Domina eskuratu aurreko oparia jaso du Andresa Portugal arrain saltzaileak
Egun handia izango da gaurkoa Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidente izandako Peter John Brownentzat; Txomin Enearen alde lanean aritu den Joaquin Perez Iriarterentzat; arrain artean 70 urte luze igaro dituen Andresa Portugalentzat; Ramon Saizarbitoria idazlearentzat eta Lourdesko Amaren Abegi Elkarteko kideentzat. Bizitza osoko lan isilak behar duen oihartzuna izango du 19:00etatik aurrera udalbatza aretoan.
Andresa Portugalek, halere, beste lau omenduei aurrea hartu die, herritar baten esker ona jaso baitzuen atzo. Maitasun osoz prestatutako margolana oparitu zion udaletxean.
Antxoarik eta bestelako arrainik ez zuen zorroan. Arrain kiratsa mantalean utzita, apain-apain egin zuen atzo udaletxera bisita. Zahartzaroak oroimena eta egunero arrain saltzen egoteko indarra lapurtu dio; kemena eta bizitzeko gogoa kenduko dionik, ordea, ez dago. 96 urte ditu eta ehunera iritsiko den zalantzarik ez du.
Hanka minduta eta bere kasa ibiltzeko gai ez bada ere, tirriki-tarraka aurrera egiten laguntzen dioten seme-alabak ditu. Atzo, bere alaba, Agurtzane Zubiaurre, zuen ondoan; gaurkoan, berriz, gainontzeko semeak, bilobak, birbilobak eta bestelako senide eta lagunak izango ditu dioten estimua eskaintzen. Alabak prestatutako soineko berdea eramango du arratsaldeko ekitaldian apain.
Familiaz gain, Parte Zaharrean dituen lagun mordoa hurbilduko da udaletxera. Ile apaindegira joan ziren atzo ama-alabak eta aurrera egiteko zailtasunak zituztela adierazi du Agurtzanek, denek nahi zutelako Andresa zoriondu. Ez da harritzekoa, Parte Zaharrean ezagutzen ez duenik ez dagoelako. 70 urte egin ditu arraina saltzen. Nahiz euria, elurra edo haizea egin, Andresak hutsik ez zuela egin adierazi du. Saltzeko arrainik ez bazuen ere, Eguberrietako saskirako txartelak ala presoen aldeko txartelak saltzen zituela gogoan du Agurtzanek. Etxera joateko gogorik ez zuela izaten eta azokatik batera eta bestera ibiltzea gustatzen zitzaiola gaineratu du.
Gurpildun aulkirik ez balu, dantzan aritzeko gai izango zen. Gorputza astintzen arraina saltzen bezain trebea dela aitortu du. San Sebastian martxa, gainera, inoren laguntzarik gabe kantatzen du oraindik, Parte Zaharreko eta donostiar sena ezin dutelako urteek ahuldu.