Gutuna: 'Aro berriko jarrera berriak, ala zaharrak ote?'
Itziar Otxoa, Parte Zaharra
Euskalduna naizen aldetik, oso ondo iruditzen zait euskarak jasaten dituen erasoak salatzea, oraindik ere asko baitira. Baina kontuz egiteko moduarekin, informazio osoa ez badaukagu eta hitz egiten ari garenaz behar beste ez badakigu, salaketak egiatik baino gezurretik gehiago izan lezake eta ondorioz, euskaldunak manipulatzen ariko ginateke. Ez al du horrek ustezko erasoak baino kalte handiagoa egiten? Gatozen harira. Otsailaren 28an irakurri nuen gutunak eta hurrengo eguneko erantzunak ekarri nau hona. Azpidatzi elektronikoak jarri nituen otsaileko LABO film laburren jaialdian eta Bittor Hidalgori zenbait gauza azaldu nahi dizkiot. Hasteko, argi dago ez zinela aurtengo edizioko egun guztietako emanaldietan izan, bestela, ikusiko zenuen osteguneko saioan azpidatzi elektroniko guztiak euskaraz izan zirela –hori beste kontu bat izango litzateke, egun kopuruaren desoreka, alegia–. Bestalde, garrantzitsua da azaltzea azpidatzi elektronikoak aldiberekoak direla, hau da, aretoan bertan norbaitek jaurtitzen dituela ordenagailu baten bidez. Zergatik azalpen hau? Bada, Bittorrek azpidatziak gaztelania hutsean izan zirela esateaz gain, bere argudioa puzteko maiz ingelesez eta frantsesezkoak ere agertzen zirela esan zuen; era horretan euskarari egindako erasoa “hirukoiztu” nahian-edo. Horiek, Bittor, film laburrean daude itsatsita eta azpidatzi kimikoak deritze, eta noski, ezin dira kendu eta mundu osoko zinemaldietan parte hartu ahal izateko eta nazioartean zabaltzeko ezinbestekoak dira. Bestalde, gaur egun azpidatzien itzulpen automatikoa ia erabat garatua dagoela uste duzula diozunean, argi dago zertaz ari zaren ideiarik ez duzula eta esaerak dioen bezala, usteak erdia ustel izaten duela. Agian, etxean ikusi duzun filmen batek, originala bada behintzat, emango zizun aukera azpidatzien hizkuntza aldatzeko, baina Antzoki Zaharra ez da zure etxeko egongela eta hortaz, gauzak ez dira modu berean egiten –zure etxean ikusi duzun film horretan ere itzulpena ez da automatikoki egiten, aurretik norbaitek itzuli eta gordetako programa bati esker egin dezakezu aldaketa automatikoa–. Aro berriari helduz, utz ditzagun behingoz jarrera biktimistak alde batera eta izan gaitezen geure buruarekin autokritikoagoak, eskubideak aldarrikatu eta horien urraketak salatzeaz gain, ditugun eskubideak erabili ere egin behar dira; izan ere, kultur ekitaldi askotan euskarazko emanaldietan ez baita islatzen hiriko benetako euskaldun kopurua; non daude beste toki batzuetan hainbeste zarata ateratzen duten euskaldun militante horiek? Udaletik Donostia euskalduntzeko ahalegina egitea funtsezkoa eta lehentasunezkoa iruditzen zait eta zenbait alorretan nabaritzen hasi da, baina hiriko euskara eta kultura delegatuak tentu handiagoz ibili beharko luke herritarrak salaketara bultzatzeko garaian, erdi egiez, asmo txarrez eta aurreiritziz beterikoek mesede baino kalte egin dezaketelako. Eta ez diezaiogun haizerik eman “munduko lotsa handienaz” azalpenak ematea eskatzen digun, baina norberak apurrik izan gabe, arinki, besteen lana kritikatzen duen horri.