Paseoan ibiltzeko toki egokia da Anoetako merkatu txikia. (Argazkia: Mikel Goñi)
Kirol ekitaldiek igandeetako merkatu txikia jartzea oztopatzen duten egunak konpentsatzeko, Udalaren baimenarekin, saltzaileek bestelako jai jardunaldietan jarri ahal izango dituzte azoka osatzen duten postuak.
Atari zabaleko merkataritza gunearen itxura hartu ohi du Anoeta pasealekuak igande goizetan. Hala ere, futbolaren ordutegien aldakortasunak eragina izan du astean behineko merkatu txikian, Realak eguerdietan jokatzen duenean saltzaileek ezin dutelako bertan lan egin. Hori konpentsatzeko-edo, bestelako jai egunetan postuak jartzeko eta beraien jarduna aurrera eramateko baimena eman die Udalak saltzaileei.
Gaur, osteguna izan arren, Aaron Camachok igandeetako lan ohiturak jarraitu ditu. Gorriz markaturiko eguna izanik, goizean goiz jaiki eta 08:30erako furgonetatik gauzak ateratzen ari zen Anoeta pasealekuan. Jarritako salmahaia merkatu txikia osatzen duten 100 postuetako bat da. Besteak beste, galtzerdiak eta barruko arropa saltzen ditu Camachok, nahiz eta azken aldi honetan lanari etekin gutxiago ateratzen ari zaion. «Krisiak ikaragarri jipoitu gaitu; badakizu, igeltsero eta beste langileek lanik ez badute, ez dute gastatzeko dirurik».
Carlosek ere gauza bera nabaritu du, eta irudi lezakeenaren kontra merkatu txikietan ere krisia nabaritzen ari dira. Lehen dendetan erosten zuen jendea datorkiola dio, baina, jaka saltzaileak zehaztutakoaren arabera, «guri erosten zigun jendea dirurik gabe dabil orain».
Hori dela-eta, pozik daude Udalak hartu berri duen erabakiarekin. Hain zuzen ere, hemendik aurrera igandeetan ez ezik, beste jai egunetan ere jarri ahal izango batituzte postuak Anoeta pasealekuan. Baina, Jose Jimenezek dioenez, «honek ez digu itzuliko futbolak, errugbiak eta igande goizetako beste ekimenek galarazten diguten dirua».
Galtzerdiak eta bestelako arropak dira merkatu txikiaren salgai ohikoenak. (Argazkia: Mikel Goñi)
Izan ere, azken bolada honetan telebistaren eraginez futbol partidak eguerdietan ere jokatzen hasi dira. Camachok azaldu du horrek duen eragina, «partida dagoen bitartean ezin da hemen aparkatu, eta, ondorioz, ezin ditugu postuak jarri». Jimenezek gaineratu duenez, beldurrez daude, «partidak arratsaldeko hiruretan jokatzen hasiko direla entzun dugulako».
Ondo doan jakiteko, itxaron
Donostiako Udalak merkatuaren baimena beste jai egunetara zabaltzeko erabakia joan den astean eman zuen jakitera. Baina, oraindik ere jendeak ezer ez dakiela esaten zuten atzo saltzaileek. Hori dela eta, ondo doan jakiteko itxaron beharko dutela uste dute. Jimenezek are eta gehiago dio: «Primeran etorriko zaigu, ziur! Asko saltzen denean jai egunak eskertzen dira, baina kontua dagoen moduan… jai egunetan saldu ahal izatea primerakoa da».
1mgoni@hitza.info