"Jendea banderari musu ematen ikustean oilo ipurdia jartzen zait"
Itziar Alduntzin, Kontxako gizonezkoen banderaren jostuna
Kontxako Bandera da arraunlariek gehien desio duten saria, eta Egiako Itziar Alduntzinek izaten du zabaleran 2’5 metro eta luzeran 1’80 metro dituen sari preziatua egiteko ardura; makina berdinekin 30 urte daramatza lanean. Intxaurrondoko moja batzuk izan ziren Kontxako Bandera josi zuten lehenak; ondoren, Etxaide kalean tailerra zuten Carballo ahizpek hartu zuten lekukoa, 31 urtez. Beraiekin hasi zen lanean Itziar Alduntzin (Egia, 1965).
Nola izan zenuen Kontxako Bandera josten hasteko aukera?
17 urte nituela, Prim kaleko San Jose eskolan soinekogintza ikasi nuen. Urte pare bat eman nituen eskolan, baina nire etorkizunerako zerbait gehiago nahi nuen. Bordatzeko urtebeteko ikastaroa ere bazegoen eta probatu nuenean, gehiago gustatu zitzaidan. Nire izeba bat, Carballo ahizpen bezeroa zen, eta eskatu zien ea erakutsiko zidaten pixka bat gehiago. Dagoeneko helduak ziren, bat erretiratua zegoen, eta bestea, erretiratzekotan zegoen. Orduan, ez zeukaten gogo gehiegirik, baina proba egingo zutela esan zidaten. Azkarra nintzela esan zidaten, eta lana zegoenez, han geratu nintzen hamar urtez beraiekin. Beraiek erakutsi zidaten Kontxako Bandera nola egin. Ezkondu nintzenean, ahizpetako bat hil egin zen, eta besteak ez zuen jarraitzeko gogorik. Hala ere, bere gelatxo bat utzi zidan nik lan egiteko, eta makinak oparitu zizkidan.
Orain etxean lan egiten duzu, baina makina berdinekin jarraitzen duzu?
Berdinekin jarraitzen dut, eta badira 30 urte beraiekin lanean hasi nintzela. Ez dakit 70 urte edo zenbat izango dituzten.
Eta ez duzu makinak berritzeko asmorik?
Duela hamar urte pentsatu nuen aldatzea, baina garestiak ziren. Gainera, estilo hau gogoko duenarentzat, bestea ez da berdina. Ez dut esaten makina modernoekin lan itsusiak egiten dituztenik, baina niretzako aldea nabaritzen da.
Zein material erabiltzen duzu Kontxako Bandera egiteko?
Emaztegaien saten ehuna erabiltzen dut. Urtero, Bulebarreko Sederias de Oriente dendara joaten naiz, eta ez didate zer behar dudan ere galdetzen. Zazpi metro eta erdi erosten ditut, zeren banderak 2’5 metro ditu zabalean eta 1,80 metro luzeran, baina oihalak zabaleran 1,50 metro dituenez, petatxua jarri behar izaten diot. Gero, urdina eta urre koloreko zatiak ere erosten ditut. Gainontzeko guztia haria eta lokarria dira.
Badakizu zenbat hari erabiltzen duzun?
Urte batean 7.000 metro kalkulatu nituen. Azken batean, 5.000 metroko karrete handiak erabiltzen ditut beti, baita txikiago batzuk ere.
Noiz ekiten diozu bandera josteari?
Beti esaten dut neguan hasiko naizela, lan gutxiago izaten dudalako, baina sekula ez dut betetzen. Lasaiago zaudenean dena lasaiago hartzen duzu, eta familiarekin egoteko hartzen dut denbora. Gero betiko moduan, ekainean hasten naiz eta hilabete osoa pasatzen dut.
Egunero lan egiten duzu hilabete batez orduan?
Bai, egunean bederatzi ordu sartzen ditut; hilabete bat jo eta ke. Sekula ez ditut orduak kontatu, baina kalkulatzea erraza da. Egia esan, nahiago dut ez kalkulatu. hori bai, egunez lan egiten dut, makinak soinua ateratzen baitu. Zortzietan hasten naiz, ordubietan bazkaltzeko tartea hartzen dut, eta arratsaldean jarraitzen dut.
Sistema bereziren bat jarraitzen duzu?
Patroia berdina da beti, urte mordoa dituen hori. Armarria kalkatu egiten dut ehun txuri batean, eta hizkiekin gauza bera egiten dut. Gero, gainean jarri eta bordatzen joaten naiz. Berez ez dauka zailtasun berezirik, okerrena bere tamaina da, oso handia baita. Gainera, txuria da eta kontuz ibili behar da ez zikintzeko.
Eta akatsen bat egin ezkero, badago atzera itzultzerik?
Ez, berriz beste bat egin beharko nuke. 2002an izan nuen arazoa. Dena bukatua nuen, baina bi ehunak josi baino lehen, orban bat ikusi nion, eta alkoholarekin garbitu nion. Azken hiru egunetan nenbilenez, azkarrago lehortzeko lisaburdina gainean jarri nion, eta sekulako zuloa atera zitzaion. Gero, hizki guztiak berriro egin behar izan nituen, eta presaka eta korrika ibili nintzenez, urterik gabe joan zen. Inor ez zen konturatu, baina hurrengo urtean, entrenamenduak ikustera joan ginela, Izortz Zabalari sinadura eskatzera joan zen nire semea. Nik esan egin nion bandera josten nuela, eta galdetu zidan ea 2002an zergatik ez nion urtea jarri!
Laguntzaileren bat izaten duzu?
Bai, nire koinata Karmele egoten da nirekin, urteak daramatza laguntzen.
Bandera gehiago josten dituzu?
Hogeita hamar urtetan bandera asko egin ditut. Gehienak elkarteentzako izaten dira, danborrada garaian. Bestela, estropadenak garai batean egiten nituen, bi ahizpekin lan egiten nuenean.
Ilusio berezia egiten dizu bandera josteak?
Lan egiteko orduan, beste lan bat bezala egiten dut, eta lana ongi egin behar da. Ilusioa egiten dit, arraunlari guztiak kaian pozik sartzen ikusten ditudanean eta nola hartzen duten ikustean. Jendea banderari musu ematen ikustean oilo ipurdia jartzen zait.
Emakumeen bandera Maria Jesus Lorenzok egiten du.
Bai, lehen urtean deitu zidaten nik egiteko, baina uztaila bukaera zen, eta ni oporretara nindoan segituan. Orduan, ezezkoa eman nien, eta esan zidaten urte horretan ez banuen egiten, hurrengoetan ere ez nuela egingo. Hala ere, ezezkoa eman nuen. Damutu izan naiz, baina bueno.
Arraunzalea zara?
Bai, aitarengandik datorkit zaletasuna. San Juanen aldekoa naiz, baina ez dakit zergatik. Gustatuko litzaidake bandera Donostian geratzea, aspaldi ez baitu irabazi. Zaila dago bi horietakoren batek irabaztea, baina Gipuzkoan geratuko balitz ere pozik geratuko nintzakete.