Gorga, ezkutuko ibaia
Errekaldetik Antiguan barrena zabaltzen den ibai eta arroaren inguruko xehetasunak jasotzen dituen erakusketa zabalduko du Marko Sierrak, abenduaren 15ean, Vasco de Campingen.
Ondarretako hondar faltaren eragileetako bat
Gorgak eraman zitzakeen hondar eta sedimentuak ez direla bertara heltzen aditzera eman du Sierrak
Uda guztietako hizketa eztabaidagai bilakatu dira Ondarretan hondartza zaleen oin zolak zulatzen dituzten harriak. Cervanteseko aparkalekutik ateratako hondarrarekin arazoa estaltzen saiatu badira ere, agerian geratzea lortu dute harriek.
Gorga ibaia Igeldora jo beharrean, jatorrizko ibai-ahora itzuliko balitz, egoera, behar bada, bestelakoa litzateke. Marko Sierraren hitzetan, «Gorgak eraman zitzakeen sedimentu eta hondarrak ez dira itsasora iristen». Hortaz, Ondarretak duen hare faltaren eragileetako bat izan daitekeela ondorioztatu du. Harri horiek, gainera, mendebaldean –Gorga itsasoratzen zen inguruan– agertzen direla batipat zehaztu du. Hala, azaleratzen diren harrietako batzuk borobilak, ibaiaren korronteak itxura emandakoak, direla kontatu du. «Igeldoko harria ere badago eta beste harri batzuk kartzela kentzerakoan harri guztiak ez desagertzearen ondorio dira», dio. Urumeak utzitako hondar eta sedimentuei eta itsasoari esker, hala nola, Erdialdea altxatu zela erantsi du.
Azaroko euriteak argi utzi zuen Urumea ibaiaren ibilbidea zein den eta mendeetan zipristindutako arroa nondik nora zabaltzen den. Donostian, ordea, hain ezaguna ez den Gorga ibaiaren harana ere hiriko geografia mapetan marrazturik dagoela jakitera eman nahi du Marko Sierra naturzale eta Vasco de Camping elkarteko kideak. Errekaldetik Antiguara bidean sigi-sigan, Tximistarritik barrena, itsasoan amaitzea du Gorgak bizilege.
Ibai eta arroaren xehetasun guztiak ezagutzeko, erakusketa zabalduko du Marko Sierrak Vasco de Campingen abenduaren 15ean. Prestatutako panelak Lugaritzen ere erakusgai jartzea gustatuko litzaioke. Azken batean, ibaia begien aurrean dela ohartzea da naturzalearen helburua, «jendeak inguruan duen lurraldea hobeto ezagutzeko». Urumean gertatu bezala, etorkizunean izan daitezkeen euri jasek ibaiak bere lekua zein den erakuts dezakeela adierazi du, egun, Añorgan abian diren obrek uholde arriskua txikituko badute ere.
Oria ibaia
Teresategi eta Gurutzegi mendiek eragotzi ez balute, Oria ibaia izango zen Ondarretan itsasoratu eta inguruko paisaia erabat aldatuko lukeen ibaia.
Marko Sierrak azaldu bezala, «Oria ibaia Goierritik barrena Lasarteraino iristen da. Bertan, norabide aldaketa nabarmena egiten du mendebal aldera, Oriora heldu arte». Norabide aldaketa hori, baina, zer dela-eta gertatzen da? Bada, naturzalearen hitzetan, Lasarte eta Zubieta parean bigarren saihesbidean dauden Teresategi eta Gurutzegi mendiak altxa zirenean, Oria ibaiko uraren ibilbidea eten zuten. Hortaz, Ondarreta aldera iristen ziren urak Lasarte eta Zubieta inguruan pilatuz joan ziren eta laku handi bat sortu zen. Lakuan pilatutako urak Orio aldera topatu zuen itsasora heltzeko bidea.
Teresategi eta Gurutzegiren beste isurialdean, ordea, beste ibai txiki bat jaio zen. XII. mendean Gorga izenarekin bataiatu zuten. «Belartza inguruan jaio eta, Añorga igaro eta gero, Ibaetan, Bordatxo eta Mendizorrotzetik datorren erreka jasotzen du. Bat egite horretatik datorkio Ibaetari izena», azaldu du Vasco de Campingekoak. Ondoren, unibertsitateak dauden tokitik egiten du aurrera. Zubimusu parkea igaro ondoren, Ondarretan Hydra dagoen aldera iristen zen».
Duela 10.000 urte, azken izotzaroaren bukaeran, Gorgak eta Urumeak bat egiten zuten eta badiaren atzealdean itsasoratzen zirela gaineratu du.
Nahiz eta gizakiak egindako ubideraketak ibaiaren ibilbidea azpiegitura eta hirigintza lanez estali eta josi duen, oraindik ere, hainbat arrasto topa daitezke atari zabalean. Lore Tokin, esaterako, zaldiak dauden belazean putzu bat ikusten dela aditzera eman du Marko Sierrak. Zubimusu parkea ere Gorgaren arrastoa dela dio. «Zubimusun haltzak daude, ibaietan hazten diren zuhaitzak dira. Nanogunea eta Musikene eraiki nahi duten lursailean ere haltza gehiago daude. Modu naturalean hazitako landareria da, gainera», aditzera eman du.
Etxeak eraiki aurretik, 1850eko planoek ibai bazterra zein emankorra zen erakusten dute. Ibaiaren bi alboetan laborantza nagusi zela jakinarazi du naturzaleak. «Itsas mendin – Erregezainen kaleko Jakintza ikastolaren aurrean– soroa zuen baserritar batek uzta oparoak ateratzen zituen. Sekulako tomateak, letxugak… Lur horiek Erregezainen kaletik jaisten zen ibaiatxori esker ziren emankorrak; pentsa, beraz, Gorgak zer eskain zezakeen», adierazi du Sierrak.
Toponimia
Lur oparo bila ibili gabe, kale izendegiari erreparatuta Gorga izenari erreferentzia egiten dion toponimia zabala dago. Añorga eta Gorgaren antzekotasuna begibistakoa dela dio Sierrak. Ezin ahaztu, halaber, Añorgako historia biltzeaz arduratzen den Gorga Historia Mintegia.
Gorgatxo plaza, bestalde, izendegian dago. Antiguako pilotalekuaren ondoan dagoen plazatxoak du adarretako baten izena. «Bertan egiten zuten bat, hain justu, Sanserrekak eta Erregezainen kaletik behera zetorren errekak», erantsi du.
Gorga arroa, baina, ibaia baino askoz gehiago izan zen. Garai batean, Antigua aldean, padura nagusi zela adierazi du Vasco de Campingekoak. Zarauzko Iñurritzaren paisaiaren tankerakoa izango zela parekatu du.
Ur emariak Lorea ingurura txalupaz hurbiltzea ahalbidetzen zuen. Honenbestez, «ibaiari etekina atera nahian, portuak eta errotak zabaldu ziren eta haiek gogora ekartzen dituen toponimia ugari dago: Errotaburu, Errotatxo taberna, Errota- Aundieta plaza Benta Berrin, Portuene…», zerrendatu ditu.