Argiz betetako oholtza gaina
‘Izarrak plazara’ talentu lehiaketan parte hartuko duten zortzi taldeak hautatzeko froga egin dute. Aukeratutakoak saria lortzeko lehiatuko dira gaur Intxaurrondo kultur etxean, 18:00etan hasita.
Intxaurrondo kultur etxeko harreran haur eta gaztetxo andana zebiltzan astearte arratsaldean. Plazara Goaz auzoko euskara elkarteak nahiz Donostia Kulturak sustatutako eta IRUTXULOKO HITZAk babestutako Izarrak plazara lehiaketan parte hartu nahi zuten denek. Horretarako, euren ikuskizunak zortzi hautatuetako bat izatea merezi zuela erakutsi behar zuten. Arratsaldeko 18:00etan zuten hitzordua. Antolatzaileen aurreikuspenak gainditu, eta 22 taldek izena eman zuten lehiaketan. Horregatik, txandak banatu zituzten. Batzuek azken entsegua egiteko aprobetxatu zuten; beste batzuek, berriz, lurrean eserita zain egotea nahiago izan zuten. Une heltzean, ilusioz eta lotsa uxatuz, ekitaldi aretoko oholtzaren argien azpian jarri ziren. Behean, mahaiaren atzean eserita, epaile lana egin zuten Barry Manley umoregilea, Edu Murumendiaraz dantzaria, Itsaso Gutierrez musikaria eta Fernando Ruiz aktorea begira-begira zituzten. Atzerago, harmailetako aulkietan, guraso, irakasle edo lagunen baten babesa ere izan zuten partaideek.
Denetarik izan zen jarduerak iraun zituen ia hiru orduetan. Pailazoak, bakarrizketak, dantzak, musika, magia… Epaimahaikideek guztiei iruzkinak egin zizkieten, eta deiaren zain egon zitezela esanez agurtu zituzten. Euren erabakiari buruzko zantzurik ez zuten eman nahi izan. Hala ere, emanaldia amaitzean, lehiakideek bazuten susmo on ala txarren bat.
Gaitasuna, barra-barra
Izarra marraztua zuten aurpegian, baina euren hankak izan ziren oholtza gainean dir-dir egin zutenak. Axular Lizeoko Axular taldeko sei kideek 7 urte besterik ez dituzte. Maisuak irakatsitako euskal dantzari gustukoagoa zaien funkya gehitu diote. Nahasketa horri esker, finalean izango dira. Xalbadorren heriotza eta Pixka bat es mucho abestiei jarraituz, entsegu asko egin dituzte Iker Ruiz de Leizeagak, Ane Hernandez, Nahia Badiolak, Irati Muguruzak, Leire Marticorenak eta Julene Mendicutek. “Pentsatu bezala atera zaigu”, aitortu zuen Badiolak alai.
Plaza argituko duen konstelazioko beste izar bat Leire Arraigoren da. Aurretik prestatua zuen koreografia baten moldaketa prestatu du 14 urteko intxaurrondotarrak. Hala definitzen du honen gaia: “emakume baten nortasun ezkutuak eta hauen aldaketa azaltzen ditu”. Berari bururatu zaio, baina amaren laguntza ere jaso du. Oso pozik zegoen egindakoaz. “Oso ondo ikusi dut nire burua, eta oso ondo pasa dut. Eszenatoki horretan dantzatzea…”. Aukeraketak ez zuen gehiegi kezkatzen; baina ziur gaur epaimahaiaren edo ikuslegoaren saria lortzen saiatuko dela.
Horretarako, Axular, Nerea eta Ane, Zurriolaclown, Adore Jazz, Zuzai, Irati Rivas eta Izar Leku taldeekin lehiatu beharko du Intxaurrondo kultur etxean, 18:00etan hasita.
Itxaropena galdu gabe
“Euskaraz nahiago!” zioen kamiseta bana soinean zutela Ura taldeko kideek eurek asmatutako Gu gaur abestia kantatu zuten. Pitbullen Give Me Everything Tonight abestia oinarri hartuta, hitzak asmatu dituzte Haizea Bergua, Paula Garcia, Olatz Arregi eta Leire Etcheverry intxaurrondotarrek. Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko abesbatzan elkarrekin aritzen dira 11 urteko neskatoak. Azken egunetan asko entseatu duten arren, urduri zeuden, eta ez zekiten deituko zituzten. “Kantan esaten dugu ondo pasatzera etorri garela, eta irabazten saiatzera!”, berretsi zuen Garciak. Ura taldeak, ordea, ez zuen zorterik izan.
Zurriola Ikastolako musika eskolak ere ordezkariak aurkeztu ditu lehiaketara. Hauetako bat M&Su taldea da. 14 eta 16 urte arteko bost gazteek Ken Zazpiren Zapalduen olerkia abestu eta jo zuten gitarra nahiz bateriarekin. Irakasle batek animatu ditu parte hartzera, eta horretarako elkartu dira Andrea Minguez, Antton Lamarka, Unai de Vicente, Ane Antxutegi eta Ruben Mendoza. “Gustura sentitu gara, baina gutxi izango dira aukeratuak”, aitortu zuen Minguezek. Emanaldiak gorabeherak izan zituela eta gitarretako bat desafinatua zegoela jakinda, itzultzeko aukera gutxi zituztela bazekiten. Hala ere, alde onari eutsi zioten. “Bizipen oso ona izan da, urduri geunden hasieran, baina igotzean oso gustura egon gara”, aitortu zuen abeslariak. Zuzai taldeko ikaskideek, berriz, sailkatzea lortu zuten.
Alexander Medina 10 urteko auzokideak magia ikuskizuna egin zuen oholtza gainean. Interneteko bideoetatik ikasitako lau truku egin zituen: karta asmatu, pilota biderkatu, zapia desagerrarazi eta kapelatik untxia atera. Guzti horiekin saiatu zen Medina. Talenturik ez zaio falta, ezta umore onik ere, baina hautsak edo hitzak ez ziren behar bezain magiko izan… Nahi baino zailtasun gehiago izan zituen frogan, baina IRUTXULOKO HITZArentzat egin zuen bideoan, lortu zuen.
- ‘Izarrak plazara’ talentu lehiaketako partaideak.
- Leire Arraigo dantzari intxaurrondotarra
- Alexander Medina intxaurrondotarrak magia ikuskizuna prestatu zuen
- Irati RIvas abeslari andoaindarra
- M&Su musika taldea, 2012ko lehiaketan.(Argazkia: Maitane Aldanondo)