Kutxa Kultur Lanak moda disenatzaileen lana erakutsiko du ostirala eta igandea bitartean
San Telmo Museoko klaustroa eta eliza modaren tenplu bihurtuko dira asteburu honetan, ostiraletik igandera bitartean.
Kutxa Kultur Lanak moda diseinatzaile gazteak elkartuko ditu bertan, hiru eguneko jardunaldian. Guztira 80 egile aurkeztu dira hirugarren ekitaldi honetan. Horietatik 18 sortzailek izango dute showroom edo erakustaldiak egiteko aukera; eta beste 16 diseinatzailek desfileak egingo dituzte. Elizan 25 metroko pasarela ikusgarria izango dute euren arropa eta sorkuntzak erakusteko.
Ianire Soraluze, Maia Apaolaza, Iraia Oiartzabal, Nerea Lurgain, Elena Silvestre, Le Titare, Numero 9, Eneko Aranbarri… Asko eta asko dira moda lehiaketan parte hartuko duten marka donostiarrak. Igandean izango da sari banaketa. Lehen irabazleak, bilduma onenaren saria eskuratzen duenak 3.000 euroko saria lortuko du. Bigarren saria Getariako Balentziaga museoan desfile bat egiteko aukera lortzea izango da.
2010ean jaio zen ekimena, Kutxa Kultur Moda izenarekin. Diseinatzaile gazteen lana kalera ateratzeko eta haien moda jendeari erakusteko helburuarekin jaio zen. Orain, pauso bat gehiago ematea izango da erronka. Sortzaileak industriara gerturatzea; eta zirkuitu profesionalean murgiltzea. Moda diseinatzaileen pasioa lanbide bihurtzeko bidea erraztea izango da helburua.
Errege Katolikoen kalean egin dute aurreko bi ekitaldietan. Aurten, ordea, espazio San Telmo Museora eramatea lortu dute. Espazio”serioago” eta “duinago” bat, antolatzaileen ustez. Gainera, museoan lehen ere moda desfileak egin ohi zirela azaldu dute; eta beraz, Kutxa Kultur Lana moda berriz ere San Telmora itzultzeko bidea izan da.
Moda blogariak
Moda munduan blogariak ere protagonista bihurtu dira. Orain arte moda diseinatzaileek agintzen zuten modan. Haiek ezartzen zituzten joera berriak . Blogen bidez, ordea, hainbat pertsona erreferente bihurtu dira moda munduan, eta 2.0 fenomeno honek bere lekua lortu du pasarela eta showroometan. Kutxa Kultur Lana lehiaketan ere izango dira. San Telmo Museoan egoteko aukera izango dute, sare sozialen bidez jardunaldien berri zuzenean eman ahal izateko. Hainbat moda blogari donostiarrek parte hartuko dute.
Muxugorri,
Lady Rebel,
Es cuestion de estilo,
Keep the Secret,
Marimorena eta
Atimaya, besteak beste.