Katalina Eleizegiko bizilagunak etxetik gauzak ateratzen. (Argazkia: Kattalin Miner)
Puioko luiziak kaltetutako auzotarrek bizilagunen eta udalaren babesa eskertu dute
Katalina Eleizegi kaleko 21. zenbakian bizi diren 12 familia etxetik atera arazi dituzte luizi batek etxeari eragindako kalteengatik.
Aurreko ostegunean, Puio mendian izan zen lerradura, eta eraikinaren atzeko aldeari eragin zion, hormigoizko pareta mugitu zuelarik. Larunbatean, arratsaldeko 15:00ak aldera, udal gobernuak, udal zuzendari eta teknikarien gomendioz, familiak etxetik ateratzeko erabakia hartu zuen, arreta neurri gisa.
Bizilagunek, egun hauetan, etxetik gauzak ateratzen jarraitzen dute udaltzaingoaren laguntzaz. Oraingoz, denak Pagolan daude, horrelako kasuetarako egokitutako etxebizitzetan. Rafa Gonzalez bizilagunak Irutxuloko Hitzari esan dionez, «erraztasun guztiak jarri dizkigute aldaketarako, etxebizitza berriak egunean bertan genituen».
Larunbatean bertan bertaratu ziren Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaran, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsoro eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaran. Vicente Goñi bizilagunak eskertu zuen bertaratze hori, eta «ondo informatuta» daudela esan zuen; «besteak beste, etxea behera erortzeko arriskurik ez dagoela esan digute», adierazi zuen.
Hiru edo lau hilabete
Ricardo Burutaranek neurria behin-behinekoa zela berretsi zuen, eta bizilagunek dakitena hiru edo lau hilabeteko kontua dela da. Hala ere, atzo Gonzalezek onartu zuen «gauza hauek badakigu nolakoak diren, azkenean, hiru edo lau hilabete izango badira, zorteko gaude!».
Puio auzoko Babes Ofizialeko Etxebizitzako kaltetu guztiak, hau da, hamabi familiak, orain Pagolan daude batera. Gonzalezek bizilagunen arteko babesa azpimarratu zuen, batik bat gauzak mugitzen laguntzerakoan, autoak eta furgonetak elkarri uzterako orduan, edo baita ere, inguruko etxeetako bizilagunek trastelekuak utzi dizkietela aipatu zuen.
Pagolan etxeak banatzerako momentuan nahasmenen bat edo beste izan bazen ere, orokorrean denak pozik daude neurriaren azkartasunarekin. Bestetik Goñi bizilagunak azpimarratu du, gau horretan bertan oheak eta mahai zein aulkiak bazituztela, eta orain beharrezko altzariak eskatzeko aukera dutela.
«Ez da lehenengo aldia»
Etxea duela hamaika urte eraiki zutenetik pitzadurak izan direla esan zuen Gonzalezek; askotan konpondu izan dituztela. Beheko solairura –kaltetuta dagoenera– sartzera gonbitea egin zuen, «ikusi, hau orain dela sei hilabete konpondu zen eta begira nola askatu den» esanez. «Pitzadurak aspalditik zeuden, baina ez genekien hain larria zenik edo izan zitekeenik», esan zuen Goñik. Haien etxebizitzetan ia pitzadurarik ez dagoela berretsi zuten biek, arazoa, mendiak beheko solairuari bultza egiten diola dela, «edo hori da behintzat guk dakiguna», esan zuen Gonzalezek.
Hala ere, bizilagunak ez daude harrituta neurriarekin, batzuek «lasaitua» ere hartu dutela esan zuen Goñik. Zeren nahiz eta behin-behineko neurri moduan utzi beharko dituzten etxeak, badakite «ez da lehenengo aldia inguruko etxeetan ere pasa izan dira horrelakoak, eta sei hilabete ere pasa dituzte etxetik kanpo».
Atzo bildu ziren tekniko, arkitekto zein bere garaian Puio mendia ikertu zutenak, eta berehalakoan espero dute lur lerradura geldiaraztea. Bitartean, bizilagunek arratsaldeko 20:00etan zuten batzar informatiboa.