Itxaso Martin: "Oso barneko sentsazio beldurgarriak islatu ditut"
Itxaso Martin, Kazetaria eta antropologoa
Betidanik izan du gogoko idaztea Itxaso Martinek, eta horrek kazetaritza ikasketak egitera eraman zuen; bere lehen nobela argitaratzea lortu du azkenean, ‘Ni, Vera’.
Hamaika Telebistako kazetaria da Itxaso Martin (Gros, 1980). Kultur Antropologian lizentziatu berria da, baina idaztea du benetako pasioa. Lau urtez ikerketa eta idazketa lanetan aritu ostean, bere birramona baten bizitzan oinarritutako liburua osatu du. Eskuartean «istorio indartsua» zuela dio Martinek, eta «eromena eromenetik» kontatzen duela eleberrian. Izan ere, 40 urte zituenetik hil bitartean, Arrasateko Psikogeriatrikoan egon zen Martinen birramona, eta familiako askok orain arte ezkutuan eraman dutena azaleratu nahi izan du eleberriaren bidez.
Betidanik duzu gogoko idaztea, baina ezkutuan eraman duzun zerbait izan dela diozu. Zergatik?
Iruditzen zitzaidalako idaztea behar batetik ateratzen zitzaidan zerbait zela, eta inondik inora ez zitzaidan argitaragarria iruditzen nik egindakoa. Oraingoan, oso istorio indartsua nuen eskuartean, eta horrek bultzatu nau idaztera. Gainera, Xabier Mendigurenengana heldu eta argitaratzeko aukera izan dut.
Denbora asko behar izan duzu idazteko?
Gutxienez lau urte eman ditut kontu honekin. Beharretik atera zitzaidan zerbait izan da, eta oso prozesu mantsoa bihurtu da. Hasieratik ez nekien nola iritsiko nintzen; orduan, bilaketa prozesu hori jarraitu du nobelak. Benetan bukaerara arte ez dut jakin nola bukatuko zen istorio guztia.
Kazetaritzara idaztearen nahiak eraman zintuela diozu. Lehen liburua argitaratuta, idazle bezala ikusten duzu zure burua?
Idazle bezala… niretzako horiek oso hitz potoloak dira. Nobela bat idatzi dut, eta gehiago idatzi nahi nituzke, baina idazle deitzearena oraindik handiegia datorkit.
Zure birramona batean oinarritu zara eleberria idazteko. Zergatik?
Gure familian oso presente zegoen zerbait zen, baina ez zen horri buruz hitz egiten. Orduan, presente dauden gauzak ezkutatzerakoan, geroz eta indar gehiago hartzen dute. Konturatzen nintzen, nire sentsazio pertsonal batzuek horren eragina zutela nolabait. Zer zegoen argitu beharra nuela ikusi nuen, eta hala egin nuen.
Konta ezazu eleberriaren haria, labur-labur.
Bi pertsonaia ditu eleberriak, Martina eta Vera. Martina zurrunbilo batean sartua dago, eta Veraren istorioa deskubritu nahi du. Oso zaila egiten zait hitz gutxitan laburtzea. Eromenari buruzko nobela bat da, baina eromenetik bertatik kontatuta. Niretzako hori da nobelak duen aberasgarritasunik handiena. Hau da, saiatu naiz eromena egituran, idazkeran eta edukian bertan ere islatzen. Ez zedila eromena aitzakia edo gai bat bakarrik izan, baizik eta liburuan islatua geratzea alderdi guztietan. Martina erotzen ari da eta argitu behar du zergatik ari zaion hori gertatzen, eta zer duen buruan. Orduan, Vera iritsiko da beregana, eta ez dut gehiago kontatuko…
Bi hizki mota erabili dituzu testuan, eta elkarrizketek ez dute gidoirik.
Bai. Gidoiak ez jartzearena oso argi nuen hasieratik. Eromen hori areagotu nahi nuen, eta onena gidoirik gabeko elkarrizketak sartzea zela erabaki nuen. Badago momentu bat ez dakizuna elkarrizketa den, edo pentsamendu bat den… bestetik, bi letra mota daude, badagoelako narratzaile bat bigarren pertsonan kontatzen duena, eta beste bat, lehen pertsonan kontatzen duena. Horrekin argi utzi nahi nuen kanpotik jasotzen duguna erabat desberdina dela askotan. Izan daitekeela kanpotik dela engainatua, edo norbera dela bere burua engainatzen duena. Orduan askotan kontraesanean daude bi narratzaileak, betek zerbait kontatzen du, eta besteak kontrakoa. Eromena azken finean.
Zein sentsazio duzu eta zer espero duzu zure lehen liburua argitaratuta?
Espero dut jendeak irakurtzea; zerbait argitaratzean hori baita edonoren nahia. Batez ere, liburuan nik uste dut badaudela sentsazio asko beldurtu egiten gaituztenak, baina gugan oso ohikoak direnak. Nire pare bat lagunek irakurri dute liburua, eta esan didate lagungarria dela horrelako zerbait sentitzen duen pertsona batentzako; hori sentitzen duen bakarra ez dela ikusteko aukera emango diolako. Oso barneko sentsazio beldurgarriak islatu ditut; beraz, gustatuko litzaidake jendeak liburua irakurtzea, eta zerbaitetan laguntzen badio, ba izugarria izango litzateke niretzako.
Agian azkarregi da galdetzeko, baina baduzu beste proiekturen bat buruan?
Bai, badaukat ideiaren bat. Baina egia esan, beldur pixkat bat ematen dit istorio indartsu baten ondoren, beste zerbait kaleratzeak. Istorio hau oso barrutik atera zaidan zerbait izan da. Askotan sufritu dut, liluratu egin naiz, gozatu dut… kaos eta eromenean egindako zerbait izan da. Orduan, beldurra emante dit horrelako sentsazioak sortuko dizkidan gai bat ez dudala aurkituko pentsatzeak, eta ez naizela guztia ateratzeko gai izango. Hala ere, ideia batzuk baditut, eta hortik jarraitzea espero dut.
Argitalpena
- Izenburua. Ni, Vera eleberria.
- Egilea. Itxaso Martin (Gros, 1981).
- Argitaletxea. Elkar.
- Orrialde kopurua. 212.
- Prezioa. 18,90 euro.