egin ditut jada irakaskuntzan. EHUko fakultatean ematen ditut eskolak. Ikerkuntza ere egiten dugu. Talde handi samarra dugu, 40 lagun inguru gara. Informatikariak eta hizkuntzalariak gara. Hizkuntzaren prozesamendu automatikoan ari gara lanean. Ixa taldea gara. Ezagunena Xuxen zuzentzailea izango da ziur aski.

Ipuinak idazteko denbora gutxi izango duzu…
Aise uler daiteke zergatik idazten ditudan oraingoz behintzat istorio laburrak, eta ez arnas luzeagoko ezer. Bestela ez nuke sekula bukatuko. Neurri horretan moldatzen naiz ondoen. Perfekzionista samarra naiz. Buelta asko ematen diet gauzei. Bai gaiari, bai gauzak kontatzeko moduari… Aldi horretan ez dut beste ezer erabiltzen buruan. Hamaika buelta eman behar diot guztiari gustura geratzeko. Eta horrek guztiak jakina denbora asko ematen dit, eta horregatik da ekoizpena horren eskasa. Ipuinak istorio zehatz batean kontzentratzeko aukera ematen dit. Eta irakurle bezala ere asko gustatzen zaizkit ipuinak. Ipuinak idazten hasi nintzen, poemak ere idazten ditut, baina horiek ez dizkiot inori erakusten! [barrez]. Etxean idazten ditut ipuinak. Ipuina trinkoa da, hasi eta buka irakurtzeko idatzia. Eta baten batek esan zuen bezala, gezi baten ibilaldia egitea du helburu. Ez dakit hori guztia lortu dudan ipuin hauetan. Baina esan dezaket asko landutako testuak direla, eta ez direla eserialdi batean egindakoak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend