Iban Zaldua eta Julen Ribas. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Ikastolen Elkartearen ‘Xabiroi’ komiki aldizkarian atalka argitaratu ondoren, istorioa oso-osorik ikusi eta irakurtzeko momentua iritsi da. Iban Zaldua idazle donostiarra eta Julen Ribas marrazkilari arrasatearraren gidoi eta marrazki guztiek bat egin dute ‘Azken garaipena’ bilduman.
Dani Fanok ‘Xabiroi’ aldizkariko arduradunak elkartu zituen Zaldua eta Ribas: «Iban komikizale amorratua da gaztetatik, eta Julen esku gazteenen artean trebeenetakoa da. Istorio hau zoragarria da. Nik atalak irakurtzen gozatu dudanaren erdia gozatzen baduzue… Zorionekoak zarete».
Zalduak gidoigintza lanak egin ditu komiki liburu honetan: «’Xabiroi’-tik deitu zidatenean, erronka gisa hartu nuen. Komikizalea naiz, baina ez nintzen sekula saiatu gidoigintzan. Atalka istorio luze bat argitaratzen hasi ginen, geroago bilduma bihurtu dena».
‘Azken Garaipena’ ez da Ikastolen Elkarteak kaleratzen duen lehen komiki bilduma. Fanok Joxean Muñoz eta Juan Luis Landa elkartu zituen ‘Irati’ komikian 2007an; Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgado ‘Piztia Otzanak’ bilduman; eta Fanok berak sortu zuen hurrengoa, ‘Teleatoi. Kalabaza haluzinogenoak’.
Naziek Bigarren Mundu Gerra irabazi duten munduan girotzen da ‘Azken garaipena’. Dena dela istorio hau geroago gertatzen da, 2052an. Protagonista polizia kriminaleko teniente bat da, Sigrid. Krimen misteriotsu batzuk ikertu behar ditu Alemanian: hilotz batzuk hasiko dira agertzen, eta denon harridurarako, zilborra dute. Orduan hasiko da abentura korapilotsua.
Finean, zientzia fikziozko komiki bat da: «Ukronia distopikoa. Iraganeko datu bat edo beste aldatu, eta etorkizun paralelo bat irudikatzen duen generoa», azaldu du Zalduak. Halere, ipuingintza arloan jorratu dituen gaietatik ez dela batere aldendu aitortu du: «Hau bada finean omenaldi bat nire gaztaroko irakurketei; zientzia fikziozkoari eta zinema eta komiki ukronikoari».
Genero beltzetik ere badu zerbait: “Polizia ez da jefeekin ondo konpontzen den horietakoa, eta horrek ere arazoak ekartzen dizkio”. Thriller politikoaren ukitu batzuk ere baditu: “Alde horretatik uste dut baduela egia eta gezur historiko konpartituen inguruko hausnarketarako parada ematen duen elementurik”. Bada metakomiki bat ere:”Komikitik komikiaren munduari berari egiten zaion omenaldi gisa. Protagonista bera komikizalea da ni neu bezala. Komikiaren barneko komiki bat da hau».
«Zientzia fizkioaren zale zaharra naiz, eta zientzia fikzioak osatu zuen nire lehen irakurketa serioak», jarraitu du idazleak. Philip K. Dick-en eleberriarekin lotura duela adierazi du: «Hain zuzen Alemaniaren garaipenaren inguruko ukroniei hasiera eman zion nobela da berea, eta erreferentzia egiten zaio». Hurbilago ekarrita, Harkaitz Canoren ‘Belarraren ahoa’ liburua aipatu du.Victor Mora ‘Capitan Trueno’ gidoigilearen oihartzunak ere badira. Hari lapurtu diote hain zuzen protagonistaren izena, Sigrid. Beste gidoilari eta marrazkilari bat ere izan du gogoan, Moebius.
Julen Ribasekin lan egitea parterik aberatsenetakoa izan dela adierazi du Zalduak: «Komiki zaletasunak berez ez dizu ahalmenik ematen gidoiak egiteko. Ikasi behar izan dut, beste mundu bat da. Danik eta Julenek asko lagundu naute, eta asko aberastu dute nire lana. Nire joera naturala indibidualismoa da, eta hemen kolaborazioa beharrezkoa da. Beste norbaitekin aritzea beti zaila egiten zait baina Julenekin erraza izan da.