Andresa Portugal hil da
Hiriko kaleko azken antxoa saltzailea zendu da 96 urterekin
Bretxako merkatuan arrain saltzaile izan zen 70 urtez. Egunero, saltzen zuen antxoa, egurrezko mahai txiki batean. Hainbat belaunaldi izan dira Andresa Portugalen lanaren lekuko: jada inork egiten ez zuen lanaren lekuko. Gaixotasun baten ondorioz lana utzi behar izan zuen, duela zazpi hilabete. Bizitza osoan egindako lan isila aitortu zioten joan den urtarrilaren 19an; San Sebastian egunaren bezperan Hiritar Merezimenduaren Domina eskuratu baitzuen Andresa Portugalek.
Parte Zaharrean bizilagun guztiek ezagutzen zuten. Nahiz euria, elurra edo haizea egin, Andresak inoiz ez zuen hutsik egin, eta beti joaten zen Bretxara, arraina saltzera. Arrainik saltzeko ez bazuen ere, Eguberrietako saskirako txartelak eta presoen aldeko txartelak saltzen zituela azaldu zuen bere alabak, Agurtzanek. Eta etxera joateko gogorik ez zuela, eta azokatik batera eta bestera ibiltzea gustatzen zitzaiola. Andresa Portugalen heriotzarekin hiriko tradizio bat desagertu da; bera baitzen hiriko kaleko azken arrain saltzailea.