Txillardegik Irutxuloko Hitzan argitaratutako azken iritzi artikulua
LA BANDA, Txillardegi Egoera gustatu, ala ez gustatu, ETAren su-etenean dago Euskal Herria. Zertara dator, hortaz, hemendik eta handik, indar politiko unionistek egunero ‘la banda’ gora eta ‘la banda’ behera errepikatzea? Nekez sinetsiko du inork jokabide horrek egoera hobetzeko laguntzen duenik. Hain zuzen ere, jokabide horrek pozoitu egiten du giro politikoa.
Bakea behar dela, bakea badatorrela, errepikatzen dute Euskal Herriaren etsaiek. Baina hizkera mingarri horrek prozesua sendotzeko eta azkartzeko balio duenik, nork sinetsiko du? Inork ez, jakina. Jokabide zital horrek aspaldiko egoera txarretara garamatza. Orduan ere unionistek orduko gazteak salatzen zituzten –ETAkoak, noski–. Garai haietan ere, gudari ohiek, zoritxarrez, 1936ko gerra galdutako gudari izandakoek, etxeko-jaun ohoratu bihurturik, ETAko gudari gazteak gaitzesten zituzten. Aski zuten zaharrek, 1936-1937 urteetako ekintza heroikoak gogoratzea. Eta honela erantzuten zuten: «Hi, gazte! Non hengoen hi, gu Intxortan eta Kalamuan, armak eskutan, borrokan ari ginenean? Gazte hintzen, bai; askotan jaio ere gabea». Eta honek barkatu egiten du dena. 1964 urtean, adibidez, Francok ’25 años de paz’ haiek ospatu zituenean, gu aspaldiko urteetan mendirik mendi genbiltzanean, sufritu egin genuen, erruz, ospaketa ahalkegarri haiek frankistek antolatu zituztenean. Zuek, gazteok, berriz, sehaskatik irten berriak –are jaio gabeak ere askotan–, zertan ari zineten 1964an? Guk, gudari zaharrok, lortu dugu oraingo bake giroa. Abileziaz, kalapitarik gabe, eta garaiak aldatu direla konturatu garelako. Eta ZISMA, ETENDURA, sortu zen; eta abertzale zaharrak eta abertzale gazteak elkarren etsai bihurtu ziren 1960ko hamarkadan. Euskal Herriaren etsaiak pozik: «Lortu diagu, zatitu dizkiagu». Aspaldiko banderizak nagusi berriz.
Jende nagusia, izututa gazteen jarreraz, nazkatuta, amorratuta, honela mintzo zen: «Nora goaz honela? Nora eraman nahi gaituzte ‘gazte ero horiek’»? –Joxe Azurmendik bere liburu ezagunean argiro erakutsi duenez–. Hala ere, «gazte ero haietxek» Euskal Herriaren pizkunde liluragarria lortu zuten alor guztietan –zaharrak at gelditzen zirelarik–, Euskara Batua bultzatu zuten, 1968an Arantzazuko Bilera historiko eta oparoa antolatu zuten.
Orduko gazte ero haiek, orduko la banda ziren; nahiz eta gaurko eta modako sintagma berria erabiltzen ez bazuten ere. Aresti, Villasante, Krutwig, Irigoien, orduko «gazte eroak» ziren. Askotan «gazte madarikatuak». Baina «gazte ero haiek» gainditu egin zituzten ordura arte dogma sakratutzat hartzen zirenak. Konparazio baterako, EAJ indar abertzale bakarra, eta PSOE ezkerraldeko aliatu posible bakarra. Eta, beraz, ETA sobra zela zioten abertzale zaharrek. Orduko gazteek arrazoi zuten, ordea. Ondoko urteotan garbi agertu denez. Baina horrela idazten da Historia. Eta alfer-lana da ideia berriak aisa nagusitzen direla pentsatzea. Belaunaldi berriek, beti, aldapan gora, eta belaunaldi zaharra ukatuz sortzen dira. Bizi legea da, edo Historia legea, nonbait.