Bi milatik gora herritarrek pairatu zituzten uholdeak
Iazko azaroaren 5 eta 6ko asteburuan Donostian izandako euri jasen ondorioz, ehun lagun etxetik atera zituzten. Hiriko suhiltzaileek berrogei esku hartze egin zituzten 24 orduan.
Duela urtebete, 2011ko azaroaren 5 eta 6ko asteburuan, euri jasek urez bete zituzten hiriko hainbat txoko. Halakoetan gertatu ohi bezala, denboraleak Urumea ibaiaren parean dauden auzoengan izan zuen eragin handiena; Loiolan, Txomin Enean eta Martutenen.
Txomin Eneako Antzieta pasealekua eta Martuteneko Pilar auzunea izan ziren txikizio handienak jasan zituztenak, baina beste hainbat lekutan ere izan ziren kalteak: Mundaiz eta Añorga aldean, esaterako, putzu handiak sortu ziren; Igeldon, Ulian eta 27 industrialdean, berriz, luiziak izan ziren.
Bi egun eskasetan metro koadroko 308 litro zenbatu zituzten Añarbeko urtegian. Datu ikaragarria,batez beste, azaroa osoan 243 litro izaten direla kontutan izanik. Datuek, beraz, txiki utzi zuten batez besteko kopurua, baita azken 41 urteetan bildutako markak gainditu ere. Urumeak erdietsi zuen kotarik handiena 5,8 metroko garaiera izan zen.
Uholdeek 2.400 pertsonengan izan zuten eragina Donostian, eta haietako ehun lagun etxetik atera zituzten. Beste hamabost pertsonek gaua eman zuten Gizarte Larrialdiak udal zerbitzuak utzitako premietarako pisuetan, eta hogei donostiar gehiagok Jose Antonio Gasca kiroldegian lo egin zuten.
Hiriko suhiltzaileek berrogei esku hartze gauzatu zituzten 24 orduan, eta Udaltzaingoa Donostiako berrehun aldetara baino gehiagotara joan zen 40 orduko epean. Gurutze Gorriak eta borondatezko pertsona askok lan egin zuten egun haietan.
Juan Karlos Izagirre alkatea Martutenen bertan izan zen bizilagunekin egoteko eta kalteak bertatik bertara ikusteko. Iazkoa 1983. urteko uholdeen parekoa izan zela aitortu zuen. Zenbait herritar iritzi berekoak ziren. «1983. urteko uholdeak ez ziren hainbestekoak izan, oraingoa izugarria izan da. Ura pixkanaka igotzen hasi da, etxe guztia bete arte», adierazi zuen Txomin Eneako bizilagun Jose Manuel Rodriguezek. Auzo bereko Ainara Iparragirrek, berriz, 2009. urteko uholdeekin egin zuen alderaketa: «Azken uholdeak 2009. urtekoak izan ziren, baina errepideraino iritsi ziren, etxera sartu gabe», ekarri zuen gogora.
Okerragoa izan zitekeen
Uholdeek kalte handiak eragin zituzten, baina okerragoa izan zitekeen, Añarbeko Urak erakundeak ezbeharretik egun gutxira emandako datuen arabera. Hain zuzen ere, Añarbeko presa egoteak eta urtegiaren ardura duen erakundeak egindako kudeaketak Añarbeko ibaira eta, ondorioz, Urumea ibaira ia 9.000.000 metro kubiko ur isurtzea saihestu zuten, beti ere Añarbek argitaratutako txostenaren arabera.
Uholdearen garrantziari buruzko lehen kalkuluen arabera, eta erabilitako kalkulu-irizpideak kontutan hartuta, iazko azaroa hasieran gertatutakoa berrogeita hamar eta ehun urte arteko birgertatze-aldiko uholdea izan zela esan zuten.
Añarbeko Urak erakundearen goi saneamendu sarea bi sistematan banatzen da: Kostako sistema eta Urumea ibaiaren sistema. Uholdeak kalte nabarmenak eragin zizkion bigarrenari. Hondakin urak ponpatzeko 25 estazioetatik 14tan garrantzi desberdineko kalteak izan ziren.
Donostiari dagokionez, Txomin eta Kuarteletako estazioek kalte partzialak izan zituzten; Pilar auzoa, Lorategi Hiria, Sarroeta, Apostolutza eta 27 poligonoko egiturek, berriz, erabateko kalteak pairatu zituzten kaxa elektrikoetan.